Argazkilaritza subjektiboaz Otto Steinertek, 1958an, Alemanian antolatutako hiru erakusketetako batean, euskal argazkilari baten lan bat izan zen. Santiago Laespada bilbotarraren (1907-1992) obraren berri Afal taldeak hamar urte lehenago —1948an— argitara emandako katalogoaren bidez izan zuen Steinertek. Munduaren punta batetik zein bestetik jasotako 10.000tik gora lanen artean aukeratu zuen, beste batzuekin batera. Laespada en el lazo ezizenarekin izenpeturiko obra horrek Ramon Esparza komisarioaren arreta piztu zuen, duela urte batzuk. Zenbait ikerketaren ondoren deskubritu zuen Santiago Laespadarena zela. Eta orduan ekin zion argazkilari bilbotarraren lanak berreskuratzeari. Erakusketa batean bildu zituen. Eta Bilbon aurkeztu ostean, Gernikako (Bizkaia) Euskal Herria museoan erakutsiko ditu orain.
1940-1960. urteen artean eginikoak dira. Esparzak argazki orijinal gutxi aurkitu zituen. Negatiboak topatu zituen, batik bat. Baina horiek ez errebelatzea erabaki zuen, pauso hori ematea artistaren lanean sartzea zelakoan. Negatiboak positibo bihurtzean uzten baitu artistak bere marka. Hala, negatiboekin batera, argazki orijinalen kopia digitalak jaso ditu Esparzak erakusketan, obra piktorizistak, formalistak eta dokumentalak guztiak ere.
Negatibo zein argazkietan argiro ikus daiteke zein izan ziren Laespadaren lehen kezka artistikoak: kontrargiak. Hiriko, herriko zein mendiko paisaietan landu zituen, inspirazio erromantiko-erlijiosoan oin hartuz. Durangaldeko eliza batean eginiko argazkian leihotik sartzen diren izpiek argitzen dute iluntasunean belauniko otoitz egiten den haur bat.
Alabaina, hiriko kontrargiek bestelako efektua dute; zinematografikoagoak dira. Euriak blaitutako errepidean eguzkiak sortzen duen islak, tranbiaren errailek markaturiko lerro eta oinezkoen itzal trinkoekin batera, argi-ilunekin eta kontrasteekin jolasteko aukera zabala eskaintzen dute.
Bilboko San Anton elizaren parean, Erribera kalean zuen etxeko begiratokitik egin zituen argazki horietako asko. Hiriko bizimoduaren bestelako ikuspegia lantzeko talaia aparta izan Laespadarentzat. Handik egin zituen Esparzak formalismoaren barruan kokatu dituen argazkietako asko.
Esparzak katalogoan dioenez, «ikuspuntu finko bat baliaturik, munduaren behatzaile bihurturiko sortzailearen figura nahiko zabaldu zen garai hartako ekoizpen artistikoan. Urte batzuk geroago, Eugene Smithek argazki ugari egin zituen New Yorken zuen lantegiko leihotik. Ahaztu gabe Alfred Hitchcocken Rear Window filmeko argumentuaren muina ere hori dela».
Fikzioak sortu, argazki bihurtu
Errepikapenarekin ere jolastu zen Laespada. Eta estilo dokumentaleko argazki serieak sortu zituen. Zaletasunak argazki bilakatu zituen, halaber. Kamera aldean zuela joan ohi zen mendira. Eta txirrindularitza ere gustuko zuela jakina da, haren lanei erreparatuz gero.
Txirrindularien bildumak balio artistiko handia du, Esparzak dioenez. «Fabricated to be photographed Herbehereetako joerari hogei urtez aurreratu zitzaion. Errealitateak gehiagorako ematen ez zuela iritzita, fikzioak sortu zituen, horiekin argazkiak egiteko gero».
Bere semeetako baten panpina txirrindulariak gezurrezko mendi eta pankarta batzuen aurrean paratu zituen, lasterketa bat korritzen ariko balira bezala. Argazki segida bat egin zuen, mugimendu efektua sorraraziz, bidenabar. Panpinazko cowboy eta indigenekin, orobat, beste sail bat osatu zuen.
Laespadak izan zuen harremana bere garaiko argazkilariekin. Almeriako (Espainia) Afal taldeko kide izan zen, haiekin aurrez aurre inoiz bildu ez bazen ere. Gutun bitartez izan zuten harremana, eta postaz partekatu zituzten argazkilaritzari buruzko iritziak eta bizipenak.
Apirilaren 7ra arte izango dira Laespadaren obrak, Gernikan.
Objektibo subjektiboaren bidea
Santiago Laespadaren argazki piktorizisten eta formalisten erakusketa zabaldu dute Gernikako Euskal Herria museoan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu