Literatura

Oihane Zuberoa Garmendiak ‘Apurkinak’ aforismo bilduma argitaratu du

Generoaren definizioa zabaltzen saiatu da idazlea, eta leku egin dio jolasari. Poesiatik eta hausnarketatik ere baduten piezak bildu ditu liburuan. Pamielarekin argitaratu du lan berria.

Oihane Zuberoa Garmendia, liburu berria eskuetan duela, Donostian. JON URBE / FOKU
Oihane Zuberoa Garmendia, liburu berria eskuetan duela, Donostian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko maiatzaren 12a
18:06
Entzun 00:00:0000:00:00

«Etxe azpiko farola funditu da: eklipsea espaloian». «Ikasleek galdetu didate ea etorkizuna errealitatearen parte ote den». «Aterkiek euria dotoreago egiten dute». «Galdera filosofikoak poligamoak dira: nahi beste erantzunekin oheratu daitezke». Egunerokoan begiz jotako irudiak, elkarrizketak, ideiak eta gogoetak hartu, eta idatzizko pieza labur, soil, zuzen eta jolasti bihurtu ditu Oihane Zuberoa Garmendiak (Erronkari, Nafarroa, 1993) bere hirugarren liburuan. Apurkinak aforismo bilduman jaso ditu guztiak, eta Pamiela argitaletxearekin plazaratu du lan berria.

Filosofia irakaslea eta BERRIA egunkariko kolaboratzailea da Garmendia, eta bi poema liburu eman ditu orain arte —Bidaia (h)ariketak (Denonartean, 2020; Iruñea Hiria saria) eta Bi aldiz iraun (Balea Zuria, 2023; 35 urtetik beherakoen Lauaxeta saria)—. Aforismoak landu ditu oraingoan, genero ezezagun samar bat, formari lotutako askatasunak eta zailtasunak dituena, Pamielako editore Lander Majueloren hitzetan: «Izan daiteke egunerokoari eta bizitzari neurria hartzeko forma bat, baina gauzak hain zehatz eta labur esan behar izatea izan daiteke harresi edo muga bat ere. Ez da poema bat, ez da haiku bat, ez da atsotitz bat... familia horretako haurrik txikienetakoa da aforismoa». Garmendia ere bat etorri da aforismoak nahiko ezezagunak diren ideiarekin, eta gehitu du aforismoena «mugako generoa» ere badela: «Poesiarekin mugatzen du, eta baita pentsamenduarekin ere». Uste du idatzi dituen piezek bietatik edaten dutela, eta hala, irakurleak, «giro poetiko bat» ez ezik, «hausnarketa giro bat» ere topatuko duela liburuan.

Edonola ere, idazleak iritzi dio bilduman «jolaserako giroa» nabarmentzen dela bereziki. «Umore asko dago, jolas asko dago, eta horretan tematu naiz». Azaldu du Nietzsche, Cioran eta beste «aforista handi batzuk oso kutun» dituela, baina haiek hartutako bide «serioago, tristeago edo sakonagoaren» aldean, jolasaren alde egin duela. «Hizkuntzarekin jolastu naiz, ideiekin, tradizioarekin, paradoxarekin, ahots desberdinekin, neure buruarekin, geure garaiko ajeekin...».

Hautu horrek badu zerikusirik generoaren definizioa zabaltzeko nahiarekin. Izan ere, Euskaltzaindiaren arabera, «arau gisa proposatzen den esapide laburra» da aforismoa, eta erdaretara joz gero definizioak antzekoak direla azaldu du idazleak. «Nolabaiteko pisu arauemaile batekin egiten ziren aforismoak antzina, baina, XX. mendetik aurrera, autoritate batetik egiten zen diagnosi hori lausotu, eta poesia, iradokizuna eta jolasa sartu dira».

«Hizkuntzarekin jolastu naiz, ideiekin, tradizioarekin, paradoxarekin, ahots desberdinekin, neure buruarekin, geure garaiko ajeekin...»OIHANE ZUBEROA GARMENDIAIdazlea

Haren ustez, beraz, «zaharkituta» geratu dira definizio horiek. Esaterako, liburuan aforismoak egon badaudelako baina gauza gehiago ere bai: «Badaude protopoemak edo poemetarako haziak izan daitezkeenak, badaude apunteak, autore kutunen hautuak, elkarrizketak, galdera asko, aforismo beraren bariazioak, irakurleak aukeratzeko aforismoak...». Hortaz, aforismoa baino «zabalagoa, polisemikoagoa» izan zitekeen hitz baten bila hasita egin zuen topo izenburura eraman duenarekin: apurkinak-ekin. Hondakinei esaten zaie apurkin, ogi kondarrei ere bai, eta Erronkarin, baita ume txikiei, egur ezpalei eta zapaburuei ere. «Iruditzen zitzaidan bat zetorrela liburuaren aniztasunarekin».

Izan ere, askotarikoak dira bilduman ageri diren gaiak, objektuak eta tonuak. «Lagin txiki bat» eman du idazleak: «Apurkin hauek eguneroko bizitzan agertu dira, lagunekin hizketan, Whatsappean, liburuetan, irratian, eskolan, supermerkatuetan... Eta orduan, nahasirik agertuko dira farolak, bonbillak, gezurrak, pospolo kutxak, bidaiak, Mercadona, txikleak, hiletak, ChatGPT, igogailuak, harremanak, lokarriak, dutxak, alfabetoko hizkiak, Nietzsche eta halako aforista handiak, gaixotasunak, funda nordikoak, aterkiak, metaforak... Kasik hiztegia hartu, hitz batzuk atera, eta hortik osatu dut nire hiztegi propioa».

Izenburuaren gainean, Andrea Olaitz Gartziak sortu duen ilustrazioa ageri da liburuaren azalean. Kamera bat da, eta irudia ez da ausaz aukeratutakoa. Garmendia: «Iruditzen zait aforistak eta oro har sortzaileak begia kamera izateko entrenatzen duela, eta prest izaten dela egunerokoan gertatzen diren gauzak harrapatzeko. Normalean garrantzirik edo poetikotasunik ez daukaten elementuak harrapatu, eta parentesia irekitzen die».

Irakurtzeko gomendioak

Bilduma askotan, aforismoak bata bestearen atzetik pilatuta argitaratu izan dira. Apurkinak-en ez da hala, eta argitaletxearekin esker oneko agertu da Garmendia horregatik. Izan ere, haren ustez, aforismoak «arnasa hartu behar du, hazi, eta, zapaburuak bezala, denbora eta espazioa behar ditu hazteko». Hala, zenbait gomendio eman ditu haiek irakurtzeko. Lehena: «Irakurri, utzi atseden hartzen, eta, gero, bueltatu. Oso gustuko dut Chantal Maillardek poesiari buruz hitz egiten duenean erabiltzen duen irudi bat. Esaten du txoriek ura edaten dutenean bezala dela: lehenengo, makurtzen dira; mokoan daukatenean gora bidaltzen dute, eta tragatu arte denbora bat pasatu behar da. Eta iruditzen zait apurkinekin berdin dela, bestela igual eztarrian trabatuta geratu daitezkeela edo enpatxua sentitu daitekeela».

Bigarren gomendioa: arkatza eskuan izatea. «Zertarako? Esaldi kutunak azpimarratzeko, apurkinei segida emateko, gustuko ez dena kentzeko edo hobetzeko...».

Eta hirugarren eta azken aholkua, hiruretan «garrantzitsuena», idazlearen hitzetan: «Autoreak esaten duenari kasu gutxi egitea, eta nahi den moduan irakurtzea: dena eserialdi bakarrean, pittaka-pittaka, bakarka, taldeka, ahoz gora, buruz behera... nahi bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.