Sormen lanak

Oihanederrek TopAraba egitasmoaren proiektu irabazleak aurkeztu ditu

'Ogiak hizketan baleki' eta 'Benniz' dira bi proposamenak. Kazetaritza eta arte eszenikoak uztartzen ditu aurrenekoak, eta musika eta ikus-entzunezkoak bigarrenak. Sei hilabete izango dituzte garatzeko; udazkenean aurkeztuko dituzte.

Proiektu irabazleen sortzaileak, gaur goizean, Gasteizen, aurkezpenaren agerraldian. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2021eko maiatzaren 20a
17:16
Entzun

Iraganari eta geroari begiratzeko balio duten bi proiektu, bi sormen lan: Ogiak hizketan baleki eta Benniz. Horiek dira Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital fundazioak abian jarritako TopAraba egitasmoaren barruan hautatu dituzten bi proiektuak. Askotariko diziplinak eta sortzaileak uztartzen dituzten proiektuak dira biak. Lehen aldiz antolatu dute egitasmoa aurten, eta euskarazko sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea izan ditu helburu. 

Egitasmoa, berez, iragan otsailean jarri zen martxan, Oihanederren egin zuten egun osoko topaketa batean. Hamasei lagunek hartu zuten parte, Araban sormenaren bueltan aritzen direnak guztiak ere: goizean, sortzaileen ekarpenak jaso zituzten, eta, arratsaldean, laborategi forma hartu zuen saioan, proiektu jakinen inguruan saretzeko aukera izan zuten. «Gure asmoa zen sortzaileek hausnartzea nola partekatu daitezkeen diziplina ezberdinak eta nola eraiki proiektuak hortik abiatuta», azaldu Iñaki Lazkanok, Oihanederreko arduradunak. 

Bada, ariketa horretatik bost proposamen sortu ziren, baina epaimahaiak bi soilik hautatu ditu. Talde bakoitzak sei hilabeteko epea izango du proiektua garatzeko, eta, horretarako, Vital fundazioak emandako 4.000 eta 3.500 euroko laguntza izango du. Udazkenean, Oihanederren aurkeztuko dituzte proiektuaren emaitzak. 

Kazetaritza «performatikoa»
Mamiak kolektiboa sortu zuten, esaterako, diziplina ezberdinetan aritzen diren sei lagunek: Marina Suarez, Irantzu Lekue, Josune Velez de Mendizabal, Edu Zelaieta, Ander Gronda eta Txema Ramirez de la Piscina. Beren-beregi elkartu ziren Ogiak hizketan baleki proiektua garatzeko, hain zuzen. Diziplina anitzeko proposamena da, ikus-entzunezkoak, kazetaritza, arte eszenikoak, historia eta literatura uztartzen dituena. 

Proposamenak «kazetaritza performatikoa» du oinarri, Ramirez de la Piscinak azaldu duenez. «Ikerketa kazetaritza eta arte eszenikoak zeharkatzen dituen artefakto kultural bat da». Euskal Herrian eta Europan ez da ezaguna jardun hori, adierazi duenez; bai, aldiz, Hego Amerikan: Argentinan eta Kolonbian, batez ere. Handik ekarri dute ideia, bada. «Ikerketa kazetaritzaren bitartez, hor nonbait ahanzturan dagoen gertakari bat errekuperatu, eguneratu eta gaur egungo testuingurura ekartzea: hori izango litzateke jarduteko modua, labur esanda». Eta hori da, hain zuzen, proposamenaren funtsa ere. 

Kasu honetan, Gasteizen historiako zenbait pasadizo berreskuratzea da taldearen xedea: 1836an girotu dute obra, lehen karlistaldian, hiria milaka soldatu atzerritarrek hartu zuten urtean, hain zuzen ere. «1.200-1.500 soldatu ingeles hil ziren Gasteizen urte erdiko epean. Jende askok ez du datu hori ezagutzen hirian, baina egoera ikaragarri gordina eta gogorra bizi izan zen garai haietan». Hortik dator lanaren azpititulua bada: Gasteiz 1835-1836: hiri okupatuaren kronika bat.

Josefa de Mugika izeneko Gasteizko emakume bat da protagonista, eta Josune Velez de Mendizabalek jokatuko du haren rola. «Ez dakigu asko emakumearen inguruan; existitu zela bai, baina ez askoz gehiago. Jose de Elosegi bere senarrari gertatu zitzaionaren ondorioz nola bizi izan zuen garai hura plazaratu nahiko genuke», azaldu du aktoreak. Edu Zelaietak idatzi du gidoia, Ander Gondraren ikerketa historikoaren laguntzarekin. Marina Suarez arduratuko da obra zuzentzeaz, eta Irantzu Lekue izango da arte zuzendaria. BERRIA da antzezlanaren sustatzaileetako bat. Urrian aurkeztuko dute, ondo bidean.   

'Bedroom pop'
Beñat Goitia eta Anne Baskareinen proiektua da, bestalde, Benniz izenekoa. Funtsean, musika eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen kontzertu bat da proposamena. 2020ko urtarrila du abiapuntutzat proiektuak, orduan amaitu baitzen Goitia partaide zen Montauk musika taldearen ibilbidea. Behin betiko inflexio puntua, ordea, konfinamenduak eragin zuen; izan ere, ordura arteko bidea bazterrean utzi eta beste bide bat hartzeko irrika eta beharra sentitu zuen musikariak orduan. «Konfinamenduak zaplazteko galantak eman digu zentzu askotan, baina zaplazteko hori irakurtzen ere jakin behar da, eta ahalegin horretan dator proiektu hau», adierazi du Goitiak.  

Etxean sortutako proiektu bat da, bere ordenagailuarekin, bere kasa eta bere bitartekoekin ondutakoa. «Gero eta gehiago entzuten den Bedroom pop kontzeptuan edo egiteko moduan oinarritzen da proiektu hau;:alegia, etxean sortutako musika horretan». Izan ere, pandemiaren ostean bizimoduetan eta sortzeko moduetan izan diren aldaketek eragin nabarmena izan dute musikariarengan, aitortu duenez. Eta, hain zuzen, egoera horretan eta egiteko modu berrietan topatu du «ilusioa» Goitiak, sorkuntzan «aurrera egiteko irrika». 

Erreferente berriak topatu ditu, musika elektronikoan eta musika urbano-hiritarraren uztarketan ere. Eta berak egin bezala, beste batzuek ere ariketa hori egitea da proiektuaren helburua, hau da, iraganetik «ihes» egin eta doinu eta erreferente berriak plazaratzea. «Iruditzen zait belaunaldi berriekin bazetorrela berritasun ukitu baten beharra, baina pandemia ostean uste dut berritasun hori are gehiago nabarmendu behar dela, gehiago aldarrikatu behar dela», adierazi du Goitiak. Musikaren alorrean eta bereziki Euskal Herrian «ahalegin berezi bat egin behar dela iritzi dio, «nostalgia edo 80ko hamarkadaren benerazio hori bazterrean utzi eta belaunaldi berriei ateak irekitzeko». 

Marko horretatik abiatuta, kantua «bere osotasunean» sortzea da musikariaren xedea. Eta, horretarako, Anne Baskaranen laguntza izango du; hark jarriko baitie abestiei irudia. Bideoklipei begira egindako sormen lan bat da oinarrian, eta hori bera gero zuzenekoetara eramatea da asmoa. Izan ere, Goitiak adierazi duenez, Bedroom pop horrek lotura estua du iruditeriarekin. «Gaur egun, kantu batek ez du esanahi osaturik soilik belarriekin entzuten bada. Kantu hori laguntzen duten bideoek, jantziek, argazkiek, iruditeriak, hau da, estetikak osatzen dute mezuaren esanahia. Beraz, irudia ere musika sortu dugun bide beretik sortzea da asmoa, etxeko ukitu hori ematea guztiari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.