Mikel Zabala. 'El juez' operako baxu bakarlaria

«Opera freskoa eta garaikidea da, asko gustatuko zaie ikusleei»

Bilboko Arriaga antzokiak 'El juez' operaren estreinaldia eskainiko du, Josep Carrerasekin; Mikel Zabalak bertan parte hartuko du.

Ane Urrutikoetxea.
2014ko apirilaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ikuskizun berezia eskainiko du Bilboko Arriaga antzokiak hilabete honetan. Bi arrazoirengatik izango da berezia; batetik, Josep Carreras tenorraren itzulera izango da, eta, bestetik, El juez (Los niños perdidos) operaren mundu osoko estreinaldia izango da. Angelika Messnerren libretoan oinarritutako opera da, Christian Kolonovits Austriako konpositoreak egina. Eszenografia, berriz, Arriagan ohikoak diren Emilio Sagik eta Daniel Biancok egin dute, eta David Gimenezek zuzenduko ditu Rossini abesbatza, umeen Kantika korala eta BIOS orkestra.

Carrerasek egingo du epailearen pertsonaia, eta berarekin batera bakarlari talde zabala ariko da, esate baterako, Jose Luis Sola, Sabina Puertolas, Carlo Colombara, Ana Ibarra, Itziar de Unda, Maria Jose Suarez, Manel Esteve, Alberto Nuñez, Giorgi Meladze, Jose Manuel Diaz, Milagros Martin eta Mikel Zabala. Arriagan bakarlari moduan arituko den lehen aldia izango da Mikel Zabala baxuarentzat, eta baita munduko bakarlari onenetako batekin taula gainean arituko dena ere.

Nolakoa da Kolonovitsen El juez: los niños perdidos opera?

Oso garaikidea eta gertukoa da opera honek lantzen duen gaia. 50eko hamarkadan Espainiako gerran bahitu eta desagertutako umeen inguruko istorioa kontatzen du. Zehazki, txikitan banandutako bi anaia dira protagonistak, heldu direnean berriro elkarrekin topo egingo dutenak. Bata epailea da, eta bestea, abeslaria. Kontrako alderdietan heziko dituzte bi anaiak, eta, beraz, hasiera batean etsaiak izango dira. Ikusten denez, hurbilekoa da gaia, etxean entzundako istorioak ekartzen ditu gogora.

Eta zein da zuk antzezten duzun pertsonaia?

Nik Falangeko soldadu batena egiten dut, eta, noski, ez naiz batere identifikatzen pertsonaiarekin, baina gaiztoak ere antzeztu behar dira. Opera honen gaia dramatikoa eta nahiko fuertea da, baina amodiorako tartea badu ere, eta oso entretenigarria eta ikusteko erraza da.

Mundu osoko estreinaldia egingo duzue. Opera garaikidea izanda, zer estilotakoa da?

Egia da garaikidea dela, baina inork ez dezala pentsatu soinu arraroak edo disonanteak dituen obra denik. Musikal baten antz handia dauka, jazz doinuekin eta erritmo biziko pasarteekin. Aria eder eta hunkigarri ugari ere aurkitu daitezke opera honetan.

Norentzat da ikuskizuna?

Denentzat, baina, batez ere, aurretik opera ezagutu ez dutenei eta halako ikuskizunetara etortzeko ohiturarik ez dutenei gomendatuko nieke. Eskainiko dugun ikuskizuna ikusteko erraza eta entretenigarria da, freskoa eta berria. Askotan, operara ez joateko arrazoia musika klasikoak eragiten duen urruntasuna da; ez gara taula gainean dauden printze eta heroiekin identifikatzen. Hori ez da gertatzen gure ikuskizunean, istorioa obra bezain garaikidea delako. Beraz, hasiberriek aukera ederra dute ikuskizun mota honetan ondo pasatzeko.

Josep Carreras da obraren protagonista. Nola izan da harekin taula gainean aritzea?

Erabateko pribilegioa eta aukera itzela izan da Carrerasekin lan egitea. Halako garrantzia duen norbaitekin topatzean ez dakizu nolakoa izango den, eta guztiok harrituta utzi gaitu, lehen egunetik oso hurbila, alaia eta atsegina izan delako. Milaka anekdota kontatu dizkigu entseguetan, eta, pentsa, Carrerasen tamainako bakarlari batek asko dauka kontatzeko, munduko agertoki garrantzitsuenetan eta musikari onenekin aritu baita. Esate baterako, New Yorkeko Metropolitan Operan izandako abenturak entzutea harrigarria da.

Nola konpondu zara Carrerasekin? Eta gainontzeko abeslariekin?

Lantalde ederra daukagu, eta primeran konpondu gara elkarren artean. Lan gogorra izan da, baina elkarren artean oso ondo moldatu gara. Carrerasekin lan egitea izugarrizko aukera izan da niretzat, ez nuen espero horren gertukoa izatea. Bizitzan behin gertatzen den gauza horietakoa da, historikoa. Lagunen artean ere azaldu dut, Carrerasekin taulan izatea, egun hauek partekatzea, sekulako pribilegioa da.

Sagik eta Biancok zuzendu dituzte eszenografia eta muntatze lanak. Zer moduzkoak dira?

Bi maisu horien lana ikusgarria da. Oso zirraragarria da sortu duten eszenografia, argiak protagonismo handia baitu. Eszenak ondo bananduta daude, eta hori garrantzitsua da, pasarteen artean zailtasunak daudelako.

Aurretik eskaini gabeko obra izanda, entsegu ordu asko izan dituzue?

Bai, ordu dezente eman ditugu entseatzen. Dena den, elkarrekin entseatzen hasi aurretik, bakoitzak bere etxean ikasi dugu gure zatia. Martxoaren 26an hasi ginen elkarrekin opera prestatzen, eta gaur arte ez gara gelditu, beraz, lan gogorra izan dela esan daiteke, baina baita oso polita ere. Hau ez da egunero egiten den zerbait. Egunero ez dugu lan egin, baina entsegu egunetan ia egun osoa igaro dugu Arriagan.

Estreinaldiak ez dira errazak, eta gutxiago opera baldin badira. Ikuskizunak harrera ona izango duela uste duzu?

Dudarik gabe, harrera ona izango du. Batetik, Carrerasek indar handia dauka, eta, bestetik, opera hau berarentzat idatzita dagoela esan daiteke. Gainera, Bilbo ez da obra hau eskainiko dugun hiri bakarra, izan ere, abuztuan Austriako Tiroleko Erl jaialdian interpretatuko dugu berriz ere.

Sarrerak ondo ari dira saltzen. Zer aurkituko dute ikusleek taula gainean?

Ez uzteko sarrerak erosteko kontua azken unera arte, azkar saltzen ari baitira, batez ere Carrerasi esker. Egia esan, edonork ondo pasatzeko moduko opera da, eta Carreras bikain dago epailearen rola egiten. Gogo eta ilusio handiarekin hartu dut proiektu honetan parte hartzeko aukera izatea, eta, batez ere, halako abeslari ezagunarekin hilabete hauek partekatzea, hitz egitea eta esperientzia banatzea izugarrizko pribilegioa izan da niretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.