Oraingoz, txartel horia

Donostiako Arte Ederren eraikinaren babesa areagotu ezean, Unescok nazioarteko alarma ezarriko du

Erredakzioa
Donostia
2014ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Donostiako Arte Ederren eraikina babesteko eta hura eraistea eragozteko hartutako neurriak areagotu ezean, Unescok arriskuan dagoen ondarearen inguruko nazioarteko alerta ezarriko du eraikin horri dagokionez, Icomos erakundeak hala eskatuta. Unescoren kontsulta organoa da Icomos, ondarearen inguruko 130 estatutako 15.000 adituk osatua. Fernando Espinosa de los Monteros arkitekto eta Icomoseko lehendakariordea Donostiako Udaleko lau talde politikoetako ordezkariekin bildu da, Icomosek hartutako erabaki horren berri emateko.

Icomosek ez du epe jakinik ezarri, baina Espinosa de los Monterosek adierazi du hilabetearen buruan babesa areagotzeko neurririk onartzen ez baldin bada alerta egoera ezarriko dutela. «Oraindik ez da berandu», Espinosa de los Monterosen ustez. «Borondatea baldin badago, eraikinaren babesa handitzeko formulak aurki daitezke».

Alboko fatxaden babesa

PSE-EE, PP eta EAJ taldeen onespenarekin eta Bilduren aurkako botoekin, Donostiako Udalak erabaki zuen eraikinaren kupula eta kantoi ebakia babestea, baina alboetako fatxadak eraisteko baimena emanez. Egungo alboetako fatxadak eraitsi eta berriak ezarrita, eraikina lau izarreko hotel bat izateko egokitzeko asmoa du Sade enpresak, eraikinaren jabeak. Eraikina aspaldidanik hutsik dagoen arren, ez dago inondik ere hondatzeko zorian, Espinosa de los Monterosek adierazi duenez, eta barruan hotel bat har dezake, barrutik ondo egokituz gero, egungo fatxadak eraitsi gabe. Icomos ez dago eraikina hotel bat sortzeko egokitzearen aurka, fatxadak ere errespetatzen badira.

Ondare kulturalaren arloan Unescok onartutako nazioarteko alarma egoera ezarria izatea «Donostiaren izena zikintzea» izango litzateke, Espinosa de los Monterosen ustez, eta eragin negatiboa izango luke ondarea babesteko eskatutako diru laguntzak jasotzeko aukeretan. Donostiak 2016an bere gain hartuko duen Europako kultur hiriburutzari ere kalte egingo lioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.