Oroimenaren aurkikuntza

Zazpi liburuki behar izan zituen Marcel Proustek 'Denbora galduaren bila' obra taxutu eta harekin literaturaren historia orrietan letra larriz idatzitako lekua irabazteko. Ehun urte dira hil zela.

Marcel Proust idazle frantsesa (Auteuil, 1871-1922, Paris). JEAN-LOUIS LOSI / CARNAVALET MUSEOA.
itziar ugarte irizar
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Behin eta berriz itzultzen da aipamena askotariko literatur enkontrutan, izan liburu aurkezpen bat, izan bestelako solasaldi bat. «Prousten madalena» aipatzen du norbaitek, eta berez hasten da irudia martxan: Denbora galduaren bila-ko narratzaileak madalena hartu, ahora hurbildu, eta haren zaporearekin ume sasoiko oroitzapenak berreskuratu zituen bezala, memoriaren isuriak hedatzen jarraitzen du ondorengoen gogoetan. Lagun baten etxeko altzariak, kaletik doan ezezagun baten ibilerak... eszenarik arruntenak memorian galduta zirudien hori ekartzeko duen ahalaz ohartarazi zuen Proustek literaturaren historiako pasadizorik famatuenetako hartan. Mendea bete berri da idazlea hil zela, eta, oraindik ere, ehun urteren buruan irakurle eta idazleek berresten segitzen dute aurkikuntza, hainbestetan, «Prousten madalena» ahotan behin eta berriz hartuz.

Orain argi eta garbi madalena dena, ordea, bizkotxo formako galleta bat izan zen aurreko bertsio batean; eta ur berotan bustita bigunduko zen ogi pusketa siku bat are aurreragoko uneren batean. Egilearen heriotzaren mendeurrenaren harira, ugaritu egin dira aurten Denbora galduaren bila obra mugarriaren inguruko argitalpenak eta egitasmoak, eta orain arte inoiz argitara atera gabeko materiala ere atera da bistara. Izan ere, eta ikerlarien zorionerako, amaitutako testuez aparte, idazketa prozesuan pilatutako paper mordoa gorde zuen Proustek, eta zirriborro, eskuz zein makinaz idatzitako eskuizkribu eta edizio markaz beteriko dozenaka dokumentu horiek Parisko Carnavalet museoan jarri dituzte bisitagai aurten, idazlearen objektu pertsonal ugarirekin batera. Nathalie Mauriac komisarioetako batek aurkezpenean aitortu zuenez, aski konplikatua izan da haren paper artean ordena logiko bat antolatzea, hamarkada pasako tartean publikatu bazuen ere, hein handi batean, aldi berean idatzi baitzituen Proustek Denbora galduaren bila osatzen duten zazpi liburukiak, eta, zirriborroek salatzen dutenez, buelta ugari eman baitzizkion zazpi aleen antolaketari. Azken emaitzak, baina, auzitan jartzea lortu zuen sasoiko nobela garaikidea.

«31 urte ditut, eta oraindik ez dut ezer egin». Robert de Montesquiou aristokrazia paristarreko kideari egin zion aitorpen hori idazleak, artean giro hartako beste kide bat gehiago zen garaian. Ordurako publikatua zuen Les plaisirs et les jours (1896, Plazerak eta egunak) narrazio liburua, baina zazpi urte luze falta ziren behin betiko izena eman zion obrari heldu zion arte. Tartean, 1906an, Jeanne Weil ama galdu zuen, eta kolpe handia izan zen hori idazlearentzat. Hura gertatu, eta hilabete batzuk baino ez ziren igaro Denbora galduaren bila idazteari ekin zionetik; behin ekinda, hamabost urte egon zen buru-belarri horretara, 1922an hil zen arte, pneumonia batek jota—gaixoaldi luzeak izan zituen umetatik, eta ohean eman zituen ia-ia azken hiru urteak ere; han idatzi ohi zuen, lumaz eta gauez—.

Dimentsio autobiografikoa

Zazpi liburukitako lehena, Swann-enetik, 1913an kaleratu zuen azkenean Proustek —euskarara 2010ean heldu zen, Joxe Austin Arrietaren eskutik—, eta ordurako erretiratua zen Paris aldirietara, aurreko bizitza sozial oro ia errotik moztuta. Lehen Mundu Gerra amaituta heldu zen bigarren alea, À l'ombre des jeunes filles en fleur (1919), eta beste bi argitaratu ziren egilea artean bizi zela: Le côté de Guermantes (1920-1921), eta Sodome et Gomorrhe (1922). Hil ostean, haren anaia arduratu zen prest utzitako beste hiru liburukiak plazaratzeaz: La prisonnière (1923), La fugitive (1925) eta Le temps retrouvé (1927).

Lehen pertsonako ahots narratiboa da, batik bat, liburu guztiak —3.200 orrialde— liburu bakar bihurtzen dituena. Parisko gazte bat da kontalaria —Prousten alter egoa—, idazle izan nahi lukeena, baina denboraren parterik handiena aisialdiari emana bizi dena. Madalenaren eszena hasi-hasieran jarrita, oroimenera jotzeko bidea irekita uzten du lehenengotik narratzaileak; haurtzaroko sasoi alaiak aletzeko, aristokrazia giroetatik urruntzen den norbait agertzeko aurrerago, eta, denborarekin, gizartearekiko kritika sakonago bat egiteko. Bestela esanda, idazleak baliatu zuen material autobiografikoa ez zen izan oinarri bat baizik, kanpoko munduaz uste zituenak plazaratzeko.

Prosa pausatu eta analitikoa zen Proustena, analogia luze eta askotarikoekin josia. Modu xehean ematen zuen, hala, narratzailearen zein haren inguruko pertsonaien bizitzen berri —gertutik ezagutu zituen artista, aristokrata eta senideen ezaugarriak nahastu zituen horietan—, eta maitasunaren, homosexualitatearen, anbizio artistikoaren, bizioen zein bertuteen hamaika aldaera arakatzen zituen tempo horretan.

Azkenean, eta obraren ardatza oroimenarekiko aukera dela berretsiz, iragandako bizitzak, haren edertasun eta miseriak, oroitzapenetan irauten duela ikasten du narratzaileak, eta horrela berreskuratzen du, batetik, denbora galdua; eta horrela lortzen du, bestetik, beti izan nahi zuen idazle bilakatzea, hondarrean ekiten baitio, hain justu, bere bizi istorioa berrasmatu eta idazteari, irakurleak jada leitua duen hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.