Musika

Jurgi Ekiza: «Ontsa da gauzak ongi direnean uztea; nahi genuen lekura iritsi gara»

Willis Drummond taldeak azken kontzertua emanen du gaur, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean. Jurgi Ekizak emozioz oroitu du taldeak egin hemeretzi urteko ibilbidea. Azpimarratu du proiektu alternatiboa izan dela, autogestioan eramana.

Jurgi Ekiza
Jurgi Ekiza, Willis Drummond taldeko kantari eta gitarrista. GUILLAUME FAVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2024ko urtarrilaren 5a
05:00
Entzun

Korrika dabil Jurgi Ekiza (Baiona, 1980) azken egunetan. Opor egun batzuk hartu zituen mendian, baina eguna iritsi da jadanik. Antolaketako azken elementuak finkatzen ari da, eta azken aldia du; Willis Drummondek iragarri baitu azken kontzertua duela. Taldeko kantaria eta gitarrista da Ekiza. Eguna iritisi da: gaur gauean izanen da, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean. 20:00etatik 02:00etara bitartean, kontzertuak eta DJak txandakatuko dira: Willis Drummond, Zetkin, DJ Indezent, DJ Elvis Caino eta DJ Zumitrenko. Ekiza ahotsean eta gitarran, Xan Bidegain baxuan, Felix Buff baterian, eta Vincent Bestaven gitarran. Laukoteak azken hatsa emanen dio taldeari, «mementoko gutienez».

Hemeretzi urte pasatu dira Willis Drummondek lehen kontzertua eman zuenetik. Ze pizten dizue horrek?

Bitxi egiten du. Polita da. Ez genuen batere uste hain luze izanen zenik. Beti erraten dugu, txiste gisa, erabaki genuela gure lehen diskoa Anthology deitzea: horrek erakusten zuen igual ez genuela ikusten ibilbide luze batean; nahiz eta lehen diskoa izan, azkena ere izaten ahal zen. Uste dut hastapenetik ohartu garela noiznahi gelditzen ahal zela. Memento berean, beti dena egin dugu iraunarazteko. Beraz, urte hauek pasatu dira... «Konturatu gabe», ez litzateke egia. Pasatu dira egunero erabaki dugulako horretan segitzea. Ez da helburu bat ere izan; ongi joan da, ongi joan delako.

Zerk bultzatu zintuzten taldea osatzera?

Xan Bidegain [taldeko baxu jolea] eta nik elkar ezagutu genuen lizeoan, eta gure lehen taldea sortu genuen. Nerabeak ginen, eta musika egiten genuen. Gure helburua, garai hartan, Negu Gorriak berriak izatea zen [irriz hasi da]. Bazen gogo artistiko bat, eta gogo politiko bat ere bai, nonbait. Proiektuz proiektu ibili, eta, 2003an, etxe bat hartu genuen Makean [Lapurdi], Xanekin eta beste lagun batekin. Aipatzen genuen berdin beste talde bat egitea, eta bitartean ezagutu genuen Pierre Antoine Fort, gure aurreko talde batean saxofoia jotzen zuena. Bateria ere gustatzen zitzaion, eta pentsatu genuen: «Berdin hirurek talde bat egiten ahal dugu, gehiago rock munduan». Horrela hasi zen. Egongelan bertan muntatu genuen materiala, eta, azken finean, etxeak eman zigun aukera gauzak sortzeko eta errepikatzeko.

Hemeretzi urtean 11 disko atera dituzue. Anitz da, ez?

Bai, horregatik ere uste dut pixka bat desagertu behar dugula. Zeren eta, gainera, hemeretzi urte hauetan izan dira kasik bi urte non justuki, duela hamar urte, geldialdi bat egin genuen, jadanik. Itzuleran, 2016an, Tabula rasa egin genuen; ondoko urtean, liburu bat atera genuen, EP batekin; ondokoan, zuzeneko bat; ondokoan, Zugzwang diskoa; 2020a da deus atera ez dugun urte bakarra, Covidaren urtea baitzen, baina zuzenekoa lantzen hasi ginen. 2021ean, zuzenekoa atera genuen, eta 2022an, Hala ere.

Azkenean, zazpi urtez urtero egin dugu zerbait, eta beharbada gehiegi izan da. Memento berean, ez dugu sekula bortxatu geure burua; ateratzen zitzaigun. Berdin ongi etortzen zaigu gelditzea eta gauzak ez egitea automatikoki ateratzen zaizkigulako baizik eta zinez erabakitzen dugulako zerbait lantzea eta pentsatzea.

Aldi oro atzeman duzue zer erran...

Willis Drummonden kasuan, hitzak beti azkenik etortzen dira. Musika sortzaileak gara zinez. Gero, hitzak idazten ditugu. Nik baditut gai anitz landu nahi ditudanak, eta, paraleloki, baditut musika hauek; musikaren estiloak eta aipatu nahi den gaiak bat egin behar dute. Anitzetan, badakigu zinez zeri buruzkoa izanen den diskoa hitzetan sartu aitzin: musika bakoitzaren energiak eragina du hitzetan.

Hala ere diskoarekin, argi genuen soziala izatea nahi genuela. Munduari eta gizarteari buruzko solasaldiek leku handia hartzen zuten gure egunerokoan; beraz, erran genuen: «Hainbesteko garrantzia baldin badu, ongi da gure hurrengo diskoan hori sartzea».

Euskal Herria Zuzenean festibaleko eta Herri Urratseko kantak egin dituzue...

Biziki ongi oroitzen naiz 2013an EHZtik deitu gintuztenekoaz: «Galdegin digute EHZko kanta egitea, eta, gainera, Fermin Muguruzarekin litzateke!». Gu hasi ginen Negu Gorriak bezala aritzeko, ez? Taldeak hamar urte zituen kasik, eta lortu genuen Ferminekin egitea; EHZrentzat, gainera. Gure bizitzako bi helburu ziren, eta bikaina izan zen horien betetzea. Herri Urratsen kasua ere biziki inportantea izan zen.

Beharbada heldutasunarekin eta zahartzearekin ez zaizkizu hain inportanteak iruditzen, geroz eta arinagoak iruditzen zaizkizu. Baina baldin badakizu zure nerabe ametsetara itzultzen, eta musikan hasi zineneko ametsetan pentsatzen, ohartzen zara amets horietatik anitz bete dituzula, eta ez da guti!

Euskal Herritik kanpo ere aritu zarete: Europan, eta Asian, adibidez.

Nik uste dut rock-and-rollaren, musikaren edo talde baten helburua birak egitea zen garaian handitu garela: lekuz leku joatea, hiriz hiri... Paraleloki, badakigu zer den euskararen errealitatea, eta zer den euskaraz kantatzea. Beraz, bagenekien sekula ez zela agertuko munduaren beste puntatik norbait gure etorrarazteko. Guk egin dugu esku hartzea kontzertuak lortzeko. Euskaraz eginez ere bada aukera kanpora joateko, munduan zehar jotzeko. Hori izan da beti gure helburuetako bat; eta aldarrikapen bat, ez? Euskaraz egitea, edonon eta edonoiz.

Zer bilakaera ikusi duzue azken hogei urte hauetan musikaren munduan?

Bilakaera handia izan da gizartean orokorrean; beraz, musikaren munduan ere bai. Iruditzen zait azken urteetan musikari ematen zaion garrantzia aldatu dela: gure belaunaldian zinez fenomeno bat zen, soziologikoki eta politikoki biziki inportantea. Gaur egun, iruditzen zait bideoak hartu duela musikaren lekua. Eta dena profesionalizatu da, baina horrek aseptizazioa ere ekarri du. Iruditzen zait egun gehien handitzen diren taldeak marketina eta enpresagintza menperatzen dutenak direla. Ez dut erran nahi ez dutela talentu artistikorik edo, baina iruditzen zait gaur egun zaila dela handitzea ez baduzu enpresa espiritu hori. Pixka bat mugatuak sentitzen gara horregatik ere. Hasi gara mundu biziki alternatibo batean, eta uste dut beti horretan garela.

Zertan zarete talde alternatiboa?

Autogestioan lan egiten dugulako arrunt, eta ideiak ditugulako amesten dugun munduari buruz; beraz, saiatzen gara ideia horietatik hurbil izaten. Musikalki, ez dugu sekula konpromisorik egin edo erdibiderik hartu norbaiti edo moda bati gustatzeko. Ez gara sekula marka bati lotu. Beti egin dugu atera zaiguna, eta hitzetan ere saiatu gara munduaren gure ikuspuntua azaltzen.

Gaur duzue azken kontzertua. Zer uste duzu sentituko duzuela azken notaren ondotik?

Pasa den astean egin genuen azken entsegua gure lokalean, eta iruditu zitzaigun bitxia zela azken entsegua izatea. Dena da azkena, ez? Azken entsegua, furgoneta materialarekin kargatzen duzun azken aldia... Biziki gogorra da pentsatzea hori ez dela berriz pasatuko. Saiatzen gara pentsatzen normala izanen dela. DJak aurreikusi ditugu gaualdia bukatu arte: gogoa dugu kontzertua bukatzean segidan jendearen erdira joateko eta besteekin besta egiteko; ez egoteko bakarrik kamerinoetan edo gauzak desmuntatzen. Jendearekin ospatu nahi dugu, eta espero dugu besta bat izatea, guretzat ere bai.

Gerora begira, behin betiko bukatu da Willis Drummond?

Ez dakigu. Batzuetan pentsatzen aritzen naiz nola antolatu itzulera, nola ospatu hogei urteak. Horretan gaude, dudan beti. Aukera desberdinak ikusten ditut: izaten ahal da uztea, eta ez berriz itzultzea; izaten ahal da uztea erabaki eta azken kontzertu bat muntatzea, berezia, zinez erranez azken kontzertua dela benetan; edo izaten ahal da itzultzea, sinpleki. Ez dakigu, eta gustatzen zaigu ez jakitea. Orain baldin bageneki jadanik zer izango den segida, ez litzateke pausa bat izanen, baizik eta ondoko urratsaren prestakuntza.

Ibilbideaz zerbait atxiki behar bazenu, zer izanen litzateke?

Ez dakit gauza bat horrela atxikitzen. Nerabe ametsekin hasten zara, eta guztiak ez dira betetzen. Batzuk bai, eta magikoa da. Beste batzuk ere bai, eta ohartzen zara ez direla hain magikoak; eta badira batere aurreikusi ez genituenak: Korean eta Australian jotzea, adibidez. Duela bi aste Bilboko Kafe Antzokian egin dugun kontzertua da momentu ederrenetatik eta indartsuenetatik bat: gela horretan hainbestetan jo dugu; handitzen ikusi gaitu urtez urte. Bagenekien azkena zela; beraz, kontzertua berezia izan da, eta horren agurtzea... biziki inportantea izan da.

Gustatzen zait pentsatzea egin dugun hoberena oraintxe egin dugula. Ez gara duela hamar urte kristoren gauzak egin zituen talde bat, orain gaizkituz doana. Gure neurri xumean, gure lekuan garenean utziko dugu; neurri batean, kontraesana da [irriz hasi da]. Ontsa da gauzak ongi direnean uztea, eta ez gaizki direlako. Utziko dugu lortu dugulako nahi genuen lekura iristea, eta, orain, etenaldi bat behar dugu ikusteko horretan geldituko garen edo helburu berri batzuk asmatuko ditugun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.