Orain dela 19.000 urteko bisonte baten garezurra aurkitu dute Mutrikun

Zatika topatu dute, eta osatu egin dute; Iberiako Penintsulan espezie horretan dagoen pieza oso bakarra da

Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza nagusiko prentsa aretoan aurkeztu zuten atzo garezurra. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Bison priscus espezieko bisonte baten garezurra aurkitu dute Mutrikun (Gipuzkoa), Kiputz IX aztarnategian. Orain dela 19.000 urte inguru Mutrikuko leize batera erori, eta haren eskeletoa zatikatu egin zen. 2006. urtean topatu zuten Munibe taldeko kideek, eta urteetako lanaren ondorioz, garezurra pieza bakar batean aurkeztu dute orain.

Pedro Castañosek, Aranzadi zientzia elkarteko paleontologoak, pieza «bakar eta berezi» gisa definitu du, Iberiako Penintsulan eta Europa mendebaldean dauden espezie horretako garezurren artean hoberen kontserbatuta dagoena delako. «Horrelakoetan paleontologook esan dezakegu ametsetako batzuk betetzen zaizkigula». Egindako lanak zortearekin eta kasualitatearekin batera tarteka «horrelako opariak» dakartzala gaineratu du.

Aurkikuntza gehiago

Estepako bisonteak Europan eta Asiako iparraldean bizi ziren; duela 10.000 urte galdu zen espeziea, azken glaziazioarekin. 800 eta 900 kilo artean pisatzen zuten, eta egungo bisonte europar eta amerikarrak historiaurreko espezie horretatik etor daitezkeela jakinarazi dute. Neanderthalgo gizakiak eta Homo sapiens-ak ehizatzen zuten; Mutrikun aurkitutako bisontea, ordea, erorita hil zen.

Bisontearen pieza aurkeztu zuten atzo; hala ere, aztarnategi horretan beste batzuk ere badaudela ohartarazi du Castañosek. Orain arte bisonteen 18 pieza, elur oreinen 23 aztarna eta oreinen beste 48 aurkitu dituzte. Hartzenak, ahuntzenak, azerienak eta lehoikume batenak ere topatu dituzte. Elur oreinen piezen aurkikuntzak aipatu ditu bereziki Castañosek, animalia horien eskeletoak «osorik» baitaude. «Espezie horretan penintsulan dagoen bilduma garrantzitsuena» izango dela iragarri du.

Lau bider egin dituzte indusketak aztarnategian, eta guztira hainbat espezietako 12.000 fosil baino gehiago aurkitu dituzte arkeologoek;guztiak ia osorik daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.