Prototipo orokorra eta norbanako zehatza; guda zelaia da beti gorputza.Izan ere, izaki soziala da gizakia, eta ezinbestekoa zaio etengabe identitateak sortzen ibiltzea. Ez da oreka errazeko dema zerbaiten parte sentitu eta, era berean, bakan izan beharra.Horregatik eraiki behar dira nortasunak, eta prozesu hori aztertu nahi du Zizur Nagusian (Nafarroa) egingo den Común a identidad arte eszenikoen zikloak. Identitatearen inguruko bina ikuskizun eskainiko dituzte gaur eta maiatzaren 18an. Carmen Larraz eta Maitane Azpiroz sortzaile nafarrak izango dira gaur kultur etxean, 22:00etan, eta Azpiroz eta Nadine O'garrahurrengo saioan.
Gorputzaren memoria lantzen du Carmen Larraz dantzari nafarrak ikuskizunean. 50 bat minutuko pieza da berez, A la manera de recuerdo súbito izenekoa, baina gaurko emanaldirako laburtu egin du. «Solo bat izanik, beti dago irekita, eta beti ari da moldatzen». Abiapuntua bera da beti: «Bizipen guztiek blaitu egiten dute gorputza, eta hala sortzen dute haren geografia». Dantzaren bidez erakusten du prozesu hori Larrazek, eta baita bideoaren laguntzaz ere. Milton Duarte aritu da lan horretan. Edizio digitala baztertuta, fisikotasuna hautatu du berak ere. Gorputza. «Carmenen [Larraz] pieza janztea da nire bidearen funtzioa nagusiki. Ikuspuntu plastiko batez osatu eta laguntzea. Hori bai, emakumearen anatomia dago guztiaren oinarrian». Gorputza iragan, sentsazio eta emozioekin elkarrizketan.
Zirkua, dantza eta bideo sorkuntza nahasten ditu Maitane Azpirozek Codex lanean. Mugimendua da nagusi, baina esaldi bat ere proiektatzen da agertokiaren atzeko horman une batez. Esaldi bakarra baino ez, baina obraren funtsa azal dezakeena: Bizipoza barra kode baten ikuspegi estuan galtzen da. Izan ere, hori da haren ikuskizunaren ardatza: gizarteak eskaintzen dituen moldeen eta gizabanakoaren benetakotasuna mantentzeko nahiaren arteko tentsioa. Bere ibilbide profesionalean hartutako baliabide guztiak erabiltzen ditu horretarako. Ezeri muzinik egin gabe: trapezioa eta dantza, esaterako.
Hizkuntza askatasuna
Hizkuntza nahasketa da zikloaren beste ardatz bat. Horrek batzen ditu ikuskizun guztiak. Emanaldietariko ezeinetan ez da diziplina bakar bat lantzen. Nahastu egiten dituzte hizkuntza guztiak, baina denak norabide berean lantzeko. Jendearekiko komunikazioa da helburua. «Nire ustez, ez du hainbesteko garrantzirik komunikazioa bideratzeko erabiltzen duzun moduak. Komunikazioa bera da gakoa. Nik, behintzat, bide horiek oso nahasita sentitzen ditut », azaldu du Azpirozek. Askatasuna aldarrikatzen du. «Niri, nahi dudana egitea gustatzen zait, eta agertokian askatasun hori izateak heldutasuna ematen die lanei». Badu pisurik diziplina artekotasunak maiatzaren 18an eskainiko duen Bajo la falda (Gonapean) izeneko emanaldian ere. Nortasun sexuala da ikuskizunaren ardatza.
Dantza, bideo sorkuntza, eskalada eta antzerkia uztartzen ditu Nadine O'garra sortzailearen Amor en tiempos de Ikea izeneko emanaldiak (Maitasuna Ikearen garaian). Zirku ikuskizun multimedia bat dela dio berak. Umore mikatzaz eta bakarrizketa intimoaz ere baliatzen da, gainera, jendeari XXI. mendeko emakume independente baten ikuspegia helarazteko. Jostari bezain zorrotz.
Zizur Nagusiko institutuarekin lanketa berezia egingo dute sortzaileek saio guztietan.
Nortasunaren gorputz adarrak
Nortasuna ardatz duen arte eszenikoen ziklo bat hasiko dute gaur Zizur Nagusian, ikuskizun bikoitzarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu