Kantuez hitz egin bainoago, kantuek berek hitz egitea nahiago du Ramon Pelegero Raimon-ek (Xativa, Valentzia, 1940). Ondorioz, ezer gutxi aurreratu nahi izan du aurki plazaratuko duen diskoaz. Soilik abesti berriak jasoko dituela, gehientsuenak prest dituela eta sorta bat aurkeztuko duela hilaren 13an Bilboko BBK salan emango duen kantaldian. Hamazortzi urte baizik ez zituen Al vent konposatu zuenean, handik gutxira frankismoaren aurkako ikur bihurtu zena. Ordudanik, 30etik gora disko kaleratu ditu. Udaberrian aterako du lan berria.
Ez da akitzen. «Oraindik baditut Al vent sortu nueneko hamazortzi urte horiek, eta abesten dudan bakoitzean oso bizirik sentitzen dut nire barneko gazte hura». Babes falta sumatu duenean ere adorea atera du aurrera egiteko, baita diktadura bukatu eta askok kantautoreen zeregina amaitutzat eman zutenean ere. Dioenez, «kantautore gisa, nekezagoa izan zen trantsizioan aurrera egitea, frankismoan bizirik irautea baino». Izan ere, trantsizioa «ahulezien hitzarmen bat» izan zela uste du, eta gaur egun «orduan eta ondoren gaizki egindako lanen ondorioak» nozitzen ari garela.
Haatik, barrenak kantatzeko eskatzen dio. Eta inoiz sentitu duen arren korrontearen kontra jardutea dela, hala egiten segituko du. «Niretzat abestea oraino ukatua den nire hizkuntza honi edertasun izpi bat emateko modua da». Alde horretatik, abestiak sortzeko prozesua ez du desberdin bizi orain. «Ez dut bereizten lehenaldi bat eta orainaldi bat. Abestiak berez etortzen dira; batzuetan nahi duzunean ere etortzen dira», esan du Raimonek. Salvador Espriuren eta Ausias Marchen poemak abesti bihurtu ditu sarri askotan; «poesia hori oso neure sentitzen dudalako». Ez du argitu hil batzuk barru aterako duen diskoko abestiak poeta horien obrekin ondu dituen. Bilbon kantatu arte itxaron beharko da jakiteko.
«Oraino ukatua den nire hizkuntza honi edertasun izpi bat emateko kantatzen dut»
Raimonek udaberrian plazaratuko duen disko berriko abestiak aurkeztuko ditu Bilboko BBK salan, hilaren 13an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu