Gitarra jotzen hasi zenetik jorratu du inprobisazioa Xabi Strubellek, eta etxean egiten dituen inprobisazio saioek «Jorge Oteiza klarionen tailerrean eskultura txikiak egiten sentizitekeen bezala» sentiarazten dute, esperimentatzeko ematen dioten aukerarengatik eta askatasunarengatik. Teknologia berriek horretarako ematen dioten erraztasunak baliatuz, iaz grabatutako sei saio esperimentalen grabazioak jarri ditu Interneten doan eskuragai, Aeioummmmm izenburuaren azpian batuta, ildo horretako haren lana ezagutu nahi duenarentzat.
«Musikari gisa nik badaukat nire proiektua, Zura taldea», argitu du Strubellek. «Talde egonkortua osatzen dugu gaur egun Zurakook, eta disko berria lantzen ari gara, dena ondo baldin badoa aurten kaleratzeko asmotan, irailean edo. Baina ildo horren ondoan jorratzen dudan bigarren ildo bat da etxeko inprobisazio saioena. Ildo esperimental eta etxekoiago hori ere musikariaren bizitzan sartzen da, taldean egindako lanaren ondoan, eta taldean egindako lanarekin batera».
Diskorik grabatu gabe, «Internetera eraman daitekeen lehengaia» eskaintzen dio ildo esperimental horrek. «Teknologia berriak baliatuz horretarako aukera dudanez, gustatzen zait horrelako lanak sareratzea. Lan esperimental hori ez da disko batekoa bezain txukuna, ez dago disko bateko lana bezain bukatua, baina uste dut garrantzitsua dela euskal musikariok gure eguneroko prozesu horiek eta gure esperimentazio horiek euskal musikazaleekin partekatzea».
Prozesuak erakusteko modua
Internetek eskaintzen diona «oso formatu polita» iruditzen zaio grabazioak erakusteko. «Atzerrian asko lantzen ari da formatu hori. Musikariak ez du zertan itxoin urtean behin edo bi urtetik behin disko ofiziala egin arte, bere lana erakusteko. Adibidez, lokalean egindako entsegu bat, ondo atera bada, Interneten erakuts daiteke. Entzuleari prozesu horiek erakusteko aukera polita da». Entzuleek, gainera, «erantzun ona» ematen diete horrelako eskaintzei, Strubellen eskarmentuaren arabera. 150 lagunetik gora dira Aeioummmmm-eko saioak jaitsi dituztenak.
Inprobisaziorako joera «naturala» izan du beti Strubellek, baina landu ere egin du. «Audiolabek musika inprobisatuaren inguruan antolatutako ikastaroetan izan naiz, Ertz jaialdian ere bai, eta urte batzuk daramatzat musika inprobisatuaren ibilbide hori lantzen. Beti egin izan dut lan asko etxean, jotzen eta esperimentatzen. Oso mamitua daukat hori: gitarra hartu eta ez jakin zer jo behar dudan, baina jo eta jariakortasun bat bilatu. Nire tresnarekiko harremana garatu hortik ere, eta ez bakarrik aldez aurretik egindako kantuen bidez. Bakarka lan egiteko oso modu interesgarria iruditzen zait, uneak eskatzen dizuna egiteko aukera ematen dizu. Askatasun handia ematen dizu».
Duela urte batzuk bakarka egin zuen biran kantu eginekin batera gitarraz egindako inprobisazioak ere aurkeztu zituen Strubellek zuzeneko emanaldietan, baina oraingoz ez du erabat inprobisazioan oinarritutako kontzerturik eman. «Ez dut baztertzenaurrera begira halakorik egitea, eta lagunen batek poema batzuekin-edo laguntzera deituko banindu, inprobisazioak eginez, hori bai egin dezakedala. Baina oraingoz inprobisazioan oinarritutako ildo hau Interneten dago nahi duenarentzat».
Bestelako plazarik ere izan dezake ildo horretako musikak. Adibidez, Strubellek jarri dio musika ETBk ekoitzi eta Silvia Mendibilek zuzendutako Otxoan film dokumentalari, eta horretarakobere bigarren ildo horretako musika erabili du, gitarra hutsezko inprobisazioa.
Oteiza klarionarekin bezala
Gitarrarekin etxean grabatutako sei saio inprobisatu sareratu ditu Xabi Strubellek 'Aeioummmmm' lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu