Oteiza

Oteizaren katalogo arrazoitua aurkeztu dute Altzuzan

Txomin Badiola artistak prestatu du Oteizaren obra guztia kontuan hartzen duen bi liburukiko lana. Oteizaren berezitasunetaraegokitutako katalogoa sortu du.

Txomin Badiola artistak prestatu du Oteizaren obra guztia kontuan hartzen duen bi liburukiko lana. MARISOL RAMIREZ / EFE
Inigo Astiz
2016ko otsailaren 15a
14:39
Entzun

“Ohiko katalogo arrazoitu batek ez du balio artistarik ezohikoena azaltzeko”. 2007an hasi zuen Txomin Badiola artistak Jorge Oteizaren katalogo arrazoitua egiteko lana, urteak ziren bukatuta zuela, baina Oteizaren ondarearen inguruko korapilo legalek atzeratu egin dute haren argitalpena. Gaur arte. Gaur aurkeztu du bi liburukiz osatutako Oteizaren katalogo arrazoitua Altzuzako Oteiza museoan (Nafarroa). Badiolak azaldu duenez, Oteizaren lanaren neurrira sortu du katalogoa, eta horregatik txertatu dio ikuspegi artistikoa. Ohiko ikuspegi akademikoaz bakarrik arituz gero, zail baita Oteiza esplikatzea. Eta hori da argitalpenaren azken helburua: Oteiza azaltzea. “Ahalik eta gehien saiatu naiz Oteizaren konplexutasuna errespetatzen”.

Bere testuinguru artistikoan kokatzen du Oteizaren lana katalogoan. Baina kokatzen du Oteizaren lana Oteizaren beraren bizitzan ere. Izan ere, bere garapen prozesu osoa hartzen du kontuan. “Oteizaren baitan Oteiza asko daude”, azaldu du Badiolak. Eta Oteiza guztiak hartzen ditu kontuan katalogoak. Zerrendan izendatu ditu katalogogileak: 30ko hamarkadako Oteiza, Oteiza esperimentala, bere burua artista hiltzat aurkezten zuen Oteiza, Oteiza polemista, 70eko hamarkadan berpiztutako Oteiza, Oteiza arrakastatsua…

Amerikako Oteiza deskubritzen

Eta bada Oteiza berririk ere liburuan. Amerikako Oteiza, esaterako. Han egin zituen 1935etik 1948ra arteko urteak artistak, baina ia ezezaguna izan da han egin zuena orain arte. Katalogo arrazoiturako han sortutako pieza sorta bat deskubritu ditu Badiolak, eta han sortutakoak hobeki kokatzen lagunduko du katalogoak. “Zertan aritzen zen aztertu dut. Orduan eskultura ahal zuenean egiten zuen zerbait zelako, ahal zuenean,ahal zuen materialarekin”.

Bi liburukitan antolatu du katalogoa Badiolak. Lan abstraktuei eskainitakoa da liburu bat, eta lan figuratiboei eskainitakoa bestea. Badiolaren lau testu analitiko daude horietan, eta horrez gainera, piezaz piezako azterketa ere eskaintzen da. Bilduma pribatu eta publikoetan dauden 2.752 obra errejistratzen ditu, guztira, katalogoak. Zehatza eta osoa da, beraz, lana. Erreferentziazkoa izatea nahi zuten Oteiza Fundaziokoek, baina baita artistaren lanean interesatutako ororentzat irakurgarri ere. Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez kaleratu dute.

Lankidetza garaia

Oteizaren autoa izandakoa museo atarian jarri dute okasiorako, eta haren bufanda gorria ere bildu dute aurkezpenerako. Keinu bat izan da, egunaren garrantzia nabarmentzeko. Gregorio Diaz Ereñu Oteiza Museoko zuzendariak azaldu duenez “zehaztasuna eta kalitatea” izan dira katalogoaren bi ardatz nagusiak, baina aipatu du beste bat ere. “Kariñoa”. Azaldu duenez Badiolaz gain, museoko lan talde osoak “kariñoz” egin baitu lan katalogoan.

Argazki zabalagoan kokatu du Ana Herrera Nafarroako Kultura, Kirol eta Gaztedi kontseilariak katalogoaren argitalpena. Aipatu gabe egin dio aipamena orain arte haren publikazioa oztopatu duen korapilo legalari. Liburuaren garrantzia nabarmentzeaz gain, liburua argitaratzeko aukera eman duen lankidetza ere azpimarratu du horregatik. Katalogoarenak “elkarlanean egindako lanaren garai bat” erakusten duela esan du. Denis Itxaso Gipuzkoako , Turismo eta Kirol zuzendaria ere izan da aurkezpenean, eta publiko artean izan dira artista eta Oteiza Fundaizoko kide batzuk, eta Pilar Oteiza artistaren oinordekoa ere. Besteak veste bertan izan dira, Pello Irazu, Ana Maria Marin, Rafael Moneo eta Xabier Morras.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.