Besteren larruan jartzea erabaki du Ruper Ordorikak. Halako behar bat sentitzen zuela, eta, beraz, egin du bertsio disko bat. “Gutizia bat izan da”, aitortu du gaur Bilbon eginiko aurkezpen prentsaurrekoan. Horregatik jarri dio “Azukre koxkorrak” izenburua bildumari (Elkar). Azaldu duenez, ez da garai edo musika bati buruz egindako berrikuspen kritikoa izan. "Ospatu egin nahi nuen". Eta musikariak gustuko dituen abesti sorta baten irakurketa pertsonala dakar diskoak. Azken urte eta erdian grabatu ditu abestiak, eta esperientzia “oso polita” izan dela adierazi du.
Jolasteko gogoz hartu omen ditu kantak. Eta buelta eta buelta ibili ditu, harik eta bere egin arte. Hamabi abesti hautatu ditu diskorako: Hertzainak taldearen 'Sigarrillos amariyos'. Itoizen 'Ezekielen prophezia'. Kortaturen 'Sarri, Sarri'. Koska taldearen 'Garraztasuna'. Txomin Artolaren 'Txakurren partia'. Errobiren 'Kanpo'. Oskorriren 'Emazurtz'. Xabier Leteren 'Izarren hautsa'. Delirium tremensen 'nahia'. Etxahun Iruriren 'Ama Euskadi'. Balerdi, Balerdiren 'Nun duzu zauria?'. Eta Mikel Laboaren 'Gure bazterrak'.
Hizkuntzaren garrantzia
Laboaren omenez sorturiko Txinaurriak diskorako egindako azken bertsio horrek piztu zion harra, azaldu duenez. Eta sortan etorri dira gero besteak. Lasai aritu da, halere, lanean. Kantak binaka prestatu eta grabaketak aldian-aldian egiten. Ohiko taldea izan du horretarako ondoan. Arkaitz Miner, Fernando 'Lutxo' Neira, eta Hasier Oleaga. Izan du gonbidatu bat ere, ordea. Ben Monder gitarra jotzaile iparamerikarrak ere kolaboratu du diskoko kanta batzuetan. “Orain arte egin ditut diskoak hizkuntza ulertzen ez zuen jendearekin, baina kasu honetan, testuagatik eta erreferentziengatik iruditu zitzaidan garrantzitsua zela hizkuntza eta kantuak ezagutzen zituen jendearekin lan egiteat”.
Bihar argitaratuko du BERRIAk musikariarekin egindako elkarrizketa.