Onartuta zegoena, kolokan

Hego Euskal Herrian gaztelerara itzulita ematen dira filmak. Baina sarean indarra hartzen ari dira azpidatzitako jatorrizko bertsioak; euskaraz ere bai. Ikus-entzunezkoak ere badira hizkuntza normaltzeko tresna baliagarria.

Igor Susaeta.
2013ko abenduaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan gaztelerara itzulitako pelikulen bertsioak proiektatzen dituzte oro har. Bilbon eta Gasteizen, esaterako, jada ez dago film guztiak jatorrizko bertsioan eskaintzen dituen aretorik, eta Donostian toki bakar batek eusten dio oraindik. Horiek gaztelerazko azpidatziekin ematen dituzte. «Normaltzat hartzen da gazteleraz ez den film bat espainieraz ikusi beharra; baita herri euskaldunenetan ere», nabarmendu du Urtzi Urrutikoetxea kazetariak. «Onartuta daukagu munduko kulturara hurbiltzeko gaztelera behar dugula. Kate hori apurtu behar dugu euskaldunok, euskara normalizatu nahi badugu ezin baitugu mundua gazteleraz begiratu». Eta, horretarako, euskarazko azpidatziak baliatu behar direlakoan dago. Luis Fernandez kazetariaren esanetan, teknologiak prozesua erraztu du. «Tamainan gurearen antzekoak edo are handixeagoak diren hizkuntzetan —esloveniera, islandiera, portugesa, estoniera, norvegiera...— azpidatzi egiten da», eman du datua Urrutikoetxeak. «Gainera, dirutan hitz eginda,bikoizten den film bakoitzeko 12-15 bat azpidatzdaitezke, gutxienez, profesionalki». Onartuta zegoena, hortaz, kolokan dago.

Horren adibide da orain pare bat aste Zarautzen egin zutena. Nelson Mandela gogorarazteko Catch a Fire filma proiektatu behar zuten. Jatorrizko filma ingelesez da nagusiki, baina baditu pasarte batzuk zulueraz eta afrikaansez ere. Espainierara bikoiztutako bertsioa ziren ematekoak, baina hiruzpalau lagunek pelikulako elkarrizketak euskarara itzuli zituzten, eta, azkenean, euskarazko azpidatziekin ikusi ahal izan zuten aretora bildu zirenek.

Pertsona bakar batek hamar bat ordutan azpidatz dezake film bat, Fernandezen iritziz. «Bosten artean banatuz, demagun, bi ordu behar ditu bakoitzak». Fernandezek berak kudeatzen du www.azpitituluak.com webgunea. Ia 500 pelikula eta telesail daude han ikusgai, euskarazko azpidatziekin. Casablanca, Snatch, Amélie eta Shame eta beste hainbat film ikus daitezke sarean hara joz gero, eta Breaking Bad, Californication eta Lost telesailak, esaterako. Bitxikeria modura, Monsters filma da gehien deskargatua, 179 deskargarekin.

Sarean nahi beste pelikula daude azpidatziekin, Urrutikoetxearen arabera. Jendeak, gainera, modu amateurrean bada ere, jatorrizko bertsioei azpidatziak eransteko ohitura hartu du azkeneko urteotan. «Homeland telesailaren hirugarren denboraldia bukatu zen orain bi igande AEBetan. Bada, hurrengo egunean, jada, sarean zegoen espainieraz azpidatzita», jakinarazi du Urrutikoetxeak. Catch a Fire azpidazten parte hartu zuen, eta bestela ere probak egindakoa da. Duela gutxi, kasurako, Newsroom telesailaren azpidatziak deskargatu zituen, eta ordubetean 20 bat minutu itzuli.

Bikoizketa sektorearekin aurrez aurre topo egin dezake, ordea, azpidatzietarako joerak. Urrutikoetxeari iruditzen zaio bikoizketek lan garrantzitsua egin dutela. «Gainera, jende asko horretatik bizi da. Normala da hori defendatzea». Halere, hau gehitu du: «Ez dago bost milioi hiztun baino gutxiago edukita fikzioa edo zinema bikoizten duen hizkuntzarik». Fernandezen irudiko, bikoizketa garestia da, eta bide murritza du. «Azpidatziak emankorragoak eta merkeagoak dira». Kopuru bat eman du Urrutikoetxeak: «30.000 eta 40.000 euro artean daude bikoizketak. La Vanguardia-n irakurri nuen orain lau bat urte, film bat profesionalki azpidazteak 1.000 eta 2.000 euro arteko kostua daukala».

Uste du ikus-entzunezkoak ez direla luxuzko kontu bat gaur egun. «EAEn egunean lau orduz ikusten da telebista, eta pentsatu nahi dut Euskal Herrian ere antzekoa izango dela datua». Eremu askotan —«auzitegietan, Osakidetzan...»—euskaraz bizitzeko eskubidea eskatzen dela, baina ikus-entzunezkoen arloan hori gertatzea ezinekoa dela onartuta dagoela irizten dio. «Esaten dugu euskara eskolatik atera behar dugula, aisialdian txertatu behar dela... Baina ikus-entzunezkoetan lortzen ez badugu, espainolaren morrontzan segituko dugu».

Apustu bat behar du

Hortaz, apustu bat egin beharko litzatekeelakoan dago. «Bada fenomeno bat laster aztertu beharko dena». Uste berekoa da Fernandez: «Hasi beharko litzateke antolatzen diren ziklo eta emanaldi publikoetatik. Ez zait ondo iruditzen, adibidez, Nosferatu zikloan edota Donostiako Zinemaldian gaztelaniaz bikoiztuta edo soilik espainieraz azpidatzita eskaintzea filmak. Azpitituluak, izatekotan, bi hizkuntzatan; bestela euskara zapaltzen ari zara». Bruselan eta Finlandiako eremu askotan bi azpidatziak bi hizkuntzatan jartzen direla argitu du Urrutikoetxeak. «Beste esperientzia batzuk ere hor daude. Mondragon Unibertsitatearen telebistan, adibidez, pertsona bat ingelesez ari bada, lerro bat euskaraz azpidatzita dago eta bestea gazteleraz; edo alderantziz». Horrela jokatzeak desabantaila bakarra dauka Urrutikoetxearentzat: ohitura falta. Espainiako areto komertzialetako programatzaileek frogatu izan dute pelikula bat jatorrizko bertsioan eta itzulita estreinatuz gero, aldi berean, jende gehiago erakartzen duela itzulitakoak.

Donostia Kulturak hauspotutako programazioetan —Nosferatu zikloa, Giza Eskubideen Zinemaldia, Beldurrezko Astea...— jatorrizko bertsioan eta azpidatziekin ematen dituzte filmak. «Batzuk euskaraz azpidatzita daude, eta beste batzuk gazteleraz. Nosferaturen kasuan, herena izaten da euskaraz», adierazi du Josemi Beltran Donostia Kulturako Zinema Unitateko arduradunak. Ez dituzte, ordea, bi azpidatzi, euskarazkoa eta gaztelerazkoa, jartzen aldi berean. «Uste dugu zerbait galtzen dela, eta ez dakit zein hizkuntzari egiten dion mesede; agian, garrantzia gal lezake euskarak horrela». Teknikoki ere arazoak ekar ditzake, Beltranen iritziz. «Eztabaida handia dago». Etorkizunean, baina, euskarazko azpidatziekin egindako emanaldiak ugalduko direla uste du; horretara jo nahi dute, behintzat. «Oreka da gakoa. Beharbada, egin beharko genuke emanaldi bat euskaraz eta bestea gazteleraz».

Bi azpidatziekin emanda, HegoEuskal Herriko bi hizkuntza ofizialak errespetatzen dira, eta, gainera jatorrizko bertsioan ikus daitezke filmak, Fernandezen aburuz. «Bruselan hala da, Israelen, Estonian...». Baina jendea kexatu egin izan da azpidatzi bakarra edukita ere. «Ados. Bada, ni kexatzen naiz nahi dudalako ikusi euskaraz. Kito». Kexa horiek, dena den, fundamentu gehiegi ez dutela iruditzen zaio Fernandezi: «Pertsonak ez dira azpidatziekin erotzen. Hizkuntza gehiago dakizkite horri esker; ingelesa, behintzat, bai. Azpidatziekin zerbait irakurtzeko arazo psikomentalik ez du inork. Hamabi urte dituztenerako irakurtzeko gai dira haurrak».

Eta, hain zuzen, «belaunaldi bateko kontua» dela uste du Urrutikoetxeak. Ahalegin bat egin behar dela. «Egun zazpi-zortzi urte dituzten umeak hazten baldin badira jatorrizko filmak euskarazko azpidatziekin ikusten, jende hori irabazita daukagu». Zergatik? Etorkizunean jasangaitza egingo zaielako gaztelerazko itzulpena, kazetariaren iritziz. «Herbeheretar bati, esaterako, jasangaitza egiten zaio aktore ezagun bat ikustea berea ez den ahots batekin». Jendeak beste hizkuntza batzuetan natural egiten duena egin nahi du Fernandezek ere Euskal Herrian. Eta Urrutikoetxearentzat ez da kapritxoa. Euskara normalizatzeko modua da; espainieraren morrontzatik ihes egiteko bidea. Ikus-entzunezkoetan onartuta zegoena, ohitura zena, kolokan dago orain, teknologia lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.