Ismael Manterola
Begiz

Opari pozoitsua

2024ko maiatzaren 28a
05:00
Entzun

Artelanak oparitzea ez da erraza. Azken asteotan ikusi eta entzun dugu Gipuzkoako herri batean artista batek herriari eskainitako artelanak eragindako zalaparta, udalak ez duelako onartu. Komunikabide jakin batzuek alderdi politiko baten kontra hauspotutako berria izateaz gainera, hainbat zalantza eta eztabaida azaleratu ditu gertakari ez hain ezohiko horrek.

Alde batetik, niri gehien interesatzen zaidana eta aspalditik kezka eragin didana: arte publikoaren gaineko eztabaida. Oso ondo iruditzen zait artistak askatasuna izatea nahi duena sortzeko, sormen aske horren emaitza artistaren esku geratzen bada, edo merkatuari eskaintzen badio saltzeko edo norbaiti edo norbaitzuei oparitzen badio. Baina, artelan hori guztiona den espazio publikoan kokatu behar bada, orduan ez dut hain erraza ikusten sormen zeharo askearen gaia. Espazio publikoa negoziazioaren esparrua da eta, bizitzaren beste alorretan gertatzen den moduan, bere erabilera guztion artean adostu behar dugu, izan lanerako, aisialdirako edo arterako. Beraz, arte publikoa ez da artistaren nahien edo desioen alorra, beste eragile sozial askorena baizik. Horregatik, herriari eskainitako artelan bat pozoitutako oparia izan daiteke.

Gaur egun gizartean eragina izan dezaketen sentsibilitate sozial asko daude, tartean genero ikuspuntua, jasangarritasuna edo gutxiengoen gaineko errespetua. Horregatik, espazio publikoaren erabilera sentsibilitate horien guztien iritziekin partekatu behar da. Gainera, kontuan izan behar dugu artistek irudiekin lan egiten dutela, horrek imajinarioa sortzeko duen indarrarekin. Guk sortutako irudiek, kalera irteten diren momentutik aurrera, gizartea moldatzeko ahalmena izan dezakete; horregatik, errespetu handiz erabili behar dira.

Beste aldetik, orain dela hamabost eguneko artikuluan artistaren jarrera etikoari buruzko hausnarketa planteatu genuen. Horrelako adibide baten aurrean gaudela iruditzen zait. Zergatik pentsatu behar du artistak bere eskuetatik sortutako artelana guztion artean partekatu behar duela? Zerk bultzatzen du pentsatzera derrigorrean guztiok lan hori jaso nahi dugula edo gure begi aurrean egunero ikusi nahi dugula? Badakigu artistak ez, erakundeek bultzatutako arte publikoa irri eta kritika iturri izan dela azken hamarkadetan; horregatik uste dut artista batzuek gutxi ikasi dutela esperientzia horietatik. Bestalde, ez da gauza bera ia ikusezina den artelan diskretu bat toki ez oso adierazgarri batean kokatzea, edo bi metroko emakume baten marmolezko irudi bat berezko xarma duen toki batean jartzea. Pentsa dezagun ondo artelana kalean jartzea beharrezkoa den; beharrezkoa bada, negoziatu dezagun agente ezberdinekin; eta zerbait espazio publikoan jarri behar dela erabakitzen badugu, antolatu dezagun lehiaketa publikoa. Emaitzak ez du derrigorrean perfektua izan behar, baina gutxienez ahal zen guztia egin izanaren sentsazioa izango dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.