DONOSTIA 2016

Olatu Talka kultur jaialdia maiatzean egingo da

Maiatzaren 11tik 13ra egingo da jaialdia, hirugarren aldiz. Aurten berrikuntza bat dakar: hirigunetik haratago iristeko nahia. Helburua herritarren sormena eta parte hartzearekin eguneroko txokoak kulturaz bustitzea da. 

2012ko urtarrilaren 27a
15:36
Entzun

Kale erdian lagunekin dantzatzea, zinemara edozein ordutan joatea, gauez hiriko kaleetan patinatzea, autobusean antzerki lan bat ikusitea... Horiek izan daitezke maiatzaren 11tik 13ra Donostiako toki ezberdinetan egingo den Olatu Talka kultur jaialdia osatu dezaketen jardueratako batzuk. Zertarako? Jolastu, dibertitu, hiria ezagutu eta kulturak eta eguneroko txokoek bat egin dezaten. 

Olatu Talkaren helburua hiritarren irudimena agerian jartzea da, energia jarioari lekua uztea, kulturak hirian gainezka egin arte, pentsa ditzakegun forma libre eta desberdinenak hartuz. Egitasmo honen hirugarren edizioak, banakako eta taldekako jarduera ugaritan islatuko den energia sozial eta kulturalez beteriko jaialdia izan nahi du.

Aurten berrikuntza bat dakar: Donostia hirigunetik haratago iristeko nahia. Hala egitasmoan parte hartzera dei egin diete antolatzaileek auzoetako eta gipuzkoako gainontzeko lurraldeko herritarrei. Egitaraua osatuko duten jarduerak sakabanatu eta hedatu egingo dira, ekimenak lurraldeko beste tokietara ere irits daitezen, betiere, herritarren parte hartzearen eta inplikazioaren arabera.

2010eko Olatu Talkatik, 2016ko Tsunami jaialdira

Olatu Talka ekimenaren hirugarren edizioa egingo da aurten eta pausu bat gehiago izan nahi du 2010eko Olatu Talkatik, 2016ko Tsunami jaialdira. Donostia hiria joan den ekainean 2016ko Europako Kultur Hiriburu izendatu zuen nazioarteko epaimahaiak

Egitasmoa 2010ean sortu zen, ideia batekin: Herritarren energia olatuak sortzea. Herritarrak sormenaren eta sorpresaren eragile bilakatzea da helburua; ohikoak ez diren gauzak pentsatu eta eginez, eskemak hautsiz eta aurreiritziak ezabatuz. Proiektu hau Donostia Kultur Hiriburu bilakatzeko ekimen garrantzitsua izan da. 

Olatu Talka taldeko lan prozesu baten emaitza da, herritarrak direlako egitasmoa eraikitzen dutenak, gehien gustatzen zaizkien ekintzez hiria apaintzen dutenak. Ekimen honen bitartez, herritarren bizitzaren parte den guztia hiriaren beraren bizitzarentzat ere ezinbesteko egin nahi dute. 

Egitaraua

Bereziki prestaturiko lan talde batek jasoko ditu herritarren proposamenak, eta jaialdi honek izan behar duen izaeraren arabera, proposamenen bideragarritasuna eta koherentzia aztertuko ditu.

Udalak koordinatu eta eskainiko ditu egitaraua ekoizteko eta komunikatzeko beharko diren baliabide eta azpiegiturak. Egitarau anitza eta orekatua izango da, zaleen eta profesionalen parte hartzea izango du, diziplina eta hizkuntza ezberdinak nahastu eta bat egingo ditu eta publiko ezberdinei zuzenduta egongo da, bereziki, behar gehien dituzten taldeei. 

Informazioa proiektuaren webgunean eskegiko dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.