Literatura

Oier Guillanek 'Elkartasun basatia' aldarrikatu du

Norabanakoaren eta taldearen arteko harremanen tentsioan sortuak dira liburuko poemak, egileak azaldu duenez 

Berria.info
2013ko apirilaren 25a
18:46
Entzun

 

Oier Guillanek Elkartasun basatia aurkeztu du gaur Donostian, “norbakoaren eta taldearen arteko harremanez” mintzo den poema liburua, Susa argitaletxearekin kaleratua. “Liburuko poemak harreman horretan sortzen den tentsioan daude idatziak”, Guillanek azaldu duenez. “Tentsio sortzailea, batzuetan talka dena, besteetan gatazka, baina baita ere maitasun adierazpena, elkartasun basatia”.

Sei ataletan banatuta dago liburua: Esan gabe doa, liburuaren ideiategia aurkezten duen poema batek osatua; Identitatea euliari azaldua, identitateari buruzko gogoetak jasotzen dituen atala, “euskaldunberri zahar baten ikuspegitik”; Jendea izaki, taldeari zuzendutako begirada bat, “jendearen, multzoaren, oldearen berezitasunei erreparatzen diena”; Manikien odola, “norbanakoaren panpinatasunari” buruzkoa; Oinak hotz ditut baina ez nago hilik, bufoiaren estetikara eta ideologiara hurbiltzeko saio bat; eta Sudurrik gabeko pailazoa, “sasi-antzezlana, teatro poetikoa, ahots hautsien koro batek lagundutako bakarrizketa modukoa”.    

Atzoko liburu aurkezpena liburuko lehen poema, Esan gabe doa, errezitatuz hasi zuen Oier Guillanek, lan horretan Asier Sarasola lagun zuela. Liburua jendaurrean aurkezteko, hainbat errezitaldi egingo ditu poetak ondorengo asteetan: maiatzaren 9an Literaktum jaialdiaren barruan; ekainaren 1ean Larrabetzun, Literaturia euskal liburuen azokaren barruan; eta ekainaren 7an Errenterian. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.