Kritika-Antzerkia

Ondorio estroboskopikoak

Agus Perez.
2024ko martxoaren 2a
05:10
Entzun

‘Bihar arte soilik’

Ekoizpena: Erre produkzioak. Egilea: David Caiña. Zuzendaritza: Gorka Minguez. Antzezleak: Mikele Arizkorreta, Albar Cirarda, Nerea Elizalde, Lorea Intxausti. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 28.

Bilboko Arriaga antzokian estreinatu da asteazkenean Erre Produkzioak-en Bihar arte soilik antzezlana, hurrengo egunean bere gaztelaniazko bertsioan eman dena.

Gorka Minguez zuzendariaren eskuetatik igarotako lanak (Nola heldu gara honetara?; Fake, begiari tranpa…) beti iruditu zaizkit konformismoaren paradigma, bai alde ideologikotik, bai alde eszenikoetatik. Oraingo honetan, ordea, nor eta Arriaga antzokia laguntzaile izatea nolabaiteko bermetzat hartu dut, eta hara joan naiz, alde batetik bulto egitera, hau da, euskarazko ikusleen kopurua gehitzera, eta bestetik, jakinguraz, ea gazteen arteko kontuak ikuspegi interesgarri batetik tratatuko liratekeen.

Aurrera joan baino lehen, esan dezagun David Caiña izan dela gidoiaren egilea. Wikipedian begiratuta, «Profesor de Guión Multimedia Avanzado» ikusi dut, eta gure datu-basean begiratuta jakin dut Minguezen aipatu ditudan beste lan bien gidoilaria ere izan dela gutxienez.

Konnotazio ideologikoak saihestearren, ez dut esango kapitalismoari saldutako Karibeko irla ezagun bat dela, baina argumentuak Dominikar Errepublikako resort batean kokatzen ditu lau protagonistak, Euskal Herriko supermerkatu kate batean irabazitako sari potolo bati esker haraino bidaiatu dutenak. Orain bai, ez dut esango marka komertzialaren izena, baina emanaldian zehar ikusleak ondo jabetuko dira horretaz, disimulurik gabeko aipamenei esker. Eta baten batek, iji-aja, Vaya semanita-ren mailara ere iristen ez zen gidoilariaren ustezko freskotasunarekin.

Esan bezala, lau gazte dira: bi bikote. Haietariko bat bi neskez osatua, eta bestea, kasualitatez sortua. Hasiera ireki horretatik baliteke lauren artean gauza batzuk gertatzea eta beste batzuk ez, harreman afektibo-sexualei begira, eta emanaldian zehar iruditu zait zuzentasunez tratatzen zela gaia, baina atea zabal-zabalik utzita emakumeen arteko sexualtasunaren morboari.

Gaia zuzentasunez tratatzen zela iruditu zait, zeren eta —eta orain dator alde eszenikoen konturik larriena— ez ditugu esaldi bakoitzetik hitzen erdiak ere ulertu, eta geure kabuz ibili gara etengabeko hutsuneak irudimenarekin osatzen, hain zen kaskarra eta landu gabea lauren deklamazioa. Baina denak dauka bere azalpena, eta oso argigarria egin zaigu jakitea haietariko hiru EITBko gazte produktu ezagun batetik datozela —laugarrena ezta hori ere—, eta mikrofonoekin arituko balira bezala jardun direla, antzoki batean zeudela kontuan hartu gabe. Hori da daukagun panorama, zenbait hamarkadatan telebista publikoak ezarritako ildo akulturatzailearen bidetik.

Eta amaitzeko euskararen inguruko kontu pare bat: zergatik esan behar dute behin eta berriro resaca hitza? Zer gertatzen da, euskal jendeak ez duela inoiz edan eta ez duela aje eta bestondo bezalako hitzak asmatu? Baina onena amaierako utzi dut, esku-programan ohartarazten digutelako emanaldian «efectos estroboscópicos» daudela, eta hona hemen euskarazko ordaina: «Ondorio estroboskopikoak»! Oraindik nago barrez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.