Musika jartzen ari da azken zazpi urteotan Aitor Etxebarria (Gernika, 1985), besterena eta berea, munduko hiri askotako areto eta jaialditan. Sona eta estimua dauzka pilaturik, El_Txef_A izenarekin egindako saioekin, Berlingo Watergaten, New Yorkeko Vervotenen, Chicagoko Spybarren eta Tokioko Modulen, esaterako. Musika elektronikoa abiaburu, technoa eta haren aldaera ilun, leun edo arty-enak ditu langai nagusi. Hainbat single eta lan labur plazaratu dizkiote nazioarteko zigilu zenbaitek (Permanent Vacation, Mule Electronic, Hypercolour...) eta bi disko luze dauzka kaleraturik berak sorturiko Fiakun zigiluan: Slow Dancing in a Burning Room (2012) eta We Walked Home Together (2014). Hemendik aurrerako bere sorkuntzak Aitor Etxebarria izenez sinatuko ditu, «DJ jarduna eta sortzailearena bereizteko». Bilboko Kafe Antzokian kontzertua eskainiko du bihar (22:00), musikari lagunez inguratuta.
Musikariak ipurterrea izan behar du bokazioz?
Ikuskizunen gure mundua gorabeheratsua da, ez da lineala, eta zuk ez baduzu jartzen zure partetik, galdua egon zintezke. Komeni da burua leku askotan sartzea, hasieran behintzat. Niri, artearekin zerikusia duen guztia interesatzen zait, eta saiatzen naiz ipurterrea izaten, bai.
Izatez, heziketa klasikokoa baitzara, nahiz eta musikari elektronikoa izan egun.
Familiako giroak bultzatuta, txikitan solfeoa, pianoa, kantua eta halakoak ikasi nituen. Gero, nerabezaroko errebeldia ohikoa zela eta, utzi egin nuen, harik eta 18 urterekin perkusio klasikoa ikasten hasi nintzen. Nabaritu nuen handiegi geratzen zitzaidala mundu hori... Binilo dendetara joaten, bidaiatzen hasi nintzen, eta mundu klasikoaren eta elektronikoaren arteko gatazka elektronikoak irabazi zuen. Egiten ditudan gauzek badute eraginik klasikotik, ordea, eta ondo etorri zait ikasitako hura.
Zerk piztu zizun musika elektronikorako zaletasuna?
Euskal Herrira musika joerak beti berandu iritsi izan dira, eta baita musika elektronikoari dagozkionak ere. Atzerriko aldizkariak irakurtzen hasi nintzen, batez ere Frantziako Trax. Hor jaso nuen technoaren beste irudi bat aurrenekoz, ordura arte Euskal Herrian oso irudi estigmatizatua baitzuen musika elektronikoak; bakalaoarekin, auto tuneatuekin, drogekin lotzen zen bakarrik... Eta orduan hasi nintzen ezagutzen Alemaniako elektronika minimalagoa, ambient kutsu handiagoa zuena, soft-agoa. Artistikoagoa iruditu zitzaidan musika hori, eta interesatzen hasi zitzaidan. Harrezkero, ikasten ari naiz egunero.
Oraindik bigarren mailako artetzat hartzen da musika elektronikoa Euskal Herrian?
Zertxobait aldatu da. Duela sei-zazpi urte, penagarria zen. Oraindik estigma handia zuen, baita neure belaunaldikoen artean ere; oso aspergarria, egiten erraza... eta, are, esaten zen espainiarrek entzuten zuten musika zela, eta ez euskaldunok. Pixkanaka, herri batzuetan hasi ziren techno jaiak egiten, Bergaran esaterako. Gu ere bai Gernikan, eta Bilbon edo Donostian ere zabaldu da musika elektronikorako joeratxoa. Metafora polita izan liteke biharko kafe antzokiko kontzertua. Azkenengo bi urteetan zerbait normalizatu da egoera, nahiz eta oraindik, normala den moduan, Berlin, Londres edo Chicagorekin alderatuta ,atzeratuta joan. Beti goaz haien itzalean, baina hor goaz.
Zu zeu Euskal Herrian baino hobeto hartzen zaituzte kanpoan?
Tira, kanpoan hasi nintzen jotzen, baina ez nago kexatzeko. Azken urteetan egin didate leku bat Euskal Herrian ere; ez dago klub girorik eta halako musikarako areto egoki askorik, baina daudenetatik deitu izan didate; BBK Liven jo izan dut, eta BIME jaialdian ere bai. Baina asko dago hobetzeko, bai, oraintsu arte ghetto bat izan baita musika elektronikoa gurean.
Eta nola egin ghettotik irteteko?
Bada, ekinbide txikitxoak oso egokiak dira; espezializatuak ez diren hedabideetan kasu egitea, edota udal batek techno jaialdi bati babesa eskaintzea.
Ostiraleko kontzertua ez da ohikoa zure jardueran. Musikariz inguratuta igoko zara oholtzara.
Lehen disko luzea kaleratzean, Vienako promotore batzuek deitu zidaten esanez ea aurkeztuko nuen diskoa, baina formatu berezi batekin. Eta animatu egin ginen, ni neu, Ibai neure anaia pianoan, Hannot Mintegia Audienceko gitarra jotzailea eta Beñat Narbaiza Normaneko kantaria; non eta Vienako Volks Theatre antzokian jo genuen, Mozarten piezak jotzen dituzten leku berean.
Bihar horiek beraiek eta Napoka Iriako Miren Narbaiza eta Ander Mujika ariko zarete, seikotean. Zergatik musikari horiek?
Anaia piano jotzailea da, eta maisua, eta ondo konpontzen gara. Gainerakoak oso hurbilekoak ditut, eta egiten dutena gustatzen zait. Musikari ipurterreak dira denak ere, eta saltsan sartu zaleak. Iazko apirilean kaleraturiko diskoan parte hartzeko esan nien Napokakoei, eta orain zuzeneko emanaldian ere ariko dira.
Zer eskainiko duzue?
Joko ditugu azken diskoko lauzpabost abesti, baina dezente moldatuta, ukitu noisy eta ero batekin. Bi abesti berri ere joko ditugu, oraintsu sortu ditudanak. Hemendik zenbait hilabetetara lan berri bat ateratzeko asmoa daukat Aitor Etxebarria izenarekin; eta lehen diskoko bi hit ere bai. Uste dut dibertigarria izango dela.
Musika elektronikoko zein aldaerak erakartzen zaitu orain?
Musika jartzeko orduan, DJ modura aritzean, Chicagoko technoa edo Berlingoa jartzen dut normalean. Pieza berriak sortzeko orduan, egile sena ateratzen zait gehiago. Aurreko bi lanetan pop aldera egin nuen, baina orain musikaren alde ilunagoa interesatzen zait. Beat eta musika frekuentziek bihotz taupadekin eta burmuinaren erritmoarekin nola bat egiten duten ikertzen nabil. Horretan nabil, arbasoen erritmoekin batzen gaituena arakatzen edo...
Aitor Etxebarria, 'El_Txef_A'. Musikaria
«Oraintsu arte ghetto izan da gurean musika elektronikoa»
Musikariz lagunduta, kontzertu berezia eskainiko du bihar Bilboko Kafe Antzokian, El_Txef_A Band Experience izenarekin; bere alderik akustiko eta barnekoena azalduko du musikariak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu