«Munduko gauzarik zailena behin bakarrik bizitzea da». Ezpata bat halako esaldi zorrotzaren distirak zabaltzen du Ocean Vuongen eleberri berria, The Emperor of Gladness (Loriako enperadorea). Egilearen bigarrena da, oihartzun handia lortu zuen On Earth We’re Briefly Gorgeous (2019) estreinakoaren ostetik datorrena, eta irrikaz itxaron da horregatik Vuongen kontakizun berria, eta laudorio artean jaso. Aste gutxi behar izan dituzte kritikariek liburuan antzemandako «heldutasun itzela», «irismen epikoa», «hunkitzeko gaitasun ezin sakonagoa» goratzeko, eta literatura garaikideko puntako egiletzat berretsi dute Vuong, berrikuntza formalerako dohainak dituena eta hauskortasuna eta itxaropena estu lotzen dakiena.
2009ko iraila da, eta jatorri vietnamdarreko Haik 19 urte ditu. Etxekoen ezkutuan, unibertsitate ikasketak alboratu ditu, eta Ekialdeko Loria izeneko herrixka itzaltsu batera lekualdatu da. Zubi baten hegian aurkituko du irakurleak narrazioaren hasieran, jauzi egin ez egin zalantzan, harik eta liburuko beste pertsonaia nagusietako bat sartuko den arte jokoan: Grazina, Lituanian jaiotako 82 urteko andre alargun bat, iraganeko mamuek bizi dutena. Pisukide bihurtuko dira, eta Hai, besteak beste, Pepper sarjentua ere bilakatuko da Grazinaren irudimenean soilik gertatzen den gerra batean. Iraganeko gerrak baitira, hain justu, bi pertsonaiak lotzen dituen harietako bat. Droga da bestea, bakoitzak bereari dion mendekotasuna.
Haien jiran agertuko direnen artean da, bestalde, Grazinaren seme diruduna, zeinak lehenbailehen zaharren egoitza batean sartu nahi lukeen ama. Haik janari lasterreko jatetxe batean topatuko du lana bitartean, eta han sartu-irtenean dabiltzanek ere biziagotuko dute nobela. Prekaritateak eta zuritasunik ezak baldintzatuta daude denak, baina elkar aitortuko dute, elkar babestuko, eta bere lekua birkonfiguratzeko era bat ere izango da inguru berri hori Hairentzat. Hala deskribatzen du narratzaileak: «Enplegatu bihurtu zen, eta, beraz, betiereko orainaldi baten jabe egin, zeina soilik bere lanaldiaren erregistro txartelak erregistratzen zuen existentzia funtzionalak aitortzen baitzuen. Ez zeukan historiarik, ez zitzaiolako halakorik exijitzen, eta historiarik ez izateak, halaber, tristurarik ez izatea esan nahi zuen».
Alexandra Jacobs kritikariaren esanetan (The New York Times), «tarteka oinazea ukitzen duen heldutasun itzela» da The Emperor of Gladness-en orrialdeei —laurehundik gora— dariena. «Biziraupen soilenari eta maiz bazter uzten diren biztanleei modu sakonean arreta jartzen dien liburu bat da; Hai egon daiteke Kurt Vonneguten Slaughterhouse-Five edo Dostoievskiren Karamazov anaiak irakurtzen, baina bera Fast Food Nation-en bizi da», nabarmendu du.
Dostoievskiren eran, XXI. mendean
Hain justu, The Emperor of Gladness Dostoievski, Tolstoi, Bronte eta gisako XIX. mendeko nobelagile handietan sakon inspiratutako eleberri bat dela aitortu du Vuongek. Haren esanetan, «gizartea alderik alde» erretratatu nahi zuten eleberriak izan ziren haienak, eta hainbesteko anbizioa gaizki ikusitako zerbait da egun. Estimatuagoak dira esperantzari tarte gutxi uzten dioten liburuak, Vuongen ustetan. Alde horretatik, bere lan berriak «formatu zaharkitu bat» duela aipatu du, 2009an girotuta dagoen arren, Obamaren presidentetzaren garai gorenean. Vuong: «Bete gabeko promesa ugariren garaia izan zen hura. Atzeraldi handi batean sartu ginen, eta gustatzen zitzaidan dikotomia hori. Nobela sozial handiaren proiektua bazter utzita zegoela sentitzen nuenez, horri berriz heldu nahi izan nion, eta harekin zer egin nezakeen ikusi».
Maitasunarekin batera, oinazea da lan berriko gai handietako bat, eta ez da berria hori Vuongen obran. Bi urterekin heldu zen idazlea AEBetara, amarekin eta amonarekin —urtebete Filipinetako errefuxiatu gune batean igaro ostean—, eta arraza dela, langile-jatorria dela, homosexualitatea dela, egiturazko biolentziek sortutako errealitateez idatzi du hasieratik. Etorkinekin etsaitasunez jarduten duen herrialde batez ari da maiz, jatorriaren esanahiez, desiraz, unean uneko gertakariez harago, orainaldiari ezinbestean forma ematen dion iragan urrunaz. «Nik ez dut traumaren inguruan idazten», argitu izan du. «Nik indarkeriaren inguruan idazten dut; traumaz hitz egiten denean abusatzailea ahazten baita, indarkeriaren orkestrazioa».
Poesian ere hasieratik nabarmendu da Vuong, eta haren poema bat da, hain justu, gaur-gaurkoz euskaraz irakur daitekeen haren testu bakarra, Ane Garcia Lopezek itzulia
Idazlearen egitekoa, bide batez, orkestrazio hori behatzea eta zentzu bat bilatzea da, Vuongentzat. «Luzatutako indarkeria batean bizi gara beti, eta liburu batek aukera ematen dizu hor sartzeko eta historiaren presentzia sentitzeko. Hori oso garrantzitsua iruditzen zait. Historiak beti jarraitzen digu mamu baten gisan. Berdin gertatzen da arbasoekin, zeinak beti ditugun inguruan».
Plazaratu dituen bi nobelez aparte, poesian ere hasieratik nabarmendu da Vuong. 2016an argitaratu zuen Night Sky With Exit Wounds poema bildumari esker sari entzutetsuak irabazi zituen —Forward Prize saria AEBetan eta T.S. Eliot saria Ingalaterran, besteak beste—, eta minbiziz zendutako amari eskainitako Time Is a Mother poema bilduma ere argitaratu zuen 2022an. Haren poema bat da, hain justu, gaur-gaurkoz euskaraz irakur daitekeen Vuongen testu bakarra; Ane Garcia Lopezek itzuli zuen Munduko Poesia Kaierak bildumaren hamargarren urteurrenean kaleratutako Biziei ere omen liburuxkarako. Telemako du izena poemak, eta pertsonaia klasikoaren ahotsa darabil poetak. «Bonbek jandako/ katedrala zuhaitzek egiten baitute katedral/ orain. Haren ondoan belauniko erakutsi diot/ zenbateraino joan naitekeen hondora. Ba al dakizu nor naizen,/ Ba? Baina ez dago erantzunik».