Rock eta folk zalea da, baina baita antzinako musikaren aldarrikatzaile sutsua ere: «Egungo musika uniformizatuaren aldean, erabat berria suertatzen da antzinako musika, eta ikasteko bide ere bai». Eskola eta akademietan musika «modu transbertsalean» irakatsi beharko litzatekeela uste du; «berdin musika kultua eta herrikoia». Antzinako musikak, hain zuzen ere, musika modu transbertsalean ulertzeko balio dio Enrike Solinis musikari eta gitarra jotzaleari (Bilbo, 1975). Euskel Antiqua diskoa kaleratu zuen Euskal Barrokensemble taldearen gidari modura. Antzinako euskal musikari arnasa berria eman zion lan hark, adituen iritzian. Urteak egin dituzte berak eta Miren Zeberio musikariak «euskal nabigatzaileen urrezko aroko musikak» ikertzen. Talde berarekin grabatzen ari dira lan mardula, zeinak bi disko, liburuxka bana, eta bi dozena pieza inguru izango dituen. Udazkenerako lana prest izatea espero dute. Aurrez, ordea, bihar estreinatuko dute Donostiako Kursaalean.
Elkano eta musika. Lehen kolpean ez dirudi oso binomio emankorra.
Bueno, justu kontrakoa esango nuke nik. Elkanoren figuraren bitartez, haren bizi garaia primeran irudika liteke.
Baita musikalki ere?
Bai, jakina. Kontuan hartu behar da marinelek eta arrantzaleek musika erabiltzen zutela denbora-pasarako. Gainera, euskal musikarentzat oso garai berezi eta nabarmena da hura, zentzu guztietan; bai alor kultuan, zein herriko musikan.
Marinelek jasotzen zuten musika ondare hori? Asko kantatzen zuten?
Bai, noski, kantatzen zuten, eta musika jotzen zuten. Musika zuten bidaietan aurrera egiteko gauzarik inportanteenetako bat. Eta horrela izan da, ez Euskal Herrian bakarrik, baizik eta kultura eta herrialde guztietan. Eta marinelen joan-etorri horietan sortzen ziren musika tresnak, estiloak, kantuak, kondairak... Ontziak leku ezin hobeak ziren herrialde desberdinetako marinelen kantuak eta musikak partekatzeko, eta elkargune izateko. Hori frogatuta dago eskuizkribu eta testu zahar hainbatetan, musika tresnak batetik bestera nola joaten ziren, eta tresna berriak nola sortzen ziren. Informazio hori guztia oso inportantea da; eta inportantea da hori dena ikertzea eta biltzea.
Euskal Herrian aro oparoa izan zen musikan XV. eta XVI. mendeak. Zergatik?
Euskal kulturaren leherketa bat gertatu zelako, baita polifonian eta musika kultuan ere. Polifonista oso garrantzitsua izan zen, adibidez, Martinez De Bizkargi [Gonzalo], eta mundu mailan erreferentzia bat musikologian eta musikaren teorian. Juan de Antxieta eta Michael Navarrus ere bai. Konpositore asko izan zen, Erdi Aroko kulturatik iritsitako musikaren eragina jasotakoak.
Musika tresnetan ere garai oparoa izan zen?
Bai, hala da. Etnografiak ere erakusten du hori. Eliza eta katedraletako portaletan azaltzen dira musika tresnak gaur egunera iritsi direnak, haize nahiz hari instrumentuak. Azaltzen diren instrumentuetako batzuk arabiarrak dira, Al-Andalus baino lehenagokoak ere; alboka, adibidez. Iruñeko katedralean azaltzen dira hainbat musikari laudak eta giternak jotzen. Irudiek azaltzen dute Euskal Herria mundu mailako potentzia zela kulturan, eta nola ez, musikan.
Kontzertuaren lehen atalari Antzinako vasconia: Herri Itsastiarra deitu diozue. Bost pieza joko dituzue hor, eta denetako iturrietatik edaten dutenak daude: herrikoiak, anonimoak, Drawis Mustapharena, Abu al-Abbas Ahmadena...
Kontzertuak bi ordu iraungo du, nahiko luzea izango da, eta joko ditugun piezen %90 berriak izango dira; Miren Zeberiok eta biok berreskuratu ditugu. Urte askotako ikerketa lana dago atzean, eta material mordoa bildu dugu; horiek lantzea dagokigu orain. Euskal nabigazioaren urrezko aldira iritsi aurretiko garai horretan, Tutera [Nafarroa] oso gune garrantzitsua zen, eta bertakoa zen Abu al-Abbas Ahmad El Ciego de Tudela (Tuterako itsua) ezizenez ezaguna. Mundu arabiar klasikoan poeta garrantzitsua izan zen. Berak idatzi zituen hainbat moaxaja, gero kantu bihurtzen zirenak. Eta horietako bat jaso eta jotzen dugu. Eta beste zenbaiten artean, Ale Arraunean eta Gurmak Itsasoan kantuak ere lehen atal horretan emango ditugu.
Elkano jaiotzen deneko atalean, gure oroimenean iltzatutako bi kantu badira: Loa loa eta Maitia nun zira.
Bi kantu horiek juduak dira berez, eta guk lotura bat egin dugu beste kantu sefardi batzuekin, ikusteko lotura zuzena dela: Maitia nun zira-ren melodia, adibidez, azaltzen da sinagoga bateko liburuan, New Yorken argitaratua, eta hebreeraz idatzia.
Euskaraz noiz hasi ziren kantatzen?
Melodien eta hitzen mugimendua joan-etorrikoa izan da nolabait, kultura eta herrialde desberdinen artean. Melodiak zabaldu egin dira maiz, eta haiei txertatzen zitzaizkien herrialde bakoitzeko testuak. Euskal Herrian oso nabarmena izan zen Erdi Aroan Elizak nola erabili zituen herriko melodiak kutsu erlijiosoko testuak zabaltzeko, eta, alderantziz, herriaren testuak nola txertatzen ziren Elizako melodietan. Euskal Herriko musikan abesti askok melodikoki kutsu erlijiosoa dute, bateko zein besteko. Herriaren tresna bat edo metodologia bat izan da.
Denak ez dira Euskal Herrian sorturiko kantuak. Marinelen joan-etorrietan jasotakoak ere bildu dituzue: adibidez, Ao som do Fandango.
Ez da Euskal Herrian sortua, baina tankerakoak ere jotzen ziren hemen. Istorio bitxia du kantu horrek. XVI. mende hasieran Portugalgo Braga hirian artzapezpiku zegoena Fernao de Magalhaes itsasgizon famatuaren anaia zen. Katedrala eraikitzen ari ziren. Katedral hori eraikitzeko eraman zituzten hainbat biscainho. Orduan hala deitzen zitzaien Kantaurialdeko biztanleei; bizkaitarrei, gipuzkoarrei, zein kantabriarrei. Gaur egun badago han Museu dos Biscainhos. Biscainho horiek eraman zuten Bragara lau sokako gitarra txiki bat: gitarroa. Gitarra txiki horrek fama handia hartu zuen, oso ondo egokitzen baitzen bertan zuten kantatzeko erari. Gitarratxo hori bilakatu zen braguinha izeneko instrumentu. Marinelek izen horrekin eraman zuten Ameriketara musika tresna, eta gaur egun ukelele modura ezagutzen da tresna hori.
Ikerketa lan izugarria dago lan honen atzean. Zenbat eskuizkribu, dokumentu, liburu arakatu dituzue?
Ezin litezke konta. Etxeko gela bat dokumentuz betea dugu oraintxe. Elkanoren inguruko museo bat ematen du. Hango eta hemengo kantutegiak begiratu ditugu, Paris, Mexiko, Portugal, AEBak, Indonesia, Islandia, Faroe uharteak... edozein lekutan topa zenezake garai horretako informazioa, euskal musikari modu batez edo bestez lotua. Faltan sumatu ditugu itsaso munduko kondairak. Oso gutxi dago. Galdu egin dira kondairak. Batzuen iritzian, horren arrazoia da Barandiaran eta gainerako ikertzaileek Euskal Herriaren barnealdeko kondairetan jarri zutela indarra.
Bidaiatu ere egin duzu informazioa lortzeko; adibidez, Montrealera...
Bai, Ternuako mikmak tribuak harremana izan zuen balea arrantzale euskaldunekin. Mikmak komunitatea oso baztertua dago egun, baina ezagutu genuen musikari bat, eta Montrealera joan ginen harekin batera antzinako garai haietako pieza batzuk grabatzera. Gauza bera egin dugu Islandian eta Faroe uharteetan dagoen informazioa eta arrasto musikalak aztertzeko. Hara joan gara, hango musikariekin izan gara, berreskuratu dugu han kantatzeko duten modua...
Juan Sebastian Elkanoren figura laudatua da gaur egun ere Euskal Herrian nabigatzaile modura. Beste zenbait ahotsek kritikatzen dute, ordea, haren eta garai hartako Espainiako Erresumaren izaera konkistatzailea. Topatu duzue Elkanoren figurari zirika egiten dion kanturik?
Ez, egia esan, halakorik ez dugu topatu. Elkano da aitzakia euskal nabigazioaren aro hori aipatzeko, zer garrantzia izan zuen, nola lotu gintuen horrek mundu osoarekin, eta baita gure memoria kolektiboari gogoratzeko ere garai hartako musika zer izan zen, eta nola konektatzen gaituen beste kulturekin.
KONTZERTUA
Noiz: Bihar, 19:00etan.
Non: Donostiako Kursaal Auditoriumean.
Enrique Solinis. Musikaria
«Ontziak leku ezin hobeak ziren musikak eta kantuak partekatzeko»
Juan Sebastian Elkanoren figura bide orritzat harturik, euskal nabigazioaren urrezko aldiko kantu eta dantzak aztertu ditu; Euskal Barrokensemble taldearekin, garai hartako piezak landu ditu, eta bihar emango dituzte Donostiako Kursaalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu