Noten mugetatik aske abestea

Marie Hirigoienek Kanterrin azaldu du kantatzeko era berezi bat izan dela Ipar Euskal Herrian XX. mendean, eredu estandarra baino askeagoa, eta baloratu beharrekoa.

Marie Hirigoien, XX. mendeko euskal kantua Iparraldean izeneko hitzaldian, atzo, Kanterri jardunaldietan, Oiartzunen. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Andoni Imaz.
Oiartzun
2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Gyorgy Ligetiren Lux aeterna entzuten da aretoan. Ez da lan erraza hamasei abeslariren kantuaz osaturiko masa berezi horri antzematea, ariketa sinple horren konplexutasunaz jabetzea. Ahotsekin egindako lan hori tonuaz hitz egiteko baliatuko du Marie Hirigoien musikologoak; izan ere, musikaren kontzeptuak aztertuz, ondorioztatu du euskal kantuak, bereziki Ipar Euskal Herrikoak, badituela berezitasun batzuk kontuan izateko modukoak. Atzo azaldu zituen horiek, Kanterri ikastaroen azken egunean, Oiartzunen (Gipuzkoa), XX. mendeko euskal kantua Iparraldean: aurkezpena, entzuketa, azterketa musikala eta berezitasunak izeneko saioan —Jon Urzelai aritu zen haren aurretik, eta Ana Arsuaga Verde Prato ondoren—.

Tenperamentua da Hirigoienek azaldu dituen kontzeptuetako bat; garrantzitsuena, abiapuntua ulertzeko: horrela esaten zaio noten arteko aldea finkatzen duen sistemari. Gaur egun, tenperamentu berdina delakoa da nagusi: zortzi notak —dotik dora—hamabi tonuerdi berdinetan banatzen dituen sistema. Musikologoak azaldu duenez, beti izan dira tenperamentuen inguruko eztabaidak, badirelako akustikoki doiagoak diren beste egitura batzuk. Dena den, tenperamentu hori dute egun instrumentu gehienek —eskusoinua, pianoa—, nahiz eta badiren bestelakoak ere, «erresistentzian sartu direnak» —txirula, gaita—.

Esan izan da euskal musikak tonu laurdenari jarraitzen diola: hamabi zati berdin horien erdiei. Baina Hirigoienek zalantzan ipini ditu adituek euskal musikaz idatzi izan dutenean haren ezaugarriez esan izan dituzten gauza batzuk —gaiari buruzko doktorego tesia egin zuen 2012an—.

Charles Bordesez hitz egin du, esaterako, haren lana azterketa askoren abiapuntua izan delako. Hark pneumetan erregistratu zituen euskal kantak —egungo sistema ezarri baino lehen musika idazteko erabiltzen zen sisteman—, eta, horren bidez, Erdi Aroko musikarekin lotu zituen, gregorianoarekin. Hirigoienek ez du garbi ikusten: «Sistema horretan idazteak ez du esan nahi estetikarekin lotua dagoenik».

Gainera, kontatu du euskal abestiak partituretan idazten zituztenek nota batzuk aldatzen zituztela maiz, kantatutakoa sistema estandar horretan sarrarazteko. «Horrek alimaleko mina egin zion euskal kantuari, ematen baitu haiena zela jakitatea. Gaur egun, badakigu abeslariak ez zirela tronpatzen: beste sistema bat erabiltzen zuten». Norberaren pertzepzioak badu eragina, Lux aeterna-ren entzunaldiak erakusten duen moduan: «Ezagutzen duguna bakarrik entzuten dugu».

Hirigoienek bata bestearen atzetik katigatu ditu XX. mendeko euskal musika aztertu zuten ikertzaileen proposamenak eta garai horietako grabazioak. Mende hasierako grabazioek interes handiagoa zuten hizkuntzan: 1900eko Parisko erakusketa unibertsalaren garaikoek, Hubert Pernotenek... Gero, etnomusikologiaren bidetik, soinu eta irudi ugari jaso zituzten, 1947an.

Hitz egin du Resurrecion Maria Azkueren Cancionero popular vasco kantutegiaz ere. Haren testuek harremana zuten Bordesen lanarekin, nahiz eta Azkue gehiago tematu zen euskal musika mundu zaharrarekin lotzen, «herri zaharraren» iruditeria osatzeko asmoz, Hirigoienen esanetan.

Mende erditik aurrera, ohitura batzuk aldatu egin ziren: tresnez lagundutako kantua gailendu zitzaion ahots hutsezkoari, eta musikak beste funtzio batzuk hartu zituen gizartean. «Lehengo norbanakoaren kantua, biziarekin lotua zena, ostatuetakoa, desagertu egin zen emeki. Irratiak isilarazi zuen kantua», esan du hizlariak, Pierre Narbaitz apezak garai hartan idatzitakoa laburtzeko.

Aldiro ezberdin

Ipar Euskal Herriko kantuaren berezitasuna ulertzeko, adibide bat ipini du Hirigoienek, soinuzkoa eta irudizkoa: Goizean goizik abestiaren hiru estrofaren partiturak, bata bestearen gainean, grabazio batean ahotsak egiten dituen soinu uhinak irudikatuz. Abeslariak hiru aldiz kantatzen du gauza bertsua, baina aldiro desberdin; lehen nota eta azkena toki berean daude, baina tartekoa ñabarduraz beteta ageri da. Ondorio hau atera du hortik: «Euskal kantuan, herri musika askotan, badugu askatasun bat. Eskalan, badira nota inportante batzuk, baina kantariak, ikusirik zer intentzio eman nahi duen, aldatzen ahal du; badu leku handi bat, non ibiltzen ahal den».

Sistema bat estandar bihurtzeak eta gizartean erabat zabaltzeak berarekin dakar jendearen pertzepzioa ere molde horretara egokitzea, azaldu duenez: «Pertzepzioa biziki normalizatua dugu: zer den zuzen, zer den faltsu». Izan ere, a cappella entzunez gero, edonork goza lezake kantaera horiekin, baina ohiko musika tresnekin elkartuta, emaitza oso bestelakoa da. «Emeki-emeki, jotzeko eta kantatzeko beste manerak hiltzen ditugu, eta ez gara konturatzen zer askatasun eta berezitasun galtzen dugun».

Izan ere, bizitza osoan sistema batekin ohitu eta gero, zaila da beste modu batera kantatzen ikastea —Hirigoien irakasle dabil, eta saiatzen da mundu zabalago bat transmititzen, kontatu duenez—. Uste du pausoz pauso egin behar dela bidea: lehenbizi, jakin badela beste modu bat, lurralde batean errotua egon dena; ondoren, aberastasun hori baloratu. «Hitzaldi batean, ikasle batek esan zidan beti pentsatu izan zuela bere aitatxik gaizki kantatzen zuela. Denborarekin konturatu zen ezetz, hark beste modu bat erabiltzen zuela, berak dagoeneko galdua zuena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.