Ostiralean hasiko du ibilbide berria Durangoko Plateruenak

Hiru urtez itxita egon ondoren, 'Piztu argiak' ekitaldiarekin hasiko du bidea. Hiru ardatz izango ditu: euskara, kultura eta sorkuntza

Maider Larrañaga Plateruena Kultur Aterpearen koordinatzailea, atzo, aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Durango
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Hamazazpi urteren ostean, 2020ko abenduan itxi zituen ateak Durangoko (Bizkaia) Plateruena kafe antzokiak; egoera ekonomikoak behartu zituen erabaki hori hartzera. Eraikina udalaren esku geratu zen orduan, baina atea itxi bezain pronto abiatu zuten herriko hainbat lagunek Plateruena eta gero zer? dinamika. Hausnarketa prozesu bat izan da horren emaitza, eta atzo arratsaldean aurkeztu zuten proiektu berria. Izenean dago lehen aldaketa: kafe antzokia zena kultur aterpea izango da orain. Ostiralean abiatuko du ibilbide berria, Piztu argiak ekitaldiarekin, 20:00etan.

Piztu, poztu, puztu lelopean,aurrerantzean Plateruenaren jardunak hiru ardatz nagusi izango dituela kontatu du Maider Larrañaga gunearen koordinatzaileak: «Piztu argiak, poztu bihotzak eta puztu aterpe hau». Durango euskalduntzen laguntzeko gune bat izango da, lehenik; herriko elkarteei eta eragileei aterpe emango die, bigarrenik; eta euskal sortzaileentzako plaza bat ere izango da, azkenik. Era berean, bost funtzio nagusi beteko ditu: «Harrobia, esperimentazio gunea, topagunea, sortzaileen plaza eta oholtza izango da Plateruena». Betiere, garai bateko «erreferentzialtasuna» galdu gabe.

Kudeaketa publiko eta komunitarioa izango du: udalarena izango da, baina herritar talde batekin batera, kultur mahai antolatu bat egongo da. Gutxi gorabehera, herriko 70 partaidek osatuko dute kultur mahaia. Besteak beste, Gerediaga elkarteak, Jaizale txistulari elkarteak, Berbaro euskara elkarteak eta kulturgintzan dabiltzan zenbait herritarrek. Lan lerroak eta ideiak trukatzeko «bilgune bat» izango da, baina, talde eragile bat izango dute gidari. «Udaleko teknikariok osatuko dugu talde hori, eta kultur mahaiko bi kide ere izango dira hartan, komunikazioa zuzena izan dadin», aurreratu du Larrañagak.

Izena aldatzearekin batera, logo berria ere aurkeztu zuten atzoko ekitaldian: «Kubo handi bat da, gauza asko kabitzen dira hartan, baina atea beti zabalik izango duela iradokitzen du».

Aurkezpena, ostiralean

900 kideko kooperatiba batek abiarazi zuen Plateruena, 2004an, Berbaro euskara taldearen laguntzarekin. Aisialdian euskara sustatzen saiatzeko, taberna bat ireki zuten herrian lehenik; eta, gerora, askotariko kontzertuak, hitzaldiak, antzerki saioak, erakusketak... egiten hasi ziren. Kulturgintza eta euskara izan zituen ardatz nagusi hamazazpi urteko jardunean, eta, guztira, 2.000 kultur ekitaldi inguru antolatu zituzten.

Orotara, 22 elkarte eta erakunderen, 34 kulturgileren eta saio irekietan parte hartu zuten 82 lagunen ekarpenekin hartu dute aretoa berriro ere martxan jartzeko erabakia: «Eraikin honek behinola zuen distira berreskuratu nahi dugu».

Ostiralean egingo dute aurkezpen ekitaldia, 20:00etan. Leire Vargas idazleak gidatuko du saioa, eta Durangaldeko eta Euskal Herriko artistek parte hartuko dute. Tartean, Anari Alberdi musikariak, Peru Magdalena idazleak, Aitor Bizkarra bertsolariak eta Odei Barroso bertsolari eta rap abeslariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.