Ohiko bidetik atera direnak

Fermin Etxegoien, Inaxio Esnaola, Antton Iturbe eta Andoni Tolosak urteko disko gogokoenak hautatu dituzte BERRIArentzatMursegoren 'Hiru' diskoa aukeratu dute hiruk, eta Neighborren lehen lana bik

gorka erostarbe leunda
2014ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Herrian, eta euskaraz, ez da ohikoena Maite Arroitajauregi Mursego-k eta Neighborrek —Maite Larburu eta Josh Cheatham— sortzen duten musika. Ohiko rock eta pop estrukturatik, edo kantugile klasikoen bidetik ateratzen da haien proposamena. Baina iazko disko gustukoenez galdetu lau adituri, eta horietako hiruk aukeratu dute Hiru Mursegoren hirugarren lan heterodoxo eta ezin pertsonalagoa, eta bik Larburu-Cheatham bikotearen estreinakoa: Ura patrikan.

FERMIN ETXEGOIEN Kazetaria

Euskal Herrikoak

• Zea Mays. 'Da'

Zazpigarren diskoa, arrakastaren ondorengo lehena, Zea Mays-en biribilena. Kantuak eta estiloa, berdinduta. Bizitza eustea da dioen esalditik haratagoko hitzak, bizitza aurre egitea delako, gainditzea, eta zer hoberik, rock kantu sendo bat baino, norbera abian jartzeko. Da diskoa, edo gehiengo batengana nola ailegatu, jatortasuna galdu gabe.

• Neighbor. 'Ura patrikan'

Maite Larburu, ate handitik sartu zaigun Ura patrikan diskoaren bitartez, kantari eta biolinista. Klasikotik dator, antzinako musika irakasten du Amsterdan hirian. Herri kantagintza modernoan aritzeko Neighbor bikotea sortu du, Josh Cheatham auzolagunarekin. Askotariko saudadeak biltzen dituen diskoa; baita kantu erabateko bat ere, Nonzare.

• Mursego. 'Hiru'

Maite Arroitajauregi, edo mundo arraro honek artista dohatsu bati eragiten dizkion begirada itxuraz estrabikoak, nahiz, ondorioz, ezin zuzenagoak, barne begirada umoretsua barne, Eusnob hit post-euskaldunaren bitartez. Kunbia boreala, tango finlandiarra, Nietzsche, Zaldibar Zanzibar, Ortega y Gasset zortziko baten atari...

Nazioartekoak

• Savages. 'Silence yourself'

After-punk organikoaren berpizkundea Londresen, eme-harrotasun-amorratuaz.

• Laura Mvula. 'Green Garden'

Maila goreneko ikasgeletan, Birminghamen mamitutako pop, jazz eta soul kantuak, afrikanismoz onduak.

INAXIO ESNAOLA Kazetaria

Euskal Herrikoak

• Kaskezur. 'Ilgora'

Eskuz egina iritsi da azken unean. Dagoeneko ez dira Niko Etxarten hurbilekoak; Primavera Sound jaialdira joan izanak eman du bere fruitua. Rocka eta popa, zein alderantziz. Indie gisara ere definitu dituzte, baina erraza da hori egun. Nafarroako laukoa aldatu da, baina berdin segitzen du. Besteak beste, Zerutik Lurrera abestia altxor bat dela seinalatu du baten batek, eta arrazoi osoa du.

• Napoka Iria. 'Arnasten ikasteko berriz'

Fokoak jarrita ere, ilunpean segitzen dute. Telebistak ez du nabarmendu bikote onen sekretua. Beraien abestietan topa daiteke hori. Ander Mujikaren hatz sentiberek, Miren Narbaizaren ahotsak eta ikus-entzuleen arnasketek betetzen dute hutsunea. Mursegok baino isiltasun handiagoa lortzen dute kontzertuetan, nahiz eta orain eusnob gehiago erakarri. Lagunak izan aurrez dira musikari apartak, eta, berez, pertsona onak.

• Norman. 'Perkins'

Behar baino gehiago atzeratu da Eibar eta Ondarroa bitarteko bandaren bigarren diskoaren argitalpena. Binilo formatuan aurkeztu dute, kartoizko estalki errespetagarrian. Orratza martxan jarri orduko galtzen da errespetua. Rocka, eskizofrenia, psikodelia, eromena, zinema beltza ... Dantzarako gomendagarria izan arren, ez da komeni dantzan jartzea. Danbaka lehiaketan baztertu izanaren damua ez da desagertuko.

Nazioartekoak

• Omnium Gatherum. 'Beyond'

Finlandiatik dator aberastasuna. Metal gordinaz harago doan bidaia interesgarria.

• Queens Of The Stone Age. '... Like Clockwork'

Ondo baliatu du denboraren balantza Josh Homme musikariak. Estimatua.

• Mayer Hawthorne. 'Where Does This Door Go'

Hondarribiko Psilocybenea aretoan ezagutu genuen gaztearen jauzi komertziala.

ANTTON ITURBE Musika kritikaria

Euskal Herrikoak

• Mursego. 'Hiru'

Eusnob belaunaldi oso batentzako hit-a, Cumbia villera-ren dantza sentsualerako gonbit errefusaezina, Savana-ren misterio lainotsua, Retaguardia-ko punk eletroniko zaratatsua...

Umoretsu, zorrotz eta ausart, Mursegoren jakin-min amaigabeak aurten Euskal Herrian egindako disko aberatsena eta ederrena eskaini digu, zalantzarik gabe. Are gehiago, Euskal Herriko mugak zabaldu eta urteeetan atzera eginda ere nekez aurkitzen ditut Hiru-ren parekoak. Hemendik eternitatera... Klasiko bat.

• Saioa. 'Natura'

«Itsaso sakon zabal gazi honek malkoz beteta dirudi, gure negarragatik ote da hain gazi… olatuz olatu poliki poliki hondarra askatu zama jetsi»… Era honetako hitzak idatzi eta Will Oldham gogorarazten duen ahots hauskor eta hunkigarriaz abesteko gai den emakumezko honek bihotza betirako lapurtu dit. Asmo eta baliabide apaleko disko erraldoia da hau, entzunaldi bakoitzen hazten den horietakoa.

Saioak euskal kantautoreen artean ohorezko leku bat merezi du, lan honengatik besterik ez bada. Baina holakoetan esan eta espero den bezala… The best is yet to come

• Gora Japon. 'LG:SS 1606-2013'

2007 inguruan Azkoitiko Matadeixen emandako kontzertu batean aho bete hortz utzi nindutenetik bikote honenganako ezkutatu ezineko zaletasuna izan dut. Askatasun osoz inprobisatuz rocka, funka, punka edo noise-a nahasteko duten freskotasuna ezagutzeko modu bakarra haien zuzeneko emanaldi batera joatea da. Baina ezin baduzue (kontzertu askorik ez dituzte ematen, zoritxarrez), aurten plazaratu duen disko honek zirrara horren dosi polita emango dizue. Azken zazpi urteotan hainbat kontzertutan grabatutako abesti osoak, inprobisazio pasarteak, bertsioak… Denetatik aurkituko duzue-eta bilduma lotsagabe, jostalari eta irudimentsu honetan. Baina kontuz, ez nahastu, hau ez da dibertimendu hutsa. Gora Japonen eromenaren atzoan metodoa dago, eta ikaragarrizko kalitatea ere. Gora Gora Japon!

Nazioartekoak

• Julia Holter. 'Loud City Song'

Ezinezkoa iruditu arren, iazko Ekstasis lana hobetu zitekeen. Juliaren eskuetan dena da posible.

• Matana Roberts. 'Coin coin chapter two: Mississippi moonchile'

Matanaren ahots eta saxo miragarriek afroamerikar musikaren historia guztia dute atzean, eta haren irudimenaren unibertsoa aurrean. Matanak ez dauka mugarik.

• William Onyeabor 'Who is William Onyeabor?'

David Byrneren Luaka Bop diskoetxearen aurkikuntza berri bat. Nigeriar honen bizitzari buruzko kontuak egia edo mitoa diren argi ez badago ere, haren musika bai da egiazkoa, koloretsua, zirraragarria, bizia, dantzagarria eta benetan ederra.

ANDONI TOLOSA 'MORAU' Musikaria eta kritikaria

Euskal Herrikoak

• Angel Unzu & Txuma Murugarren. '14 abesti'

Euskal musikaren kroonerra bilakatzeko urrats sendoak egin ditu Txuma Murugarrenek disko honekin. Eskerrak, euskaraz ere egiten da musika heldua entzule helduentzat. Ongi hartu die tamaina Angel Unzuren melodia sekula ez errazei; orain jazz, orain folk eta orain rock ukitudunei. Eta, une batzuetan, beste diskoetako argi-ilunez betetako pop zaporetik apur bat urruntzen bada ere, Murugarren jaunaren disko bat dela sumatzen da, batik bat, Gaueko zubiak kantutik aurrera. Ez da lan erraza, ez da sinplea, baina noiz izan dira horrelakoak Murugarrenen diskoak? AOR ukitua duela batzuetan, eta zer?

• Mursego. 'Hiru'

Maite Arroitajauregi eibartarraren hirugarrenak berriro ere jartzen digu muturren aurrean euskal musikari batek egun aurkeztu dezakeen mundu oniriko/musikal berezkoenetako bat. Originaltasunak, ordea, ez du zertan balio bat izan, ez badu diskurtso musikal koherente batek eusten. Horixe da, hain zuzen ere, hirugarren honen baliorik nagusia, azkenean lortu baitu Mursegok bere zuzeneko harrigarriak disko baten neurrira/ezaugarrietara ekartzea, eta ez da batere erraza. Bere ibilbideko diskorik borobilena lortu du, eta horretarako, herri musikatik edaten du zuzenean, dela tangoa, dela kunbia, dela habanera... Eta, gutxi balitz, bidean, urteko kanturik ederrenetako bat utzi digu: Eusnob pop harribitxia.

• Neighbor. 'Ura patrikan'

Heldutasun handia dario Maite Larbururen estreinakoari, eta harrigarria da, ez baita oso ohikoa hori euskal musikagintzan. Lasai, gozo, kantatzen duen hegoaldeko emakumezko kantari bat azkenean! Ez, ez du teknikak itotzen haren kantaera. Ahots propioa du, gainera. Jazz, folk eta pop musiketatik edaten du, eta batzuetan (ingelesez kantatutakoetan) jazz estandarretatik hurbil badabil ere, beste une batzuetan ez ditu hain ageriko bideak erabiltzen. Une horietan jotzen du diskoak bere gailurra, intimismo gozoaren eta nostalgiaren uretan igeri egiten du, umorea falta ez duten hitz irudimentsuez lagundurik. Benetan, euskal disko baten aspaldiko hasierarik bikainena du.

Nazioartekoak

• Vieux Farka Toure. 'Mon Pays'

Bosgarren diskoa du maliarrak, eta afrikar ahotsik berezkoenetako bat dela erakusten du orain arteko lanik akustikoenean.

• Boban & Marco Markovic Orchestra.

Serbiarrak dira garai bateko txaranga ijitoen leherketatik biderik sendoena egiten ari direnak. Azken disko honek ongi erakusten du hori.

• Yasmine Hamdan. 'Ya Nass'

Libanoko kantariak disko honekin bertako mugak gainditu ditu, folk anglosaxoi, elektronika eta arabiar ukituko musikak uztartuz. Zapore ugari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.