Urrats bakarra geratzen zitzaion euskal kulturak inoiz izan duen mitorik handienetarikoa izatera iristeko; aldi berean zailena eta errazena den urrats hori baino ez zitzaion falta. Azken asteetan makalduta egon ostean, atzo goizaldean hil zen Mikel Laboa, Donostiako Poliklinikan, 74 urte zituela. Donostiako Errekalde auzoko beilatokian egin zioten atzo hil-beila.
Han erraustu dute gaur, 11:15 aldera, familia giroan, ekitaldirik gabe, baina Antzinako bihotz eta Izarren hautsa kanten doinuen artean. Ez dute hiletarik egingo eta familiak etxera eramango ditu errautsak. Astebete ingurura zabalduko ditu, lagunarteko ekitaldi batean.
Hilaren 23an Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jasotzekoa zen Laboa; hil ondoko omenaldi gisa jasoko dute ahaideek. Donostiako Udaleko taldeek, bestalde, Laboari Urrezko Domina emateko tramiteak abian jartzeko eskatuko diote alkateari.
1934ko ekainaren 15ean jaio zen Mikel Laboa Manzisidor, Donostiako Parte Zaharrean. Pasai Donibanetik hara joana zen familia batean. Aita, Feliciano Laboa, arrantzontzien armadorea zen, eta EAJko zinegotzia Donostiako Udalean. 36ko gerra hasi zenean, Bordelera egin zuen ihes Feliciano Laboak, eta ama eta zazpi-seme-alabak Lekeitioko Gardata auzoko baserri batean gorde ziren. Gardatan hil zen Mikel Laboaren anaietako bat, Andoni, eta han zela entzun zituen Mikel Laboak Gernika suntsitu zuten bonben leherketa lazgarriak, artean hiru urte bete gabe zituela, 1937ko apirilaren 26an.
Gerra amaitu aurretik itzuli zen ama seme-alabekin Donostiara, eta aita ere itzuli zen urte batzuk geroago. Nahiz eta haurtzaroan bere hizkuntza nagusia izan, gerra ondoko Donostiako giroak euskara neurri handi batean atzentzera eraman zuen Mikel Laboa gaztea.
15 edo 16 urte inguru zituela hasi zen Laboa gitarra jotzen. Juan Jose Lasa mediku psikiatraren eraginez (Laboaren arrebetako baten senarra baitzen). Jangoluke taldea sortu zuen garai hartan, beste bi lagunekin batera.
Medikuntza ikasketak egin zituen, Madrilen lehen ikasturtean (1953-54), Iruñean eta Zaragozan gero. Erabaki horretan ere izan zuen eraginik Juan Jose Lasak.
Medikuntza ikasten aritu zen urte guztietan musika lantzen jarraitu zuen. Antton Lafon adiskideak Atahualpa Yupanquiren disko bat ekarri zion Bordeletik, 50eko hamarkadaren hasieran. Garai hartako giro kultural itogarrian nekez entzun ahal zen halako ezer Hego Euskal Herrian, eta Yupanquiren lanak txundituta utzi zuen, hala doinuen nola hitzen aldetik. Yupanquiren disko gehiago erosteko asmoz Donibane Lohizunera joan zenean, oso gustuko beste kantari bat deskubritu zuen: Violeta Parra.
Iruñean, euskara berreskuratu
Iruñean ikasten aritu zenean (1955etik aurrera), euskara berreskuratzeaz gain, Georges Brassensen kantuak ezagutu zituen, eta Carlos Itoiz gitarra jotzaile flamenkoaren klaseak hartu. Iruñean egin zuen jendaurreko lehen emanaldia ere, 1958an, gaztelaniaz. Elbarrituen aldeko jaialdi bat izan zen, Gaiarre antzokian, eta Laboak Brassens, Yupanqui eta Parraren kantuak eman zituen, lagunartean kantatu ohi zituen The Beatlesen kantu batzuen bertsioez gain.
Euskal kantagintzarako urratsa eman zezan erabakigarria izan zen Ipar Euskal Herriko herri kantagintzaren ezagutza. Joseba Bidaurrazagaren eskutik, Ximun Haranek jasotako herri kantuen bilduma ezagutu zuen: Chinaurria, O Pello Pello, Sujet eder bat, Chori erresiñula... Geroago, Zaragozan ikasten ari zela, Jorge Riezuren Flor de la canción popular vasca bilduma ezagutu zuen.
Gaixoaldi luze baten ondoren, kantu tradizional haietako batzuk berreskuratzen hasi zen Laboa, 1962an, eta Zaragozan egin zuen euskarazko lehen kantaldia, bertako euskal ikasleek Teatro Argensola antzokian antolatutako jaialdi batean. O Pello Pello, Bereterretxeren Kanthoria eta gisako kantu tradizionalez gain, Iparragirreren kantu ezagun batzuk ere eman zituen. Musikari agiria atera zuen, "artista de circo y variedades" zela zioen karneta.
Medikuntza ikasketak 1963an bukatu zituen, Zaragozan. Bartzelonara jo zuen gero, haurren neuropsikiatria espezialitatea egitera, eta Bartzelonako Santa Creu i San Pau erietxean mediku gisa hasi zen lanean. Baina ordurako oso hazia zuen -barren-barrenean aspalditik sendo txertatua- musikaren harra. Setze Jutges taldearen eta Nova Canço Catalanaren mugimendua gertutik ezagutu zuen, 1964an: Pi de la Serra, Lluis Llach, Maria del Mar Bonet, Joan Manuel Serrat, Raimon... Laboak hainbat kantaldi egin zituen, euskarazko kantuak emanez, Bartzelonako euskal ikasleen aurrean, eta Bartzelonan sortu zituen berak idatzitako lehen kantuak ere. Michel Labegeriek egindako euskarazko kantu berriek ere eman zioten kantu berriak sortzeko adorea.
Donostiara itzuli zen gero. 1964ko abuztuan ezkondu zen, Marisol Bastidarekin, eta Donostiako ospitalean hasi zen lanean. Urte horretako abenduan grabatu zuen lehen diskoa, Azken, Baionan, Goiztiri diskoetxearekin argitaratua eta lau kantu tradizionalez osatua: Amonatxo, Bereterretxeren Kanthoria, O Pello Pello eta Aurtxo txikia.
Benito Lertxundi kantariaren berri izan zuen 1965ean, hura lehiaketa batean finalista izan zelako. Lourdes Iriondo eta Julen Lekuonarekin ere harremanetan jarri zen, Katalunian bertatik bertara ezagutu zuen antzeko mugimendu bat Euskal Herrian sortzeko asmoak bultzatuta. Jose Antonio Sistiaga artistaren bidez JosAnton Artze ezagutu zuten, eta hura ere taldera bildu zen berehala. Xabier Lete eta Jesus Artze ere aurki sartu ziren taldean.
Bartzelonara itzuli zen Laboa 1965eko udazkenean, baina Euskal Herrian sortzen hasia zen taldea alde batera utzi gabe. Bartzelonako euskal ikasleek emandako aholkua jarraituz, Jorge Oteiza bisitatu zuten Irungo etxean, taldearen asmoen berri emateko, eta hark aholkatu zuen Ez dok Amairu izena jartzeko taldeari, Resurreccion Maria Azkuek jasotako ipuin batean oinarrituta.
1966an egin zuen Ez dok Amairuk aurreneko emanaldia, Hernanin, artean izen hori erabili gabe. Emanaldi horretan parte hartu ondotik Bartzelonara itzuli zen Laboa, eta ez zuen bigarren emanaldian parte hartzerik izan. Baina taldearekin kontaktu estuan eta emanaldi gehienetan parte hartzen jarraitu zuen, eta Laboaren historia Ez dok Amairurenarekin estu lotuta egon zen hurrengo urteetan.
Urte berean grabatu zuen bigarren diskoa, Bartzelonan; baina zentsurarekin izandako arazoen ondorioz ezin izan zuen Bartzelonan argitaratu, eta Baionako Goiztiri argitaletxearekin kaleratu zuen, izenbururik gabe. Oihartzun handia izan zuten diskoko lau kantuek, Egun da Santi Mamiña-k batez ere.
Donostiara itzuli eta San Miguel Patronatuan hasi zen lanean, 1967an, haurren neuropsikiatra gisa. Ondorengo 20 urteetan atxiki zitzaion lan horri, goizez.
Ez dok Amairurekin nahiz bakarka emanaldiak egiten jarraitu zuen ondorengo urteetan. Zailtasunak izan zituen debekuak zirela-eta. Adibidez, agertokitik polizia etxera eraman zuten behin, Irunen.
Bertolt Brechten poemak
Beste bi disko txiki grabatu zituen 1969an, Urnietan: Bertolt Brecht'en lau poema eta izenbururik gabeko beste bat, Goiztirik eta Herri Gogoak argitaratuak, hurrenez hurren.
Aurreneko kantu esperimental edo lekeitio-a 1968an sortu zuen: Baga, biga, higa (Lekeitio 2) (ez zuen inoiz Lekeitio 1 izenburuko kanturik egin). Kantu hori izan zen Ez dok Amairuk 1970ean estreinatu eta bi urtez Euskal Herri osoan zabaldu zuen Baga, biga, higa sentikariaren oinarrietako bat; Laboak JosAnton Artzeren Txoria txori poeman oinarritutako kantua ere sentikariaren parte garrantzitsua izan zen. Sentikari horren sorreran garrantzi handia izan zuten Jose Mari Zabala musikariaren eta Jose Luis Zumeta pintorearen parte-hartzeak.
Ez dok Amairu taldea 1972an desegin zen, Baga, biga, higa sentikariaren grabazioa argitara eman gabe. Bi urte geroago lehen disko luzea grabatu eta kaleratu zuen Laboak: Bat-Hiru (Herri Gogoa).
Ez dok Amairuko kide batzuek Zazpiribai taldea osatu zuten, Ipar Euskal Herriko hainbat kantari eta musikarirekin. Laboak, aldiz, ikimilikiliklik bidekidekarian parte hartu zuen JosAnton eta Jesus Artze anaiekin, Jose Mari Zabalarekin eta Jose Luis Zumetarekin batera. Baga, biga, higa sentikariak zabaldu zuen ildoan aurrera jarraitzen zuen ikimilikiliklik-ek, arte adierazpideak uztartuz. Artzeren poema bisualak eta Zumetaren lanak proiektatzen zituzten emanaldietan, oholtzaren atzealdean.
1975ean estreinatu eta 1978a arte eskaini zuten ikimilikiliklik. Arrakasta handia izan zuen 1976ko Veneziako Biurtekoan.
Ondorengo urteetan kantari gisa jarraitu zuen, hasieratik bildutako jarraitzaileak galdu gabe entzule belaunaldi berriak erakarriz, eta musikari berrientzat ere ezinbesteko erreferentzia bihurtuz. Lau-bost diskoak (Xoxoa, 1980, Jean Phocas teknikariarekin grabatua) izandako harrera beroa horren adibide garbia da. Lekeitioak egiteari utzi gabe, poeta garaikideen lanak musikatu zituen disko horretan: Bernardo Atxaga, Xabier Lete eta Joseba Sarrionandia.
Salvadorrekin elkarlanean
1984an hasi zen Iñaki Salvador musikariarekin kolaboratzen. Oso harreman estu eta emankorra izan zuten biek ondorengo urteetan, hala disko berrietan nola emanaldietan. Josetxo Silguero, Jesus Artze, Carlos Itoiz, Joseba Tapia eta beste musikari batzuk ere Laboaren kolaboratzaile estu izan ziren urte horietan.
Euskal musikarien omena jaso zuen 1990ean, Txerokee disko kolektiboaren bidez. Mikel Laboaren kantuen bertsioak grabatu zituzten hainbat taldek, musikari gaztez osatuak horietako gehienak.
Beste ekitaldi garrantzitsu askotan ere protagonista edo parte-hartzaile izan da azken urteotan: beste artista batzuekin batera kultur espedizioa egin zuen Kubara, 1990ean; Donostiako Orfeoiaren 100. urteurreneko ospakizun kontzertuan -Baga, biga, higa-ren bertsio sinfonikoaren emanaldiarekin- parte hartu zuen, 1997an; Imanol Uriberen Haika Mutil filma -Mikel Laboari buruzkoa- estreinatu zen Donostiako Zinemaldian, 1997an; Euskal Herriko Gazte Orkestrak Gernika Zuzenean 2 grabatu zuen, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, Laboa omentzeko, 1999an; Euskal Herriko Unibertsitatearen Urrezko Domina jaso zuen, JosAnton eta Jesus Artze anaiekin eta Benito Lertxundirekin batera, 2000.ean; Julio Medemen La pelota vasca (2003) filmeko musika sortu zuen; Olomouc-en (Txekia) emanaldia egin zuen, Josetxo Silguero, Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorikarekin batera, 2004an; Bob Dylanen aurretik kantatu zuen, Donostiako Zurriolan, 2006an. Huraxe izan zuen azken emanaldia.
MIKEL LABOAren heriotza
Orain mitoa da, betiko
Mikel Laboa hil zen atzo, Ez dok Amairuko kidea, euskal kantagintzaren berritzailea eta belaunaldien arteko zubia, euskal kulturak luzaz oroituko duen kantaria. Gaur goizean erraustu dute, intimitatean, 'Antzinako bihotz' eta 'Izarren hautsa' abestien doinuen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu