Oleg y las raras artes Andres Duque zuzendari venezuelarrak Oleg Karavaitxuk pianista errusiarrari buruz egindako film dokumentalak jaso du Iruñeko Ikuspuntu jaialdiaren sari nagusia, «artista baten erretratua modu sentikor, koherente eta berritzailean» egiteagatik. Antje Ehmann, Claire Simon, Javier H. Estrada, Luis Ospina eta Maria Bonsantik osatutako epaimahaiak hartu du erabakia, eta, horrenbestez, filmaren arduradunek sariari dagozkion 10.000 euroak jaso dituzte. Atzo iluntzean egin zuten sari banaketa, Baluarten eginiko ekitaldi batean.
Zuzendari onenaren saria—5.000 euro— Jakob Brossman zinemagileak jaso du, Lampedusa in Winter filmagatik (Erresuma Batua). Epaimahaiaren arabera, «segurtasunez, gizatasunez eta asmatuz» eginiko lehen filma da Brossmanena. Film laburrik onena, berriz, Jela Haslerren The Meadow (Suitza) izendatu dute, «egoera politiko zail bat modu soil, zehatz eta dotorean lantzeko gai izan delako». 3.000 euro jasoko ditu zuzendariak.
Epaimahaiak erabaki du aipamen berezi bat egitea Keywan Karimiren Writing on the City filmari (Iran). Karimi preso dago Saudi Arabian, eta Ikuspuntu jaialdiak berak 223 Words kanpaina abiatu du azkeneko asteetan haren alde.
Palmares ofizialetik kanpo ere banatu ditu sariak Ikuspuntu jaialdiak. Hala, Aleksandra Maciuszek poloniarraren Casa Blanca-k bi jaso ditu: Ikusleen Sari Berezia eta Gazteen Saria. Gazteen epaimahaiak, gainera, aipamen berezia egin dio Guido Hendriksen Among Us filmari (Herbehereak).
Azkenik, Marah Al Hassanen Children, Khaldiya Jubawiren Another Kind of Girl eta Walla Al Alawiren Reflects The Moon filmak izan dira Darkness Award sariaren irabazleak. Aurrenekoz eman dituzte sari horiek.
'Oleg y las raras artes' filmak jaso du sari nagusia Ikuspuntu jaialdian
Jakob Brossamenek jaso du zuzendari onenaren saria, 'Lampedusa in Winter'-engatik, eta Jela Haslerren 'The Meadow'-k film labur onenarena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu