Oroitzeaz gain, fikzioa eraiki

'Mu-to' dantza ikuskizuna izanen da gaur Iruñean, oroimenetik abiatu eta fikziorainoko bidaia bat

Ander Perez Argote
Iruñea
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Oroimenean zeharreko bidaia berezi bat ekarriko du gaur Iruñera Laida Azkona dantzariak. Hala, amaiera jarriko dio duela urtebete hasitako Mu-To proiektuari. Prozesuaren hirugarren eta azkeneko fasea, Txinaraino zulatu tunel bat izenekoa, taularatuko du Iturramako Civibox aretoan, eta ideia baten bueltan eginen du dantza: «Ezinezkoa da lehenaldia izan zen moduan gogoratzea, oroitzea beti baita orainaldian egiten den sorkuntza arrazionala, eraikia».

Abiapuntu hori hartuta, bidaia bat proposatu nahi dio Azkonak ikusleari, norberaren bizipenetan hasi eta fikzioaraino, oroitzapenaren eraikuntzaraino doan bidaia. Sortzera bultzatu nahi ditu ikusleak. «Ezin badugu lehenaldia objetiboki jaso, asma dezagun».Eta ikuslea bera bezain protagonista nahi du.

Finean, memoria pertsonala eta kolektiboa lotu nahi izan baititu Azkonak bere ikuskizunean. Horretan datza ikuslearekiko harremana, dantzariaren eta ikusleen arteko «nahasketan».Badira pertsonok gure memoria kolektiboan gordetako pertsonaiak, kanonak eta egoerak. Hain zuzen ere, horiek gorpuztuko ditu Azkonak oholtza gainean, eta horiek asmatu beharko dituzte ikusleek.

Hala, «joko interaktiboa» zirriborratuko du ikuskizunak, dantzaria eta ikuslea elkarlanean jartzeko. Horretarako, eszenografia xumea da: hainbat jantzi elementu, objektu gutxi batzuk eta ikus-entzunezkoak erreproduzituko dituen pantaila bat. Horien bitartez, galderak eta testuak helaraziko zaizkio ikusleari, irudi itxuragabetu eta koloretsuak, «ametsen itxurakoak», bere memorian zulatu eta Azkonak irudikatuko dituen pertsonaia eta egoerak asma ditzan. Eta, memoria kolektiboak huts egiten ez badu behintzat, erraz asmatuko ditu ikusleak egoerak, «guztiok ezagutzen ditugunak» baitira. Oroimen kolektiboan ariketa egin dezan, beraz, «ateak zabaldu» nahi dizkio dantzariak ikusleari.

Mutazioa, errealetik eraikira

Mutazioaren kontzeptuarekin hitz-jokoa egin nahi du ikuskizunaren izenburuak: Mu-To. Azala aldatuko du Azkonak oholtza gainean, eta azala aldatzera bultzatuko du ikuslea ere, jauzi egitera, oroimena birsortzera. Eta aholku bat ere transmititu nahi du ikuskizunaren bitartez: «Oroitzapen batekin iltzatuta geratu bazara, asma ezazu». Baita aitorpen bat ere: «Jolas honek oroitzapen pertsonalen egiazkotasuna manipulatzen du». Hala barneratu nahi du obrak ikusleen memorian, berrasmatzeko. Mutazioaren bitartez, oroitzapenari errealismoa bilatu nahia alderatu eta norberaren desiren arabera eraikitzeko.

Mu-To, zeina «gogoeta prozesu pertsonal bat» izan den, ikuslearekin partekatu nahi du Azkonak azken fase honetan. Eta amaiera baino gehiago, orain arteko sintesitzat jotzen du gaur ikusgai izanen dena. Sormenean oinarritua egon den prozesu «interesgarriaren» erakusleihoa.

Hierba Roja dantza konpainiaren laguntzarekin prestatu du Azkonak ikuskizuna, eta hainbat kolaboratzaile izan ditu prozesuan. Azaroaren 5ean egin zuten jendaurreko entsegua, Bilbon, eta bihar estreinatuko dute, Iruñean. Urtarriletik aurrera, beste hainbat lekutan emango dute, eta orduantxe itzuliko dute ikuskizuna euskararaeta ingelesera; biharkoan, ordea, testuak gaztelaniaz idatziak izanen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.