Musika Hamabostaldiko kontzertu sinfonikoen txanda hasi zen atzo Kursaaleko auditoriumean, Okzitaniako Tolosako Kapitolioko Orkestra Nazionalak Donostiako Orfeoiarekin eta Orfeoi Txikiarekin batera eskainitako emanaldiarekin. Laugarren aldia da orkestra eta abesbatza elkarlanean aritzen direla, eta Hector Berliozen Faustoren kondenazioa obra interpretatu zuten, beste behin ere. Gaur ere Tugan Sokhiev zuzendari duen orkestra horrek bereganatu egingodu Kursaaleko auditoriuma, 20:00etatik aurrera. Oraingoan, baina Elisabeth Leonskaia pianista errusiarra izango du lagun. «Ez da lan erraza» gaur Kursaalean eskainiko dutena, Leonskaiaren ustez. «Oso lan poetikoa da, bertutetsua, eta piano bidezko esaldiak motzak badira ere, oso biziak dira». Ezaguna da pianista Donostian; 2010ean arrakasta handiz jardun zen Viktoria Eugenia antzokian eskainitako kontzertuan. Gaur egun lotura estua du Euskal Herriarekin, eta 2014-15eko denboraldian Euskadiko Orkestra Sinfonikoko artista egoiliarra izango da.
Gaurko emanaldia hasteko, berriz ere Berlioz musikagilea izango du oinarri orkestra okzitaniarrak, eta haren Erromatar inauteriaren obertura izango da eskainiko duten lehen obra. 1843an idatzitako lan hori, musikagilearen partiturarik ezagunenetako bat da, eta, adituen ustez, obraren ezaugarri aipagarriena konposizioaren orkestratze distiratsua da.
Jarraian, Edvard Grieg norvegiar musikagilearen Pianorako kontzertua interpretatuko dute, eta hor izango da Leonskaia entzuteko lehen aukera. Leonskaiaren beraren esanetan, Norvegiako natura islatzen da lan horretan, eta askok Grieg eta Robert Schumann musikagile alemaniarra alderatu izan badituzte ere, Leonskaiak ez du antzekotasunik nabari bien artean: «Schumannen kontzertua oso alemaniarra da». Pianorako kontzertua lanaren partitura 1868an izan zen idatzia, eta sarritan jo izan dute XX. mendeko piano jotzaileek. Gaur egun, baina, ez da musika aretoetan hain maiz entzuten, nahiz eta beti gertatu ohi izan den harrigarria, interpreteei eskatzen dien maisutasuna dela eta. Lan horretako une askotan, bestalde, Eskandinaviako dantza folklorikoen erritmoa sumatu ahal izango da. Izan ere, bertako eskolako kide aipagarria izan zen Grieg, eta bere herriko folklorean inspiratutako obra oparoa utzi zuen.
Modest Mussorgski musikagile errusiarraren Erakusketa baterako koadroak pianorako obra ere entzungo da. 1874an idatzitako obra horren bidez, zuzendariak Victor Hartmann margolari errusiarrari musika omenaldia egin nahi izan zion haren hainbat lanen interpretazioan oinarrituta. Musika inspirazio sendo hori nabarmena izango da obra osoan; izan ere, askotariko irudiak iradokitzen dira musikaren bidez. Mussorgskiren pianorako obra hori, baina, 1922tik aurrera egin zen ezagun Maurice Ravel musikagileak orkestrarako egindako egokitzapenaren ondoren. Bertsio hori interpretatuko dute, beraz, aipaturiko beste obrekin batera, gaurko Kursaaleko emanaldian.
75. Musika Hamabostaldia
«Oso lan poetikoa eskainiko dugu Kursaalean»
Berlioz, Grieg eta Mussorgskiren lanak emango ditu Okzitaniako Tolosako Orkestra Nazionalak, Elisabeth Leonskaia pianistarekin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu