Oñederra izango da lehen irakaslea Koldo Mitxelena katedran, Chicagon

Arantxa Urretabizkaiak eta Eider Rodriguezek parte hartuko dute, besteak beste, inaugurazio ekitaldian

Aizpea Goenaga eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Institutuko kideak, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Etxepare Euskal Institutuak Chicagon (AEB) sortu duen Koldo Mitxelena katedra berriak Ipar Amerikako unibertsitate esparruan euskal ikasketak zabaltzea izango du helburu nagusi. Apirilaren 11n hasiko da euskal hizkuntzalari behinenetako baten izena duen katedra hori. Lourdes Oñederra idazle eta Euskal Herriko Unibertsitateko fonologiako katedraduna izango da katedrako lehen irakaslea. Egitarauaren aurkezpen ekitaldian izango da Oñederra bera, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuarekin, Mari Jose Olaziregi Etxepare Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariarekin, Ignacio Olmos Chicagoko Cervantes Institutuko zuzendariarekin eta Marta Roth Chicagoko Unibertsitateko Humanitate Saileko dekanoarekin batera. Division of Humanities sailean txertatu dute katedra, eta ikasturtero «entzute handiko» euskal irakasleren bat joango da hara, lauhileko batez eskolak ematera.

Egun horretan bertan, Erlea Maneros Zabalaren Museum Series erakusketaren inaugurazioa izango da Reva and David Logan Center deritzon arte gunean. Maneros Zabala artistak (Bilbo, 1977) askotariko teknikak erabiltzen ditu: horma pinturatik hasi, eta marrazkira. 2002an, Arte Ederretan lizentziatu zen California Institute of the Artsen, eta, geroztik, hamaikatxo erakusketa egin ditu. Chicagokoa maiatzaren 13ra bitartean izango da zabalik. Hura inauguratu ondoren, Arantxa Urretabizkaia eta Eider Rodriguez idazleek Krisia eta euskal sorkuntza izeneko hitzaldia emango dute. Etxepare Institutuak honako galdera hauek proposatu dizkie bi idazleei, hitzaldian aletu ditzaten: zein da kultura gutxituen tokia mundu globalean? Zein da euskal sortzailearen begirada errealitate gatazkatsu honen aurrean?Hurrengo egunean, euskal fikzioaz, utopiez eta erronkez ariko dira bi solaskide horiek University of Illinoisen.

Koldo Mitxelena katedraren inaugurazio ofizialaren aurretik, bi egun lehenago, Paddy Woodeorth kazetari irlandarrak Etorkizuna berreskuratzen hitzaldia emango du Chicagoko Cervantes Instititutuan. Woodworth Restoring the Future liburua prestatzen ari da, eta hainbat mugimenduk —ekologismoak, esaterako— gure berehalako etorkizunean duten eraginaren gainean ariko da hitzaldian.

Katedra aurkezteko ekitaldiek beste txanda bat izango dute apirilaren 21ean eta 22an. Helena Tabernaren Yoyes eta La buena nueva eta Asier Altunaren Bertsolari emango dituzte Chicago Latino zinema jaialdian. Emanaldien ostean, egileen beren solasaldia entzun ahal izango da.

Txillida katedra Frankfurten

Koldo Mitxelena katedra ikasturte honetan bertan jarriko dute martxan. Hurrengo ikasturtean abiatuko da, berriz, Eduardo Txillida katedra Frankfurteko Goethe Unibertsitatean, Alemanian. Euskal artearen ingurukoa izango da katedra. Helburua izango da oro har euskal artea eta bereziki Eduardo Txillidaren obra esparru akademikoan ikertzen eta zabaltzen laguntzea.

Katedra horrek Frankfurteko Unibertsitateko Artearen Historiaren Institutuan izango du egoitza, eta Frankfurteko Arteetako Liburutegiak berariazko atal batean bilduko du artistari buruzko bibliografia osoa. Urtero, nazioartean garrantzia duen ikertzaile bat gonbidatuko dute mintegi bat edo hitzaldi ziklo bat eman dezan, aurretiko edo aldi bereko ikerketen emaitza gisa. Gainera, hango fakultateak konpromisoa hartu du lehen bi urteetan nazioarteko «maila handiko» sinposio bat egiteko.

Etxepare Institutua hasi da zehazten aurten udazkenean New Yorken emango duten Bernardo Atxaga katedraren egitaraua ere. Hain zuzen, Joxean Fernandez Euskal Filmategiko zuzendaria izango da irakasle gonbidatua emango diren eskoletan, urritik aurrera. Horrez gain, euskal zinemaren eta zinemagileen programazioa ere erakutsiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.