Literatura. Haur eta gazte literatura. 'NEU NAIZ AZKARRENA'

Otso babo hori!

2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Idazlea eta ilustratzailea: Mario Ramos.

Itzultzailea: Aztiri.

Argitaletxea: Ttarttalo.

Txanogorritxoren ipuinarekin egin diren bertsioak zenbatezinak dira, agidanez ipuin klasikoetan klasikoena da berau.

Gaurkoa beste bat da haien artean, ez hoberena, agian, baina egikera onekoa bai, jarraian ikusiko dugun bezala.

Eta has gaitezen Mario Ramosen beraren hitzekin: «Txanogorritxoren ipuinaren bertsioa da. Ez da parodia bat. Maite dut istorio hau; mugagabeko aberastasuna dauka. (...) otsoa barregarri uztea da istorioaren abiapuntua. Oso dibertigarria da barre egitea Otso Handi Gaiztoaren lepotik».

Ramosek bere blogean idatzitako pasarte horrek nahiko ongi laburtzen du, nire ustez, ikusmirara ekarri dugun obra hau.

Kontaketaren egitura sinplea da, eta hein batean soilik oinarritzen da tradiziozko bertsioan. Ipuina eraikitzeko hiru iturri erabiltzen ditu: (1) Txanogorritxoren ipuineko haria eta pertsonaiak; (2) ipuin klasikoetako pertsonaiak, besteak beste, hiru txerrikumeak, zazpi ipotxak eta loti ederra; (3) ipuin klasikoak aldatzeko teknika bat: gertaera berri bat erantsi ipuinari, ondorio narratibo guztiekin. Kontaketa eraikitzeko, era berean, irakurleok ipuin klasikoetako pertsonaiak ezagutzen ditugula jakintzat ematen da, eta, logikoa den eran, ez ditu pertsonaiak aurkezten, ekintzetara pasatzen da lehen unetik. Kontakizunaren zati «berrian» egitura ziklikoa proposatzen da, behin eta berriz errepikatzen den gag umoretsu batekin.

Istorioa hasten da otsoak Txanogorritxo basoan topatu, eta amonaren etxeko bidean aurre hartzen dionean. Otsoak, nola ez, biak jateko asmoa du: lehenik, zaharra, eta ondoren, gaztea. Baina amonaren etxean ez dago inor. Harriturik amonaren ohe atorra janzten du, eta bere hanka arrastoak atariko bidetik ezabatzea bururatzen zaio; baina kanpora irtetean, etxeko atea, danba, itxi egiten zaio. Orduan hasten dira otsoaren buruhausteak. Basoan topatzen dituen guztiek amonatxo bat dela uste dute, eta otsoa sutan jartzen da; ohe atorra kentzen ahalegintzen da, baina laguntzarik gabe ezin... Txanogorritxo agertzen den arte.

Testua laburra da, eta irudiak informazio askoren jabe dira, baina askatasun asko erakusten dute kontatzeko eran. Batean, testuak ematen du kontaketaren giltzarri bat; bestean, irudiak.

Irudiak urmargoz eta errotuladorez eginda daudela dirudi, kolore askokoak, eta marra beltz ez oso meheaz inguratuta, soilik fokuan dauden irudiek erakusten dituzte ñabardurak, eta gainerakoak argi-ilunen bidez koloreztatuta daude, bolumena hartzeko. Oro har, irudi sinpleak dira, Ramosek dioenez, «sinpletasuna bilatu ohi dut (lan asko ematen duena)», baina, halere, adierazkortasun maila handia hartzen badakitenak.

Ez da lehen aldia otsoarekin eta ipuin klasikoekin album bat osatzen, Ramosen otsoak beste bi ipuin ditu euskaraz, antzeko egitura eta gaiekin: Neu naiz indartsuena (2006) eta Neu naiz ederrena (2008).

Hiruretan ere, idazlea saiatzen da haren ustez oinarrizkoak diren portaera eta sentimenduak plazaratzen, itxurazko sinpletasun batean. Album honi dagokionez, norbere buruaren irudia hartzen du ardatz.

Bospasei urtetik aurrera, bitartekari batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.