azkena rock

Opariak urtemuga baterako

The Who izango da Azkena Rock jaialdiko kartelburua, 15. urteurrenean, The Hellacopters eta Danzigen emanaldi esklusiboekin batera. 30.000 ikusletik gora espero dituzte antolatzaileek

Ivan Santamaria.
2016ko ekainaren 16a
08:06
Entzun

Hamabost urte betetzen ditu aurten Azkena Rock jaialdiak, eta, urtemuga ospatzeko, hainbat opari prestatu dizkiete antolatzaileek zale fidelei, kartelburutik hasita. Oso zaila litzateke rockaren historia ulertzea The Who kontuan hartu gabe, eta urrezko ezteien omenez hasitako biraren luzapenak Gasteizera ekarriko ditu Roger Daltrey eta Pete Townshend.

The Who iragarri izanak apur bat baretu du azken bi asteetan antolakuntzak igaro duen anabasa. Bigarren kartelburu Primal Screamen abeslaria, Bobby Gillespie, agertokitik erori zen ekainaren 2an, Suitzan kontzertua ematen ari zela. Albiste kontrajarriak izan ziren, baina azkar hedatu zen taldea Mendizabalan egongo ez zen susmoa. Gillespiek atsedena behar zuela albiste ofizial bihurtu bezain pronto ordezko bila hasi zen Azkena. Baita lortu ere: The Hellacopters.

Publiko zabalarentzat, ziur asko izen ezagunagoa da Primal Scream, baina rockaren munduan sona eta itzal handiko taldea da The Hellacopters suediarra. Sekulako ustekabea eta oparia izan da haien jarraitzaileentzat aurten Gasteizen egotea, kontuan hartuta 2008. urtean taldea banatu zela eta aurten emanaldi bakarra iragarria zutela Suedia sorterrian, mundu mailako esklusiban.

«Astroak lerrotu dira gu laguntzeko», onartu du Alfonso Santiagok, Last Tour jaialdiko enpresa antolatzaileko buruak. Taldea berriro bilduko zela jakin zutenean saiatu ziren kontratatzen, iazko urrian, baina ezezko borobila jaso zuten, aurten kontzertu bat eta bakarra egiteko konpromisoa zutelako. Primal Scream erorita, berriro jarri ziren harremanetan. Berriro ere ezetza, baina, azkenean, irtenbidea. «Ezagun ditugun musikarien bidez saiatu ginen. Sweden Rock ere gure antzeko jaialdia da, sarrera guztiak salduak zituen, eta esklusibaren baldintza kendu zien».

Kontzertuaren edukia ere berezia da. Hellacoptersen jatorriko taldekideak elkartu ditu berriro. Hor izango da Dregen gitarra jotzailea. 20 urte bete dira Supershitty to The Max lehen diskoa atera zutela, eta abesti horiek izango dira kontzertuaren ardatza, garai hartako bertsioekin batera. Hassierako Hellacas haiek nolakoak ziren dastatzeko aukera paregabea zale berantiarrentzat. Primal Scream erorita, sarrera bueltatzeko aukera eman zitzaien erosleei: soilik 11 pertsonak bueltatu dutela azaldu dute Last Tourrek.

Berezitasun aipagarrien hirukotea osatzen du Glenn Danzig musikariak. Duela urte batzuk azken momentuan utzi zuen bertan behera ARFrako zeukan kontzertua —esan izan da kartelean zuen kokalekua ez zitzaiola gustatu—, baina berriro ere saiatzea erabaki dute antolatzaileek. Europan aurten Danzigek emango duen emanaldi bakarra da. Misfits taldeko abeslari ohiak —Elvis maltzurra esaten diotena—, ibilbide oparoa du bakarka aritu denean; batez ere, haren abizena daraman disko trilogiarekin.

Ikusle gehiago aurten

Jaialdiak bi egun izan ditu lau urteotan. Inoizko ikusle kopuru handiena espero du aurten ARFk, 30.000 rockero baino gehiagorekin, The Whoren tiraldia baliatuta. Mendizabalako eremuan hobekuntza batzuk iragarri dituzte —komun kopurua hirukoiztu da—; aurten berriro Las Vegas estiloko ezkontzak itzuli dira, eta motor ibilbidea antolatu dute, lehen aldiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.