“Ehuntzea pinpirinkeria zela uste nuen. Baina jakin-mina piztu zidan, gerora”. Iruten hasi baino lehen nekez pentsatuko zukeen Anni Albers artistak (Berlin, 1899- Orange, Connecticut, AEB, 1994) ehun artearen aitzindaria bihurtuko zela. Bihurgunez jositako oihalak egin zituen forma laukidunak egiteko pentsatuta zeuden ehungailuetan, eta inprimatze teknika berriak ere erabili zituen gerora. 94 urterekin zendu zen eta gutxitan bildu dira hasieratik bukaerara sortu zituen lanak: Josef Albers artista eta argazkilariaren emaztea izanagatik, itzalpean izan da maiz. XX. mendeko artista handien zerrendan dago Anni Albers, ordea, eta elkarrekin gutxitan erakutsi diren sorkuntzak bildu ditu Bilboko Guggenheim museoak Anni Albers: ikusmena ukitu erakusketan. Bihar irekiko ditu ateak erakusketak eta 2018ko urtarrilaren 14ra bitarte izango da ikusgai.
Artearen eta diseinuaren lerro lausoan aritu zen Albers. Weimarreko (Alemania) Bauhaus eskolan ikasi zuen eta han zegoen ehungintza tailerra ere zuzendu zuen, harik eta 1933an nazien alderdiak erakundea itxi zuen arte. Judutarra zen Albers, eta ondasun guztiak galduta eta gerrak behartuta egin zuen AEBetara, senarrarekin. Ipar Carolinan, Black Mountain College eskolan izan ziren lanean biak eta ehungintza arte esperimentalean murgildu zen artista han. Erroetara jotzen zuen, hala ere. Hala nabarmendu du Manuel Cirauqui erakusketaren komisarioak. “Ahoz transmititu diren arte adierazpenetan jarri zuen arreta; errekonozimendurik izan ez dutenengan, alegia. Mexikoko ehungileak eta izenik ez duten andre artista horiek guztiak izan ziren Albersen irakasle nagusiak”. Erakusketan bildutako hainbat oihaletan nabari da tradizio horren lekukotza.
Hiru aretotan banatu dute erakusketa, kronologikoki. Aurrera egin ahala nabari da industria eta teknika berriak uztartu zituela Albersek haren lanean: ehungintza tradizionaletik inprimatze grafikoetara egin zuen jauzi, eta garapen hori erakutsi nahi izan dutela azaldu du komisarioak.