Xan Aire
Zuberotar batek ikuskizuna idazten duenean, pastoralari pentsatzen da. Hori bera xuxurlatu zen Baionan, Pier Paul Berzaitzek Orreaga idatzi zuela jakitean: pastorala ikusiko zela zezen-plaza batean, lehen aldikoz. “Pastorala ez dut Zuberoatik esportatu nahi”, erantzun du, geroztik, idazleak. Ikusgarri berezien usaia badu, gainera, Berzaitzek: 1995eko Elkanoren Semeak hamaikaren gogoan egon da. Oholtza erraldoiarekin, aktoreak hamarka, antzerkia kantatuz, Euskal Herriari estilo berria ekarri zion zuberotarrak. Geroztik, Euskal Spiritu (1999), eta Zamalzain (2002) eskaini ditu Berzaitzek. Eta, aurten, Orreaga, gaur ikusgai, Baionako zezen-plazan, 21:30ean.
778. urteko Ibañetako guduak inspiratu du, oraingoan, Berzaitz. Karlomagnok, Frantziako erregeak, Zaragozatik itzultzean, Orbaibarko harana eta Iruñeko hiria txikitu zituen, bere armadarekin. Baskoiek, lehen harrera ongi egin izan arren, jazartzea erabaki zuten. Ibañetako lepoan, Orreagatik (Nafarroa) hurbil, Frantziako armadako atzeko zatiari eraso zieten, Errolan, Karlomagnoren iloba, hilez. Gudua garrantzitsua izan zen Nafarroako erresuma eraikitzeko bidean. Dena den, Frantziatik Errolanen Kanta atera zen, Karlomagno eta bereak sainduen eran aurkeztuz, eta horien etsaiak, berriz, salbaien eran. “Baina ez da zuzen”, dio Berzaitzek. “Euskaldunek ongietorria egina zioten Frantziako armadari. Eta Karlomagnok ezpataren zibilizazioa ekarri zuen”.
Guduaren ingurumen bortitzean, odola, zauria, heriotza. Eta gezurrak ere bai, beraz. Baina Berzaitzek ikusgarri poetikoa egin nahi izan du. “Orreaga ez da bortitza. Gauzak poesian agertzen dira”. Hots, bortizkeria dantzan, eta gezurrak kantuz. Guduaren poesia. Ez du Errolanen Kanta ere zuzenki karrakatu nahi izan. Baina erakutsi gauzak ez direla hain zuri, hala ere, batez ere Frantziako lerroetan. Euskal Herriaren historian une garrantzitsua geratu dela baskoien oldartze hori. Baina bake mezu batekin amaitu.
Lau zatitan, kronologia segituz banatu du bere sorkuntza Berzaitzek. “Lehen aktan, Pirinioetako populu zabal bat erakusten dugu, Karlomagnok zibilizazioa ekarri nahi zuen unean. Baskoiek ongietorria egin ziotela azpimarratzen dugu. Ondotik, Zaragozako gatazka dago. Karlomagnoren haserrea, Iruñea nola suntsitu zuen, eta euskaldunak jazartzen agertzen dira. Hirugarren zatian, Orreagako gudua bera, Errolanen heriotza, eta bere mitologia. Eta azken partean, artzainak. Mendian, naturan, lasaitasunean. Gerren eta gizonen gainetik, hilezinezko elementuak hor baitira”. Berzaitz artzainetan agertzen da, “doi-doia, protagonismoa gazteei eta beste artistei uzteko”. Laguntzaile frankorekin josi du ikusgarria: Juana Etxegoin musikaria, Jean-Marie Gezala kantu-zuzendaria, eta Celia Thomas koreografoa, besteak beste.
Hogei hilabeteren buruan
Theatre du Versant antzerki konpainiako arduraduna Gael Rabas da Orreagako taula zuzendaria. 140 aktore, musikari, dantzari eta kantari zuzendu behar izan ditu, eta zaldiak, pottokak, ala artaldeak menperatu, zezen-plaza zabalean, gainera. “Lau ate ditugu sartzeko. Hiru artistenak, eta bat abereena. Biziki zaila izan da zerbait lortzea. Baina azkenean, emaitza hor izanen dela iduritzen zait, 20 hilabeteren buruan. Eta emozionatu egiten nau”. Ikusgarria 2006an idazten hasi baldin bazen ere, iazko agorriletik badabiltza errepikak egiten, asteburuetan, ezker eta eskuin. Zezen-plazako pista aktore, abere, eta dantzariena da, eta harmailetako parte bat, kantari eta musikariena.
Hainbeste parte-hartzalerekin, zaldun indartsurekin, une epiko eta mitologikorekin, peplum baten itxura du Orreaga-k. Baina konparaketa ez dute gustukoa, ez Berzaitzek, ez Rabasek. “Opera da. Ez du peplumaren alimalekeria, baina ez da txikiegi ere ikusi behar”, dio Rabasek. “Nahiko opera zuzendu ditut Orreaga ere hala dela errateko. Aktoreen kopuru handia, abesbatzak eta bakarlariak, eremuaren erabilera, operaren ezaugarri gehienak hor dira. Baina egia da pastoralaren alderdi sakratu hori daukala”.
Berzaitzek okzitaniera eta frantses pixka batekin nahasi du euskara, ikusgarrian. “Hizkuntza ezberdinetako olerkiak dira elkarrekin nahasiko. Gauza ederra da, itzulpenekin ez baita emaitza aberatsik lortzen”, Rabasen iduriko. Baionako Or Konpon elkartea ere eskertu nahi izan du taula zuzendariak, ikusgarriaren antolaketa erraztu baitu. Batez ere zezen-plazan aritzeko baimena. Bere 30 urteen karietara, zerbait berezi antolatu nahi zuen elkarteak. Orreaga bere ohoretan ere dago.
Emanaldi bakarra izanen da, gaurkoa. “Biziki frustrantea eta polita da, aldi berean”, Rabasen ustez. “Baina ikusgarri ederra lortuko dugunez, beste emanaldiak antolatzea nahiko du jendeak”, erran du, irriz.
Kultura
'Orreaga' gudua, Baionan
Ibañetan 778an izandako guduak inspiratu dio ikuskizuna Pier Paul Berzaitz idazleari, eta pastorala gaur ikusi ahal izango da zezen-plazan, 21:30etik. 140 aktore, musikari, dantzari eta kantari ariko dira, zaldiak eta ardiak egonen dira...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu