Donostiako 77. Musika Hamabostaldia

Organo ondarea zabaltzen

Gipuzkoako hainbat elizatan joko dute Organo Zikloko musikariek, lurraldeko organo ondare aberatsa ezagutzera emateko helburuarekin. Hamabi kontzertuk osatzen dute zikloa

Daniel Roth, Loreto Fernandez, Ana Belen Garcia, Esteban Elizondo eta Jose Antonio Etxenike, atzo, Donostian, Koruko Andre Mariaren Basilikan. JON URBE / ARP.
Donostia
2016ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostiako Musika Hamabostaldiko 33. Organo Ziklora Alemania, Frantzia, Austria, Italia, Hego Korea eta Espainiako interpreteak etorri dira, Gipuzkoako hainbat elizatako organoak jotzera. Bertako interpreteak ere egongo dira dagoeneko hasi den organo zikloan; Ataungo San Martin Toursekoaren elizan eman zioten hasiera programari, igandean.

Donostian eta Ataunen ez ezik, Usurbil, Orio, Tolosa, Azpeitia, Azkoitia eta Debako elizetan ere emango diren hamabi kontzertuk osatzen dute zikloa. Jose Antonio Etxenike Hamabostaldiko zuzendari laguntzaileak azaldu duenez, elizetako organoak ezagutarazi nahi dituzte; izan ere, Esteban Elizondo zikloko koordinatzaileak dioenez, «organo ondare aberatsa» du Gipuzkoak. Juan Paradell organistak ere Euskal Herriko organoen kalitatea nabarmendu du: «Garai guztietako organoak daude, erromantikotik sinfonikora».

Zikloarekin batera, urtero bezala, Organo Erromantikoko Nazioarteko Ikastaroa egingo da. AEBetatik, Japoniatik eta Europako hainbat herrialdetatik iritsitako ikasleek hartuko dute parte, eta Daniel Roth ariko da irakasle lanetan. Etxenikeren ustez, «zorionekoak» dira Roth hemen izateagatik: «Munduko organista onenetarikoa da». Konpositorea pozik agertu da ikasleekin, berak proposatutako programa oso ondo prestatu dutelako: «Oso ondo moldatu dira».

Organoz organo

Irakasle aritzeaz gain, zikloko kontzertuetako batean jardungo da Roth. Donostian, Koruko Andre Mariaren Basilikan izango da gaur, arratsaldeko zortzietan. Bach, Franck, Widor eta Wagnerren obrak joko ditu. Joonho Park organistak ere gaur emango du kontzertua Tolosako Andre Maria elizan, bertan dagoen 1885eko organo erromantikoarekin.

Bihar, hilak 10, Marie-Bernadette Dufourcet eta Naji Hakimek osatzen duten bikoteak bi sorkuntza lan estreinatuko ditu: Dufourceten Denbora eta Hakimen Hiru euskal dantzak. Bach, Widor eta Durufleren lanekin osatuko dute Donostiako Artzain Onaren Katedralean emango duten kontzertua. Azpeitiko Loiolako Santutegiko Cavaille-Coll organoa jotzen, aldiz, Burkhard Ascherl izango da; 1889ko organoaren soinua ez da aldatu inauguratu zutenetik, eta hori nabarmentzen duten obrak hautatu ditu organistak.

Entzuleak «abesten» jarri nahi ditu ostegunean Loreto Fernandez Imazek, Donostiako San Ignazio elizan egingo duen kontzertuan. Bertako organoa 1914an egin zuten, eta berriki zaharberritu dute. Omenaldia egin nahi die Max Reger eta Cesar Francki, baina autore garaikideen obrak ere joko ditu; Fernando Gonzalok idatzi duen Regina Caeli obra estreinatuko du. Egun berean, Debako Andre Mariaren elizan, Fernandezen ikasle izaniko Ana Belen Garcia ariko da, eta organistak dioenez, «programako salbuespena» izango da. Hondore abesbatzaren laguntzarekin, eta Jesus Mari Unanueren gidaritzapean, Alexandre Guilmanti omenaldia egingo dio. Willibald Guggenmos organistak ere ostegunean joko du, Azkoitiko Andre Mariaren elizako Cavaille-Coll organoarekin, Euskal Herri osoko organo aipagarrienetako bat. Tomas Garbizu euskal musikagilearen lan bat interpretatuko du, besteak beste.

Zikloa hilaren 12an amaituko da, Organo Erromantikoko Nazioarteko Ikastaroko ikasleek emango duten kontzertuarekin, Donostiako Koruko Andre Mariaren Basilikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.