Iritzia. Patziku Perurena

Orantza aroko txermoniak

2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Orantzaro arratsean poza eta pena sentitu nuen Leitzan. Poza, behiala Urtsula Azpirotz Danboliñenak emandako arrastoari esker, Orantzaroren kanta xaharra jaso eta kantatu zuelako Jeiki koruak. Pena, koreografia apainegiak, Orantzaroren mezu hain xinplea ikusten ere kasik utzi ez zidalakotz. Badakit merkatu honek bere bostean segi beharra daukala. Naziogintza guziak izan baitira xelebre. Eta gure ezindu hau, nola ez?... Baina kontrapuntuak azaldu zaizkio Leitzan bertan. Nik horren maite ditudan kontrapuntu ernagarriak.

Carnicerias Viejas kaleko arraiak

Ikasi nuen behin, Iruñeko Carnicerias Viejas kaleari Arraias Orantza deitzen omen ziotela. Eta nire burutazioak egin ere bai, testubarren horretan Arraias horrek, inondik ere, gure gaurko erraiak esan nahiko zuela azalduz. (Ikus Harrizko Pareta Erdiurratuak liburuan 161-167 orriak, beren akats eta guzi). Beti bezalatsu, barre egin zidaten Unibertsitate eta Euskaltzaindia arteko zubian gizendutako filologo ofizialek.



'Espetar que llaman Herraya' (1548)

Paulo Iztuetak, Erdi Aroko jauntxoaren Berastegiz ari dela, honela dio hiru liburukietatik bigarrenean: «elizan eskaintzen ziren opariak, hauek izaten ziren: ogitxoak, argizaria eta haragi puska, 'arraia' deitzen zitzaiona» (54 or.). Baina, aldez aurretik egindako aipamen berbera, testuala dizu: «hobladas, cera y espetar que llaman herraya» (49 or.). Hor dabiltza beraz, Erdi Aro ilunean, nik Iruñeko Arraias Orantza hartan sumatzen nituenak: haragi puskak edo erraiak alegia. Eta begira gazteleraz ere, espetar horren esanahirik zaharrenei interneten. Eta oroit gure puskabiltze usario luzekoaz, burruntzia lagun. Edo R. M. Azkuek jasotako honetaz: «Urte barri-barri, txarri belarri, daukonak eztaukonari, imilaun bat gari». Horra Orantza Aro errukitsu baten aztarnak nonahi. Eta ez atzendu behiala Pello Esnali bidali nizkion txermoniok ere:

Txermoni eta beste '-moni' batzuk

«Oraintxe duk garaia. Zenbat aldiz ibiliak ote gaude txermoni partitzen!… Zerria hil aldiro. Sosik haundienak ematen zituzten etxera joan nahi senide guziak eta, elkarren espan hantxe… Gero armoniak, gelimoniak, oilomoniak...Azkueren hiztegian ikusi nituenean harriturik gelditu ninduan. Usario hori ongi aztertzeak ere mereziko likek: ar- geli- oilo- +-moni… delakoa, alegia.

Baita -moni horren hedadura semantikoa ongi aztertzeak ere mereziko likek. Ikus Leitzako Errege Erreginak liburuan (484.or): «—Nik esan dit Ani. —Hik esan tzak Muni»... Alde batetik hire querimonia zentzu hori, burrukarako demandarena alegia, baina, bestetik: gauzak puskatzekoa, txikitzekoa. Esan nahi baita: muni(tu) = puska(tu). Horretatik gero txermoniak = txerripuskak sinonimia garbia. Gehiago esanen diat oraindik: kontuotan, ijito kastakoeuskaldunak hituan eta dituk oraindik nagusi, eta apustu eginen nikek moni horren sorburua ijito hizkera sorginekoa dela. Ikus Orotariko Euskal Hiztegian«1 moni» edo «monitu» aditza». Eta erne, testubarren honetan maiz ageri den Ani sorgin eta bere kutsukoekin ere: Anikote, ondoko Anikeko….

Gaur arrantzale; ikazkin atzo; bihar auskalo

Inori barre egiteko presa haundia izaten duten jakintsu horiek alde batera utzita, hona berriz ere urrezko giltza, xahar ezjakin horien hitza:

Orantzaro begigorri,

non harrapatu duk arrai hori?

Anikeko barriketan,

bart gabeko hamaiketan,

Zer hebillen garai hartan?

Zeruko izarran kontaketan

Lurreko belarran zamaketan

Leitzako maisu-maistra xaharrei Joamari Barriolak eta Fernando Oiartzunek jaso dizkien lau kantetan ageri da «arrai» hori? Bila interneten ALKE hitza sakatuz. Goseak eragindako gaulapurreta da hor kantagai. Baina zer klasetakoa ote da zorioneko «arrai» hori? Bixigua edo legatza? Txitxarroa edo berdela? Oilarra edo zapoa?... «Hi bai zapoa! Hori duk gibel-arraiak esaten dena, edo buru-arraiak, edo... arrai klase hori biñipiñ». Horratx! Batere eskolarik gabeko xaharrok berriz ere jakintsu. Banengoen ba ni, nola arraio izan zitekeen gaur arrantzale bart arratsean bertan ikazkin uniformetu digutena. Hala ere, ikusiak ditut «arrai» arrotz baten seilua dakarten Olentzeroren irudi franko. Lehengoan alabak eskolatik ekarri zidana eta orri honetan jasoa duzuena lekuko.

Goseak mila begigorri, Petiri:

Eta berriro diot, alfer alferrik. Bai,«arrai» arraio horiek, garai honetako haragi puska hagitz jakinak direla, zerria hil ondoan, leihoz kanpotik bizpahiru gau egiten dituzten birika-gibel-arrai horietxek. Eta gauez leihoa (balkoia, atalgaina), neguko hozkailu denez, hantxe dizu begia gorri-gorri goseak (eskazaleak, erromesak, pelegrinoak, ijitoak… ); eta deskuidatu ezkero hatzaparra ere bai agudo. Gosearen pertsonifikazioak, Petirigorrik, Orantza Aroan, mila begigorri erne izaten baititu, Orixek ederki euskaratu bezala:

urteak egun ainbat begi eta bat[geigo;

gurdia añeko sabel, aurpegi

[dana ago…

Eta zer ote ziren Orantza Aroan leiho-ate-balkoietan ipintzen ziren orotariko pantomima haiek, orotariko lapur arriskutik «arrai» arraio haiek eta gainerako zitzi puska guziak zaintzeko txorimaloak izan ezean?...

Orantza Aroko pantomima polimorfoak

Bejondiela kastako amon xahar sorgindu horiei: Azpirotz, Sagastibeltza, Lasarte, Gogortza, Zabaleta...Jakintsu berrion espantuak erraustuz, xuhur bezain xalo erakutsi baitigute Orantzaro bezpera gauez, nola atso hala agure, (hortik gero atxauretu atsoaguretu
aditzera xuhurra ere; ikus Trapuan pupua, 173-74. or.), orotarikopantomimak paratzen ziren Leitzan leihoetan, balkoietan, ataurretan... Atzo goizera arte ugaria bezain pilomorfoa izan dela, alegia, Orantza Aroko pantomimen usarioa, eta ez inondik ere atzenaldiko nortu eta uniformetua.

Baina noiz, nola eta noren eraginez hasi zen behialako ugaritasun hura uniformatze eta nazionaltze kontua? Hori da ikerleak egin behar duen galdera xuhur bakarra: noiz, nola, noren eraginez uniformetu eta nortu da Orantza Aro zelako ugaritasun polimorfo hura? Eta noiz sortuak dira Orantzaroren irudi uniformetu horren kutsuko kantak. Zer diote letra horiek. Horren zaharrak ote dira?...

Munduan ez da folklorea baino gauza mestizoagorik eta bilauagorik, baina guk, ez dakit zergatik, baskoien noblezara jaso arteko onik ez dugu izaten. Hasieran «entendimentu gabia» zen buruhaundi hura ere «entendimentuz jantzi» baigenuen segituan, naturaren lezio noble sekulakoa omen zekarrelakoan, eta abar eta adar... Bai, txorimaloaktxorion bihurtzeko gure grina, hagitz humanoa da, eta endemas garai honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.