Orri ertzetako ezagutza tantak

Aforismoz osatutako 'Ibai ahoak' saiakera plazaratu du Aritz Pardina Herrerok, Balea Zuriarekin. Lau ardatz ditu lanak: lengoaia, denbora, ezagutza eta filosofiaren historia

Aritz Pardina Herrero, Ibai ahoak (Balea Zuria) lana aurkeztu aurretik, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
«Ezagutza eraiki: ezagutza prozesu amaiezin bezala ulertzeak abere arrazionalaren soseguari erasotzen dio». «Txio:twitterreko txoriek asko abesten dute, hainbeste, non melodiatik zaratara iritsi diren». Gehientsuenakhala, lerro bat-bitan sintetizatuta, baina behar izan duenean hamar lerrotik gorako aforismoak ere posible direla sinetsita ondu du Aritz Pardina Herrerok (Orio, Gipuzkoa, 1996) bere estreinako liburua: Ibai ahoak. Hasi eta buka aforismoekin osatu duen arren, saiakera gisa aurkeztu du, eta generoari buruzko gogoeta bat ere erantsi dio azkenetan. Balea Zuriak argitaratu du.

Lehen liburua du hau Pardinak. Filosofia ikasketak egindakoa da EHUn, eta, azaldu duenez, horiek eskatutako lan akademikoak egin bitartean joan zen zirriborratzen han-hemengo orri ertzetan orain Ibai ahoak-en bildu dituen testu puskak. Zehazki, Friedrich Nietzsche filosofo alemanaren inguruan sakondu zuen unibertsitatean, eta haren eragina nabarmena dela aitortu du egileak, ezer baino lehen. Argitaletxeko kide Juan Ramon Makusok ere berretsi du: «Originala jaso genuen momentutik nabaritu genituen haren [Nietzscheren] sinbolismoa eta dardara testuan. Ez da kasualitatea, Alemanian aforismoak tradizio handia baitu».

Lau ataletan egituratu du liburua Pardinak, eta hizkuntza (Lengoaiaren gazi-gozoak), denbora (Denbora sortzen ikasteko), ezagutza (Ibai ahoak) eta filosofiaren historia (Aforismoak arrazionalismoari) hartu ditu hizpide.

Lehen atalean, hizkuntza «emozioen bozgorailutzat» kokatu du, eta, Nietzscheren bideari jarraituta, jardun arrazionala, finean, sentimenduetan oinarritu ohi dela defendatu du. Hala dio liburua irekitzen duen aforismoak, hain justu: «Abere arrazionala: kontzeptuak arrazoimenak doitu dituen sentimenduak dira».

Ohiko lengoaiaren eta lengoaia artistikoaren arteko aldeak ere aztertu ditu lehen atal horretan—«ez dira kontrajarriak»—, eta «filosofo heroikoa» izendatu duen pertsonaia bati ere egin dio leku. «Ikasketetan ikusi nuen pertsonaia bat da: lengoaia aldrebesten zuten filosofia egiteko, ziurrenik, esan nahi zutena oso argi ez zutelako. Estilo nahasmenak, normalean, pentsamendu nahasmena du atzetik».

Denboraz aritzean, bestalde, musikaren esperientziara jo du egileak, bigarren atalean. Gitarra jotzailea eta musika irakaslea ere bada Pardina, eta jardun horietan ikusitakoak tempoaren kontzeptuari lotuta arakatu ditu. Bizitzaren abiaduraz eta isiltasunaren garrantziaz aritu da bertan, besteak beste, eguneroko egoera konkretuak berreskuratuta hainbatetan.

Askotariko bideetatik aintzira batera heltzen diren urekin erkatu du ezagutza, hirugarrenik, liburuari izena zor dion Ibai ahoak hirugarren atalean, eta «ikuspegi integratzaile» bat eskaini nahi izan duela nabarmendu du. «Ezagutza ez da bakarrik zientzia, artean ere badago ezagutza eta beste erregistro askotan ere berdin». Jakintzak berak gaur egungo munduan duen prestigioaz ere egin du gogoeta atalean, irudipena baitu urrituz doala. «Ohitura dugu ezagutza baliogabetzeko, atzetik interes ekonomikoak, edo bestelakoak daudelakoan. Sarritan entzuten dugu guztia erlatiboa dela, ez dagoela egiarik, ezerk ez duela balio... horren kontra egin nahi izan dut».

Eta azken atalera ere hedatu du jarrera hori. «Arrazionalismoa nagusi izan bada Mendebaldeko filosofiaren historian, horrek kontrako aldera egin du. Nietzscheren eszeptizismoa erabateko erlatibismoarekin nahastu da egun, eta horrek ez du ezertan laguntzen. Zerbait erlatiboa dela esateak ez dauka zentzurik, ordea, ez badira erlazio horiek arakatzen. Atzean zer dagoen ikusi behar da; uste dut hori egin behar lukeela filosofiak».

Definizioa berridaztea

Hitzatzeari Aforismoaren formaz eta edukiaz izena jarri dio Pardinak, eta idazten ari zen liburua ingurukoei azaltzeko hitzak falta zitzaizkiola ohartzean ekin zion hura idazteari. Aforismoaren definizioak berrikusi ostean, inguruan topatutakoek ez zuten «asebete», eta esanahia zabaltzea proposatu du. Euskaltzaindiaren «arau gisa proposatzen den esapide laburra» definiziotik, alemanen ondorengora gerturatzea: «Bizitzari buruzko jakituria eta esperientzia transmititzen duen prosan idatzitako lelo autonomo, labur eta zorrotza».

Definizioetan dena sartzen ez den jakitun, ordea, «aforismoen irakurketaren esperientziari» modu irekiagoan heldu nahi izan dio azken lerroetan egileak, eta euskaraz generoa landu duten egileei keinu bat egin die, hala nola Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide, Ana Urkiza, Karlos Linazasoro eta Ekaitz Goikoetxea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.