Ostegunetik igandera bitarte, Umore Azokak 25. aldiz emango die aterpe kaleko arteei

Mende laurdena beteko du Leioako jaialdiak, eta ehun ikuskizun baino gehiago biltzen dituen programa prestatu dute. Euskarak presentzia berezia izango du aurtengoan.

Hortzmuga teatroaren ikuskizuneko irudi bat. UMORE AZOKA
Hortzmuga teatroaren ikuskizuneko irudi bat. UMORE AZOKA
Inigo Astiz
2025eko maiatzaren 13a
04:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Kale arteek Euskal Herrian duten erreferente nagusietako bat da Leioako Umore Azoka (Bizkaia). Programaren oparotasun eta kalitateagatik. Euskal artistek bertan duten parte hartze esanguratsuagatik. Urtero izan ohi duen estreinaldi kopuruagatik. Bildu ohi dituen milaka eta milaka ikusleengatik. Kaleko arteek batzen dituzten diziplinen askotarikotasuna islatzeko izan ohi duen borondateagatik. Profesionalentzako azoka bat ere izateagatik. Nazioarteko programatzaileek bertan izaten duten presentziagatik. Eta, aurtengoan, baita adinagatik ere; mende laurdena beteko baitu aurten festibalak, eta, antolatzaileek onartu dutenez, aurtengo eskaintza bereziki zaintzera eraman ditu horrek. Ostegunean hasi eta igandera arte, guztira 100 ikuskizun izango dira —27 erabateko estreinaldi—, bai eta espresuki jaialdiaren urteurrenerako sortutako bi pieza ere. Euskarak izango duen presentzia da aurtengo beste albiste nagusietako bat.

Guztira, 50 konpainiak hartuko dute parte festibalean, eta Euskal Herrikoak izango dira horietako 23. Euren lan berriak estreinatzeko baliatuko dute aukera haietako gehienek. Eta jaialdiaren diziplinartekotasunaren erakusgarri ere bada euskal konpainien eskaintza.

Berdinki konpainiak Leinua izeneko zirku ikuskizun garaikidea egingo du. Artifiziala antzezlana emango du Flu teatroak. Diaboloa ardatz duen zirku emanaldia kaleratuko du Zirkozaurrek. Txotxongilo saioak eskainiko dituzte Arriera eta Ameztu antzerki konpainiek; Komorebi produkzioak Ardatza. Argilunak dantza emanaldia egingo du; Cielo Raso konpainiak, Reset dantza saio laburra; eta Mattalingo alabak konpainiak Mikel Etxabururen poemak errezitatuko ditu, musikaz lagundurik. Hortzmuga teatroak, bestalde, espresuki jaialdiaren urteurrenerako sortu du Hasta luego, hasta nunca ikuskizuna, eta laguntza izan du horretarako: Dantzerti Euskadiko Dantzako eta Antzerkiko Goi Eskolaren, Artaza Romokoin institutuko ikasleen eta Gure Ohiturak Dantza Taldeko kideen laguntza.

Euskarazko emanaldiak

Euskarak egitarauan izango duen presentzia ere nabarmentzekoa izango da aurten. Euskara hutsezko sei ikuskizun izango dira guztira, bai eta beste hainbat hizkuntzarekin batera euskara ere txertatuko duten beste zazpi ere. Antolatzaileek iragarri dutenez, gainera, emanaldi horien ikusgarritasuna areagotzeko, euskaraz arituko diren konpainiek zapi berezi bat izango dute, eta, Euskaraldiaren kanpainarekin bat eginez, ikusleek euren burua euskalduntzat identifikatzeko pegatinak izango dituzte eskura.

Jaialdiaren izaera «globala» ere nabarmendu dute antolatzaileek, eta bertan bilduko diren nazioarteko konpainien emanaldiak aipatu dituzte horren frogatzat. Munduko yo-yo txapeldunak dira Naoto Okada eta Su Takada bikotea, esaterako, eta Leioan izango dira asteburu honetan, euren Toy toy toy ikuskizuna aurkezten. Haien jardunaren zehaztasuna eta abiadura nabarmendu dituzte programatzaileek. Baina nazioarteko ordezkaritza zabala jasoko du jaialdiak. Besteak beste, Argentinako, Taiwango, Portugalgo eta Espainiako taldeak ere izango baitira Leioako kaleetan. Bereziki handia izango da, esaterako, Herrialde Katalanetako konpainien presentzia. Guztira, Kataluniatik, Valentziatik eta Balear Uharteetako hamabi talde biltzen ditu egitarauak.

Naoto Okada eta Shu Takada bikotearen Toy toy toy ikuskizunaren irudi batzuk

Jaialdiak jasotzen duen proposamen kopuruak ere ematen du Umore Azokaren garrantziaren neurria. Zehaztu dutenez, aurten, esaterako, hiru kontinentetatik iritsitako 600 proposamen baino gehiago jaso dituzte, eta haien artean egin dute programazioa osatzeko hautaketa.

Azoka eta argazkiak

Jaialdia ez ezik, azoka profesionala ere bada Umore Azoka. Hitzaldiak, mahai inguruak eta aurkezpenak antolatuko dituzte Kultur Leioan, eta bertan, esate baterako, artistek euren lanak aurkeztu ahal izango dizkiete nazioarteko programatzaileei. Horrez gainera, euskarak kale arteetan duen lekuari buruzko mahai ingurua ere egingo dute ostegunean, eta artisten estatutuari buruzko solasaldia izango dute larunbatean.

Mende laurdena ospatzeko hainbat proposamen berezi ere prestatu dituzte. Alde batetik, azken 25 urteetako argazkiak biltzen dituen erakusketa egongo da ikusgai Kultur Leioan, eta, bestetik, zuzeneko kontzertuak eta piroteknia ikuskizunak izango dira gauero.

Jaialdiaren webgunean topa daiteke programa osoa eta jaialdiari buruzko informazio guztia: umoreazoka.org.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.