Poliki. Euskarazko bi adierak hartzen ditu Leonard Cohenen (Montreal, 1934) disko berriari hasiera ematen dion Slow lehen kantuak. Eta gauzak argi uzten ditu hasiera-hasieratik: «Ez da zahar naizelako. Beti gustatu izan zait poliki. Melodia atzeratzen ari naiz; ez zait gustatu inoiz azkar». 80 urte bete ditu gaur ahots sarkor eta sentsualeko poeta, musikari eta kantari kanadarrak. Etzi plazaratuko du mundu guztian Popular Problems lan berria (Columbia/Sony), bere ibilbideko estudioko hamahirugarrena. Ez da ez zahar dagoelako, musikarekin gauzak esaten segitu nahi duelako, poliki, dotore, betiko gaiei ez ezik berriei ere ohiko sentiberatasunez kantatuz, baina ñabardura berriak gehituz, ortodoxiari izkin eginez.
Ezustekoa izan zen zale gehienentzat Old Ideas (2012) aurrekoa kaleratu eta bi urtera beste lan bat prestatzen ari zela jakitea. Uztailean eman zuen albistea, eta, aurreratu bezala, bere urtebetetzearekin batera munduratuko da ia-ia. 1967an Songs of Leonard Cohen kaleratu zuenetik asko dosifikatu izan ditu bere argitalpenak eta agerpenak Cohenek —estudioko lau disko baino ez azken bi hamarkadetan—, baina 2008an agertokietara itzultzea deliberatu zuenetik —hamabost urtez kanpo egon ondoren— ez du ia atsedenik hartu, nahiz eta berari gauzakslow egitea gustatzen zaiola esan. Orduko hartan diru arazoengatik itzuli zen zuzeneko emanaldietara, Kelly Lynch manager ohiak «lapurtutako» dirua berreskuratzeko asmoz. Hala aitortu zuen artistak berak: «Urtebetean gutxi gorabehera berreskuratu ahal izan nuen nire ondasun txikia, baina kontzertuak ematen jarraitu nuen». Duela bost urte, 2009ko irailaren 17an, Bilboko BEC aretoan aritu zen. Gainerako kontzertu guztiak bezala, ia hiru orduko emanaldia izan zen. Sasoiko, abegikor eta energiaz aritu zen.
Eta ez du galdu energia horinonbait. Alkoholarekin eta depresioekin hainbat arazo izan ondoren, zen filosofiari heldu eta bizitzari beste modu batez aurre egin behar ziola deliberatu zuenetik, ez dio erreparatzen horrenbeste bide amaiari, uneari berari baizik. «70ak pasata neuzkala, eta etxerako buelta prestatzen ari nintzela, konturatu nintzen ez dudala denborarik galtzeko».
«Ez daukat erretiroa hartzeko asmorik». Esan eta egin. Old Ideas diskoa ekoizten eta hainbat kantu sortzen lagun izan zuen Patrick Leonard berarekin ondu du lan berria. Lankidetza egoki eta erosoa topatu du, besteak beste Madonna, Elton John, Pink Floyd eta Rod Stewartekin lan egin duen konpositore, pianista eta ekoizlearekin, diskoak dituen bederatzi kantuetatik zazpi harekin batera sinatu baititu.
Blues, folk, gospel...
Diskoa entzungai dago Interneten duela astebete ingurutik. Bederatzi kantu eta 36 minutu; nahikoak mundu cohendarrean murgiltzeko, garratz eta gozoaren arteko, samur eta ironiaren arteko, esaldi kolpekatzaile eta autokritikoen arteko baltsean kulunkan dantzatzeko.
Lehen kantutik antzematen da bluesaren lengoaiak duen pisua. Blues biluztu bat da Slow, geldotasunaren gorazarrea, hasieratik erritmo jakin bat hartzen duena, eta, beste askotan egin izan duenez, bi ahots femeninoren koroz eztanda egiten duena. Kasu honetan ez dira izan bere lankide ohiko Sharon Robinson edota Jennifer Warnes, Charlean Carmon eta Dana Glover baizik.
Almost Like The Blues-ek pianoaren laguntza nagusiaz giro krepuskularra agertzen du, sutan dauden hiriak, bortxaketak, haur eriak, gerrak... izendatzen ditu; distantziatik erabat gaixotu eta hondaturiko gizarte bat narratzen du; «bihotza izotz dadin» uzten du «ustelkeriak» harrapa ez dezan. Kantatu baino gehiago errezitatu egiten du, spoken word-etik rapetik baino gertuago dagoen hizkuntzan. Ez du joera berria, baina adinean aurrera egin ahala areagotzen ari den ezaugarria da. Egia da, ordea, bankuko fakturak irakurtzen ere grazia ez lukeela galduko Cohenek.
Ahots geroz eta zartatuago horrek Tom Waitsen jitea hartzen du inoiz baino gehiago Samson In New Orleans-en, Katrina urakanaren ondorioez, eta marjinalitateaz eta erlijioaz gogoeta egiten duen piezan. Organo kexati bat eta biolin lerro fin bat bidaide. Badira pare bat kantu, emanaldi zaharragoetan ere kantatu dituenak eta Old Ideas lanetik kanpo geratu zirenak. A Street-en jakarik ederrena bezain ondo geratzen zaion rola hartzen du, desenkantua bizi duen poetarena, Cohen estereotipatua, eta «festa amaitu zaigu» errezitatzen du, berriro emakumezko ahotsak gailendu aurretik. Adiskidetasun eta traizio istorio bat da, eta 2006an estreinatu zuen. Born in Chains gospel tankerakoa 2010ean ezagutarazi zuen zuzenean. Gabon kanten usaina du, eta erbestealdia, ihesa eta historia ditu gaitzat.
«Noizbait maite izan al zaitut, noizbait behar izan al zaitut?» galdetzen du Did I Ever Love You-n, bere gai eternalari, maitasunari eta haren ezinari helduz, Bruce Springsteen gogora ekarriz, eta blues tankeran hasita country-folk arinerako bidea eginez. My Oh My da diskoko kanturik indartsuenetako bat, pasarte batzuetan soul pieza geldo bat, haize instrumentu eta koro eder eta zabalez girotua.
Nevermind-ek 80ko hamarkadan hainbeste erabili eta bere kantuen ezaugarri nagusietako bat bihurturiko sintetizadoreak berreskuratzen ditu; First We Take Manhattan-i zeharkako begirada botatzen dio, eta beste behin ere gerra, erlijio eta historia erreferentziak darabiltza. Eta dena errezitatua izan ez dadin, ahotsa pittin bat altxatu eta kantu melodiko ederrez —biolina eta koroak berriro ere— agurtzen du diskoa You Got Me Singing piezarekin.
Kantuz darama bizitza
Kantuz agurtzen du diskoa, arazo ohikoei edo popular-ei, kantu bidezko soluzioak edo, hobe esanik, konponbideak emanez, ez baitago erabateko soluziorik, bideak baino ez.
Eta kantuz egin nahi du bidea, kantuz eraman nahi du bizitza Leonard Cohenek, orain artean egin duen moduan, edo areago, aktibitate handiagoz azken urteotan erakutsi duenez. Lehen albisteek ez zekarten zuzeneko emanaldien inguruko inolako berririk, baina zabaltzen hasi da diskoa zuzenean aurkezteko bira burutan dabilkiela Cohenek...
Nork dio zahar?
Bere buruari eta zaleei oparia egin die Leonard Cohenek 80 urte bete berritan; 'Popular Problems' diskoa plazaratu du, bluesaren lengoaia eta errezitatzetik gertuko kantaera batzen dituen lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu