Ondare hariaren josketa

Cristobal Balentziagaren ibilbide osoko 80 pieza biltzen ditu 'Moda eta ondarea' erakusketak. Moda sortzailearen lanek utzitako arrastoaz gogoeta egiten du.

Cristobal Balentziagaren ibilbide osoa laburbiltzen du haren izena daraman museoko erakusketak; irudian, jostunaren lau jantzi pieza ageri dira. GORKA RUBIO / FOKU.
gorka erostarbe leunda
Getaria
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Erretiroa hartuko zuela jakinarazi zuen 1968an Cristobal Balentziagak (Getaria, Gipuzkoa, 1895-Alacant, Herrialde Katalanak, 1972). 52 urte egin zituen etenik gabe lanean; urtean 200 sorkuntza berri aurkezten zituen, batez beste. «Txakurrak bezala» bizi izan zela aitortu zuen bere bizitzan emandako elkarrizketa bakarrean (Paris Match, 1968). Adinak eta nekeak azaltzen dute, hortaz, zergatik erabaki zuen uztea. Garai berriak munduratu ziren; aldaketa sozialak, politikoak eta kulturalak: Frantziako Maiatza, Pragako Udaberria, misilen krisia, Vietnamgo gerraren kontrako mugimendua, arrazakeriaren kontrako mugimendua... Gizarte hura Balentziagak aurrez ezagututakoa baino azkarragoa eta berehalakoagoa zen, errebeldeagoa eta borrokalariagoa, eta, prêt-à-porter ereduaren bitartez moda, «demokratikoa» bihurtuta zegoen.

Aurten 50 urte bete dira joskintzako maisuak erretiroa hartu zuenetik, eta, halaber, 2018. urtea Europako Ondarearen urtea da. Efemeridea baliatuz, Getariako Balentziaga museoak (Gipuzkoa) Cristobal Balentziaga, moda eta ondarea erakusketa atondu du, jostunaren mende erditik gorako ibilbidea azaldu, eta hartaz gogoeta egiteko gonbita egiten duen erakusketa, alegia. Atzo estreinatu zuten erakusketa ofizialki, eta 2019ko urtarrilaren 27ra arte izango da ikusteko aukera.

Judith Clarken begiradaz

Modaren eta ondarearen arteko «elkarrizketa irekia» proposatzen du erakusketak, Miren Vives museoko zuzendariaren hitzetan: «1968. urtea hartu dugu mugarri gisara, bi kontzeptuen arteko bidegurutze modura. Bide batek urte horretatik gaur egunera ekartzen gaitu, eta ikusgai jartzen du ondarea sendotzeko bidezidorra, museo gisa izateko dugun arrazoiari estu lotuta dagoena. Beste bidea, 1917an hasi —urte horretan zabaldu zuen Balentziagak lehen atelierra Donostian—, eta aretoak itxi zituen arte doa, Balentziagak izan zuen bilakaera eta eragin zuen iraultza ikusteko».

Modaren eta ondarearen arteko elkarrizketa gauzatzeko museoak nazioarteko espezialista batengana jo zuen, Judith Clark erakusketa sortzaile, komisario eta Londresko London College of Fashion eskolako Museologia irakaslearengana, hain zuzen ere. «Museoko ondarearen ikuspegia kontuan harturik eraiki da erakusketa, betiere kronologia, ulermena eta testuingurua zainduz. Edonola ere, proposamen irekia eta bizia da honako hau; hazten ari da oraindik, eta, etorkizunean, ezagutza geruza berriak gehituko zaizkio», Clarkek atzo azaldu zuenez. Balentziagaren obraren «irakurketa bikoitza» egin nahi du erakusketak. Honela azaldu du komisarioak: «Erakusketak ibilbide diakronikoa egin nahi du, jostunaren obraren bilakaera erakusteko, ondoz ondoko etapetan, eta erreferentziazko erakusketa bilakatu nahi du Balentziagak sortutako ondarea sakon ulertzeko eta ezagutzeko: non du abiaburua, zer ekarpen egin zuen bere garaian eta zer transmititzen digu gaur egun?».

«Museo askotan ez da ohikoa izaten jarrera irekia eta ausarta izatea», Clarken aburuz, eta, horregatik, «oso eskertzekoa» irizten dio Balentziaga museoak elkarrizketa «kritiko eta dialektiko» bat planteatu izanari: «Hau prozesu ireki bat da, working progress moduko bat: bisitari bakoitzak geruza berri bat gehituko dio guk planteatzen dugun irakurketari». Ondarearen haria etenik gabe josiz doala, alegia.

Balentziagaren ibilbide osoko 80 jantzi pieza biltzen ditu erakusketak. Piezen ia erdiak lehen aldiz erakutsiko dituzte, eta haietako lau Parisko Balentziagaren artxiboetatik ekarri dituzte. Kronologiaren arabera, lau garai eta gai-ataletan banatuta antolatu dute erakusketa: hastapenak eta eraginak (1917-1937), bilaketa formala (1937-1951), garapena eta iraultza (1951-1959), eta arazketa eta abstrakzioa (1960-1968).

[youtube]https://youtu.be/BhhYnRi0AL4[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.