Kontserbazioa

Ondarea tirabiran

Altamira atzera publikoari zabaltzeko "esperimentua" abian da, hainbat ikerketatan esan arren itxirik egon behar duela pinturak babesteko.

Otsailaren 27an sartu zen, gidariarekin, bost bisitariko lehen taldea Altamiran. ESTEBAN COBO / EFE
Irune Lasa.
2014ko apirilaren 6a
13:56
Entzun

Esperimentu bat izateko, eragin duen ikusmin eta hedadura mediatikoa ez da ohikoa izan. Hamabi urtez itxirik egon ostean, Altamirako leizea otsailaren 27an zabaldu zen bisitarientzat. Hedabide mordoa joan zen egun hartan Santillana del Marrera (Kantabria). Eta, egun hartako bost bisitarien artean ere, bi ziren kazetariak. "Emozioa", "zirrara", "oilo ipurdia" izan ziren bisitarien hitzak harpetik atera ondoren. "Ezin zara hil bisitatu gabe", esan zuen haietako batek.

Haitzuloa eta hango pinturak bisitarien presentziari aurre egiteko gai diren jakiteko da esperimentua, Altamirako arduradunen arabera. Abuztura bitartean, berrehun bisitari inguru sartuko dira leizean. Astero bost pertsona izango dira, ausazko egun batean Altamirako Museora joaten direnen artean zozketaz hautatutakoak. Jantzi bereziekin, maskara eta guzti, eta gidari bat lagun, 37 minutuko bisita egingo dute. Abuztuaren amaieran, bilera bat egingo dute kobazuloaren ardura duten erakunde guztiek, hurrengo zer egin erabakitzeko.

Zenbaiti harrigarri egingo zaio harpea atzera publikoari zabaltzeko erabakia, oso modu mugatuan irekiko bada ere. Are gehiago, jakinda zientzialari talde batek hainbat urtetako ikerketen ondoren argi eta garbi ondorioztatu zuela kobazuloak publikoari itxita jarraitu behar zuela hango ondare baliotsua arriskuan jarri nahi ez bazen.

2002an itxi zen kobazuloa, zientzialariek ohartarazi zutenean leizeko margolanak kaltetuak zeudela. 2010ean, ordea, harpea atzera publikoari zabaltzeko zorian egon zen hainbat erakundek osatutako Altamirako Patronatua. Miguel Angel Revilla orduko Kantabriako presidenteak ahoan bilorik gabe esan zuen koba zabaltzea nahi zuela, idatzia zuela gutun bat AEBetako presidente Barack Obama leizea bisitatzera gonbidatzeko: «Ingelesez, gainera, ondo uler dezan». Izan ere, Revillarentzat, Altamirako leizea "tresna handia" zen "tamainaz txikia den Kantabria globalizatzeko". Harpea gutxi batzuei zabaltzearekin konformatzen zen Revilla orduan; hori bai, Obama bezalako "kategoriako jendea" zuen gogoan.

Bigarren ikerlari taldea

Orduko hartan, zabaleraren kontra agertu ziren zientzialariei kasu egin zien Patronatuak, eta kobak itxita jarraitu zuen, lehen bezala, soilik ikerlari kopuru oso mugatu baten bisitekin. 2011n, Science aldizkarian euren iritzia berretsi zuten CSIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko zientzialariek. Baina hurrengo urtean, 2012an, Patronatuak beste talde bat osatu zuen, CSICeko ikertzaile batzuk ere tartean zirela, ez soilik ondare haren kontserbazioa aztertzeko, baita publikoa sartu ala ez aztertzeko ere. Eta azterketa horren barruan dago otsailean abiatutako esperimentua.

Juan Manuel Vicent Garcia CSICeko Giza eta Gizarte Zientzien Zentroko ikertzaileari sentimendu asko sorrarazi zizkion otsaileko egun horretan zuriz jantzitako lehen bisitari haiek telebistan ikusteak: "Harridura eragin zidan Altamirako arduradunek reality show formatua hautatu izanak nazioartean halako oihartzuna izan dezakeen egitasmoa abiatzeko. Jakina, reality show -ekin, bati mesfidantza sortzen zaio intentzioei buruz, eta dezepzio txiki bat ere bai, trataera duinagoa behar duten gauzak lantzeko erabiltzen den fribolitateagatik".

"Zientzia edo marketina?", galdetu zuten Vicentek eta haren bi kidek Altamiraren zabalera zela-eta El País -en argitaratutako gutun batean, irekitzearen kontra egunotan argitara atera diren mezu bakarrenetakoan. Han gogoratzen zuten hamabost urteko ikerketa batek emana zuela ondorioa: koba ez zela zabaldu behar.

Bisita esperimentalak aipatzen zaizkionean, Altamira kontserbatzeko fribolizazioaren iturburuan horixe dagoela dio: "Egitasmo hori esperimentu gisa aurkeztu izana". Haren ustez, metodologia ikuspuntutik "falazia bat" da aurkezpen hori, hainbat arrazoirengatik. "Bat azalduko dut: esperientzia direlako horiek urtarriletik abuztura egingo dira, eta, beraz, ez da aintzat hartuko inguruko faktoreek urte osoan duten aldakortasun osoa, eta, argi dago, ezta urte arteko aldakortasuna ere, hori baliatzen bada emaitzak kalibratzeko".

Vicentek gogorarazi du aurreko ikerketa zabalak —koba ixteko beharra agertu zuenak— hamarkada batean bederatziehun bat bisiten datu sailak bildu eta aztertu zituela, eta zalantzan jarri du oraingo ikerketa osatu gabeak ezer berririk ekar dezakeela eta aurreko ikerketa askoz osatuagoa gezurta dezakeela. "Horregatik guztiagatik, zail egiten zait asmo hau egiaz esperimentala dela onartzea, hitzaren zentzu zientifikoan".

Azpimarratu du, hori bai, aurrez aurre dauden bi zientzialari taldeen ideia edo irudi hori ere falazia bat dela. "Auzia ez dira zientzialariak, kasu batean eta bestean gaitasunez lan egiten baitute. Politikariek haiei egiten dizkieten galderak dira auzia, eta horiek erantzun zientifikorik duten".

Juan Manuel Vicenten arabera, aurreko ikerketak, CSICen txostenak, leizearen kontserbazio egoera eta hura zehazten duten dinamikak ebaluatzea zuen helburu. Egun lanean dagoen taldeak bestelako aginduak dituela iruditzen zaio Vicenti, eskatu zaiela ebaluatzeko "pinturen kontserbazioarekin zein bisita erregimen den bateragarria". Eta "ñabardura hori inportantea da".

Izan ere, pentsatzekoa da, Altamirara joan eta txikia bada ere, kobazulora sartu eta hango ondarea bertatik bertara ikusteko aukera izateak jende gehiago erakarriko duela Santillana del Marrera eta Kantabriara, kultur turismoa gorantz doan garaiotan.

Lehen bostekoaren bisitaren ostean, Altamirako museoak, gutxi bada ere, ohi baino bisitari gehiago izan zituen. Martxoan, ordea, ez da askorik nabaritu dei efektu hori, baina aintzat hartu behar da aurten Aste Santua geroago datorrela. Hori bai, Altamirako Museoak azaldu duenez, hirukoiztu egin dira informazioa eskatzeko museora egindako deiak.

"Webgunean bertan azaltzen dute museoa ireki zenetik Altamirak urtero 200.000 bisitaritik gora dituela, eta horrek Espainiako museoen lehen taldean kokatzen du", dio Juan Manuel Vicentek. "Alegia, izan daiteke azken albisteek bisitari kopurua igotzea, baina kopuru hori ona zen bestela ere, horrelako operazioen beharrik gabe".

"Hori horrela bada, galde dezakegu zer saldu nahi den publizitate operazio honekin. Beldur naiz erantzuna ez ote dagoen tokiko, eskualdeko eta herrialdeko interes politikoetan".

Harpea itxita izanik, Altamirako Museoak urtero hainbeste bisitari erakartzen baditu, neokoba deituriko leizearen erreplikari esker da. Baina badirudi batzuentzat erreplika ez dela nahikoa. Altamirako Museoko zuzendari Jose Antonio Lasherasek berak esan zuen otsailaren 27an: "Leize originalak soilik eragiten du zirrara".

Emozionalismoa

Adierazpen horiei gogor erantzun die CSICeko ikertzaileak: "Ulertezina egiten zait neokobaren debaluazio izugarria dakarren estrategia hori". Zientzialariaren ustez, "emozionalismoan eta egiazkotasunean oinarritutako egungo marketin kanpainarekin, hainbat funts publikorekin eraikitako kultur azpiegitura ezin hobea [neokoba] debaluatuta gelditzen da erremediorik gabe".

Galdera bat aurkeztu du Vicentek: "Ondareak zertan du balioa? Emozioen iturri gisa, entretenimendu industriaren produktu bat balitz bezala, edo ezagutza eta esperientzia iturria da?". Vicenten ustez, erantzuna argia da: "Prehistoriako gizateriaren kontzientziarako sarbide izateak eta pinturen edertasuna bera ulertzeak izan behar luke emozioaren sortzaile, eta ez 'ni han egon nintzen, eta argazkia egin nuen' hori. Arduragabekeriaz bultzatzen ari diren egiazkotasunaren mistika horrekin zerikusirik ez du esanahia eta edertasuna ulertzeak".

Emozioak, hala ere, aipagai izan dira egunotan. Eta, horrekin batera, aipagai izan da jende arruntak guztion ondareaz gozatzeko aukera ere. Altamirako zientzia proiektuaren koordinatzaileak, Marian del Egidok, elkarrizketa batean adierazi du oreka zail bat posible egiteko misioa zutela: "Kultur ondarearen kontserbatzaileok kontserbatzeko erantzukizuna daukagu, baina baita gizarteari guztiona den ondareaz gozatzeko gaitasuna ematekoa ere".

Juan Manuel Vicentek dio bere kide ugari bat datozela berekin esatean dilema hori faltsua dela, modu interesatuan aurkeztu dela: "Kontserbatzeko agindua absolutua da, ondarea, beste edozeren gainetik, hurrengo belaunaldiei transmititu behar zaien hori delako. Ondareaz gozatzeko eskubideak ez du zerikusirik hura produktu bat, erakargarri turistiko bat balitz bezala kontsumitzeko eskubidearekin. Etsigarria da ondarearen gozamenaren ikusmolde horren gabezia intelektuala, are gehiago ondarea zaintzeko erantzukizun handia dutenek erakusten dutenean".

CSICeko ikerlariaren ustez, ondarea gozatzeko eskubidea "hartatik atera daitekeen ezagutzarekin lotu behar da, hura ulertzeko aukeratik eta hura babestearen harrotasunetik. Hots, kultur turismoko produktu gisa kontsumitua izateak dakarren ustezko zirrara indibiduala baino askoz gehiagoz hitz egiten ari gara. Kontsumo horrek ondarea osorik transmititzea arriskuan jartzen badu, Del Egido andreak bultzatzen duen gozatzeko gaitasun hori egungo eta etorkizuneko herritarrei egindako ondasun ordezkaezin baten desjabetze bat da, ez gehiago, ez gutxiago".

Izan da, adibidez, bisiten harira zenbait egunkaritako iruzkinetan aipatu duenik ea zientzialariek soilik izan behar duten halako tokietan egoteaz gozatzeko aukera. "Zientzialariak ez doaz Altamira ikustera , han lan egitera baizik. Baldintza normaletan, haren kontserbaziorako edo pinturetatik ezagutza ateratzeko beharrezkoa balitz soilik sartuko lirateke harpera".

Del Egidok gauzak beste modu batera ikusten zituen: "Kontua da sartzeko aukera ez dugula izan soilik zientzialariok. Pertsonek koban duten eragina ahalik eta gehiena txikituko dugu, ikertzaileen denbora minimizatuz. Denbora hori gizarteari ematen diogu".

Arrisku kontrolatua?

Museoko arduradunek arrisku kontrolatuaz hitz egiten dute bisitei buruz aritzean. Vicenten ustez, kontrol hori arazotsua da. "Ikerketa olde berri bakoitzak ordura arte ezezagunak ziren kezka faktoreak agerrarazi ditu. Ziurgabetasuna handia da; hori ez da harritzekoa Altamira bezalako sistema izugarri konplexu batean".

Arriskuaz ari garenez, zer dago arriskuan? "Askotan nabarmendu dena", erantzun du CSICeko ikerlariak: "Altamira ez da gurea; gizateria osoarena da. Hura gorde eta babestearen erantzukizuna da gurea, duen guztia ematen jarraitu ahal dezan, ezagutza eta kultura iturri gisa. Misio hori mehatxa dezakeen edozein arrisku neurrigabeki eskandalagarria da. Horregatik uste dut neokobarik ez balego ere Altamirak itxita jarraitu behar lukeela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.