Ilargi Agirre. Bateria jotzailea

«Oholtzatik kanpokoa are gizonezkoagoa da oholtzako mundua baino»

Oraindik ere urri izanagatik ugaritzen ari den emakumezko bateria jotzaileen leinukoa da. Perlak eta Screaming George and the Hustlers taldeetan ari da, urte luzez gizonezkoena soilik izan den esparru batean.

gorka erostarbe leunda
2014ko azaroaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Betidanik izan zuen argi Ilargi Agirrek (Zarautz, 1989) bateria jo nahi zuela, baina 16 urte ingururekin hasi zen hura ikasten eta jotzen. «Nik uste dut oholtzaren atzeko instrumentua aukeratzeak izaerarekin lotura daukala, nire kasuan. Oso lotsatia naiz, eta izugarri eroso eta seguru sentitzen naiz danborren atzean, erdi ezkutatuta». Nahiz eta pixkanaka emakumezko bateria jotzaile gehiago diren, aitortu du erreferente nagusiak gizonezkoak izan dituela. Gaur egun Perlak eta Screaming George and the Hustlers taldeetan ari da, eta irakasle ere bada Bilboko Amadeus akademian.

Emakumeen eszenaratze musikalean normalizazioaren garaia al dugu?

Bide onean goazela uste dut; egia da gero eta emakumezko musikari gehiago gaudela, baina ez nuke esango egoera normalizatuta dagoenik. Emakumezko musikariak oraindik gutxiengoa gara oholtza gainean. Aurtengo Gaztea maketa lehiaketako finalera bost talde —guztira 21 musikari— iritsi ginen, eta horietatik lau bakarrik ginen emakumeak. Adibide bat baino ez da. Hartu edozein herritako festa, hartu edozein jaialdi: oraindik ere emakume gutxi ikusten dira konparazioan, eta ikusten diren ia gehienak kantariak izaten dira, gainera. Musika eskoletan ikasleen artean neskak eta mutilak berdintsu egoten dira, baina gero plazara, jendaurrera ateratzeko orduan, desoreka bat izaten da, oraindik. Arrazoia aztertzekoa litzateke.

Perlak taldean lautik hiru emakumezkoak zarete; horren kontzientziarekin igotzen zarete agertokira? Hitz egiten duzue zuen artean horretaz, ala ez?

Gu kontziente gara emakumeak garela, eta leku askotatik horregatik ere deitzen gaituztela, neurri handi batean: erakundeetan zerbait antolatzen denean genero berdintasuna nahi dutelako eta ez delako askotan hiru emakumezkoz osatutako talde bat euskaraz kantatzen ikusten. Baina, horretaz gain, gu musikariak gara, eta egiten duguna musikari gisa aintzat hartzea gustatuko litzaiguke, berdin gizon izan edo emakume izan.

Gorputz adierazpideari erreparatzen diozu?

Badakit oholtzara igotzen zaren momentutik irudi bat ematen ari zarela, baina ez ditut kontzienteki eraikitzen nire mugimenduak edo jarrera. Abestiaren barruan sartu, musika sentitu eta instrumentuarekin bat egiten dut; nire burbuilan, ingurukoaz ahaztuta. Izugarria da sentsazio hori.

Oholtzatik kanpora gizonezkoen mundu batean ari zareten irudipena duzue?

Bai, erabat. Oholtzatik kanpokoa are gizonezkoagoa da oholtzako mundua baino. Programatzaileak, musika teknikariak, diskoetxetan dabilen jendea... Oraintxe bertan ez zait emakumezko bat bera ere bururatzen arlo horretan dabilenik. Ez dut inor ezagutzen, behintzat.

Jendeak harridura azaltzen al du zu bateria jotzen ikustean?

Bai, askotan izaten dira bateko edo besteko komentarioak. Gehienak positiboak izaten dira, eta asko eskertzen dira, baina beste zenbaitek nekatu ere egiten dute, egia esan. «Hain argala izateko indartsu jotzen duzu», eta horrelakoak izaten dira tipikoenak. Emakume batek ongi jo ezin izango balu bezala, indarrak baino garrantzi handiagoa baitu teknikak bateria jotzeko garaian. Eta noizean behin gustu txarrekoren bat ere bai. Gizonezko bateria jotzaile batek inoiz entzungo ez dituenak entzuten ditugu guk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.