Larunbateko 11.000 lagunen parte hartzearekin (11.722), guztira 25.406 lagun joan ziren Gasteizko Mendizabala eremura joan den asteburuan, Last Tour Internationalen arabera. Diru laguntzen murrizketagatik eta taldeekin negoziazioetan izandako arazoengatik, beheranzko joera hartu du Azkenak aspaldian. Hala ere, itxura mantendu du hamabigarren aldian ere. Kontzertuek eta jaialdiko giroak, oro har, azterketa gainditu dute; hala ere, komeniko litzateke neurriak hartzea. Azken bi urteotan 15.000 ikusle galdu ditu jaialdiak. Aurten, egun bat gutxiago izateaz gain, hirugarren agertokirik ez da egon. Azkenako jarraitzaileek adeitasuna irabazi dute urteotan erakutsitako fideltasunagatik, eta erakundeek ere horretaz konturatu beharko lukete.
Bezperako azterketa sentipena alboratuta, lagunartekoa izan zen larunbateko giroa, eta, musikaz gainera, festa izan zen protagonista hasieratik. Arratsaldean bertan, zaleak kontzertuez gozatzen ikus zitezkeen. Garagardo katxiak eskuz esku zebiltzan, eta jende ugari zegoen berdeguneetan etzanda, bezperakoari itzulia eman ezinda. Alde zaharrean ere nabaritu zen jaialdiaren eragina.
Heaven's Basement, Troubled Horse eta Los Zigarros taldeek arratsaldea girotu zuten, 19:00ak bueltan JJ Grey & Mofro hasi artean. Ordurako milaka batzuk bildu ziren Kevin Ayers agertokian. Rocka eta bluesa uztartuz, taldekideen arteko konplizitatea jendearengana ere igaro zen; amaiera aldera, taldekideen aurkezpenean, teknika erakustaldia eskaini zuten guztiek.
Uncle Acid & The Acid Deadbeats taldeak, berriz, Black Sabbathen eragin nabarmeneko doinuak aurkeztu zituen. Azkena Rock jaildiaren espirituari fidel, hainbat rock motaz gozatu ahal izan zen jaialdian. Los Enemigos taldeak agertoki handiko kontzertu sorta inauguratu zuenondoren.
Gov't Mulek eskarmentu handiko rocka eskaini zuen; zale zorrotzenak bete zituen, baina hasieratik haien eskaintzarekin konektatzea lortu ez zutenek ez zituzten hainbeste gozatu. Warres Haynes zein gainontzeko taldekideen teknika zalantzarik gabekoa da, baina jam amaiezinek bat baino gehiago aspertu zuten. Azkena Rockeko oholtza zapaltzen zuten hirugarren aldia izateak ez zuen asko lagundu, gainera.
The Gaslight Anthemek larunbateko talde nagusia izatearen zamari eusteko gai dela erakutsi zuen. Dotore aritu zen boskotea —zuzeneko emanaldietan Ian Perkins gitarra jotzailearen laguntza dute—, eta Gov't Muleren ostean ikusleek beharrezkoa zuten pizgarria izan ziren. Trantsizio fase batean daude New Jerseykoak: aretoak txiki geratu zaizkie, baina zelaiak betetzeko oraindik berdeegi daudela uste dute askok. Horrelakoetan egin ohi den moduan, agertokian erantzun zuen taldeak. Atzean Led Zeppelinen Rock and Roll abestia entzuten zela taularatu zen boskotea, Handwritten abestiarekin kontzertuari hasiera emateko. Iaz publikaturiko Handwritten lana izan zen ikuskizunaren bizkarrezurra —jo zituzten abestien erdiak, zortzi, disko horretakoak dira—, tartean, 1930 eta The '59 Sound klasikoak uztartu zituzten, besteak beste; The Ramonesen Bonzo Goes to Bitburg-ekin ere txalo ugari jaso zuen taldeak. Brian Fallon berbati agertu zen hasieratik, jendea animatuz (bezperako The Black Crowesi buruzko kontzertuari buruz galdetu zuen, She Talks to Angels-en lehenbiziko doinuak joz). The Whoren Baba O'Riley abestiarekin ordu eta erdi inguruko emanaldia borobildu zuen The Gaslight Anthemek, Fallonek berak bateria astintzen zuela.
Ikusle kopuruak nabarmen behera egin arren, Walking Papers eta Rocket from the Crypt taldeekin festak aurrera jarraitu zuen. Lehenbizikoak hirukote gisa aurkeztu ziren, Duff MacKaganek ezin izan baitzuen Gasteizera etorri; ongi defendatu ziren, hala ere. Rocket from the Crypt taldeak, ostera, sentsazio gazi- gozoak utzi zituen. Musikalki ikuskizun ona eskaini arren, Speedo abeslariaren bakarrizketek bat baino gehiago haserretu zuten. Azken urteetako azken kontzertu jendetsuena izanik, batek baino gehiagok karpara ihes egin zuen hori bukatu aurretik.
Oharrak kontuan izaten hasteko unea
Itxura duina eman du Gasteizko Azkena Rock jaialdiak, askok uste zutenaren aurka. Krisiaren ondorioak nabarituta ere, guztira 25.000 lagunetik gora batu dira bi egunean Mendizabalako eremuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu