Oreka TX taldeak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hainbat kontzertu eskainiko dituzte elkarrekin Hego Euskal Herriko hiriburuetan, bihartik aurrera.
Donostian bihar eta ostiralean izango dira emanaldiak, Kursaalean; Gasteizen hilaren 21ean, Principal antzokian; Iruñean hilaren 22an, Baluarten, eta Bilbon hilaren 23an, Euskalduna jauregian.
Ivan Fedelek ondutako Txalaparta obra lehenengoz joko du orkestrak. Lan hori programak biltzen dituen hiru obretako bat da.
Gaur goizean eman dute saioen berri, eta aurkezpenean izan dira, besteak beste, Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte Oreka TX taldeko txalapartariak, Andrey Boreyko Euskadiko orkestraren zuzendari gonbidatua, Íñigo Alberdi zuzendari nagusia eta programan parte hartuko duen Daniel Müller-Schott musikaria.
Oreka TX taldeak orkestra batekin bakarka jotzen duen lehen aldia izango da —1997. urtean sortu zuten taldea—.