Heldu dira Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioko Sail Ofiziala osatuko duten pelikula multzoaren lehen fotogramak. Lehian izango diren sei zuzendariren izenak aurreratu dituzte antolatzaileek, eta egile ezagunak daude tartean. Iragarri dutenez, Sharunas Bartas, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg zinemagileen lan berrienak ikusi ahalko dira atal horretan, eta, haiekin batera, beren lehen lanak erakutsiko dituzte Dea Kulumbegashvili eta Takuma Sato errealizadore berriek ere. Irailaren 18an hasiko da jaialdia, eta Woody Allenek Donostian bertan filmatutako Rifkin’s Festival komedia erromantikoak emango dio hasiera programazioari.
François Ozon - Été 85 / Summer of 85
Ezagun du Zinemaldiaren aparra François Ozonek (Paris, 1967). Urrezko Maskorra eta Gidoirik Onenaren saria Epaimahaiaren saria irabazi zituen 2012an Dans la maison filmagatik, eta, besteak beste, Sous le sable (2000), Le refuge (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2009) eta Une nouvelle amie (2014) filmekin lehiatu da aurrez ere Donostian. Été 85 / Summer of 85 lanarekin egongo da orain berriz ere Sail Ofizialean. Nerabeen arteko maitasun kontuak dira pelikularen ardatza. Itsasontziarekin izandako istripu baten ondoren, itotzeko zorian dabil Alexis gaztea, baina, David izeneko mutilak salbatuko du. Hala hasiko da 1985eko udan kokatutako maitasun istorioa.
Naomi Kawase - Asa Ga Kuru / True Mothers
Naomi Kawasek ere (Nara, Japonia, 1969) maiz parte hartu du Donostia Zinemaldian, eta, aurten, Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian izango da berriz ere, Asa Ga Kuru / True Mothers filmarekin; ume bat adoptatzea erabaki duen ama baten eta ume horren ama biologikoaren artekoak dira pelikularen funtsa, eta familiaren esplorazio bat da lana, jaialdiko arduradunek azaldu dutenez. Aurrez, haren Genpin (Fipresci Saria, 2010) eta Vision (2018) filmak lehiatu izan dira Donostian, eta bestela ere ikusi ahal izan dira haren lanak: Perlak sailean, 2010ean ez-fikziozko zinemagintzari eskainitako atzera begirakoan, eta 2015ean Japoniako zinema independenteari eskainitakoan .
Sharunas Bartas - In the Dusk
Sharunas Bartasen kasuan (Siauliai, Lituania, 1964), In the Dusk filmaren erabateko estreinaldia eskainiko du jaialdiak. Aurrez ere egona da Cannesen, Berlinen, Venezian eta Locarnon, eta egile ezaguna da, beraz, lituaniarra zinema jaialdien zirkuituan. Donostian ere ikusi ahal izan da haren lana, 2014an Europa ekialdeko zinemagintzari eskainitako atzera begirakoaren barruan. Besteak beste, Frost eta Eurazijos aborigenas / Eastern Drift (2010) filmak zuzendu ditu, eta II. Mundu Gerraren ondorengo sobietarren okupazioa hartu du oraingoan gaitzat In the Dusk lanean, erresistentziako talde baten borrokari buruzko drama bat osatzeko.
Thomas Vinterberg - Druk / Another Round
Antolatzaileen hitzetan, Danimarkakoa azken hamarkadetako zinemagilerik esanguratsuenetako bat da Thomas Vinterberg (Kopenhage, 1969), eta haren Druk / Another Round filma proiektatuko du jaialdiak. Esperimentu bitxi batean murgildutako hainbat irakasleren bizitza kontatzen du lanak: uste dute euren burua zabaldu eta sormena areagotuko dutela lanaldian intoxikazio etiliko maila bera mantentzea lortzen badute .
Dea Kulumbegashvili - Dasatskisi / Beginning
Orain arte film laburrak egin ditu, nagusiki, Dea Kulumbegashvili (1986) georgiarrak, eta, besteak beste, Cannesko zinema jaialdian estreinatu ditu haietako batzuk. Dasatskisi / Beginning film du fikziozko lehen lan luzea, eta Donostian proiektatuko dute lehenengoz. Jehovaren lekuko batek eta haren familiak bizi duten jazarpena kontatzen du filmak. Georgiako herrixka txiki batean bizi den komunitateari eraso egingo dio talde estremista batek, eta bere ordura arteko mundua nola suntsitzen den ikusiko du Yanna komunitateko buruaren emazteak.
Takuma Sato - Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around?
Takuma Sato da (Akita, Japonia, 1989) Donostiako Sail Ofizialean izango den beste zinemagile berria. Don't Say That Word! filma izan zuen lehen lana, eta, 2014an, hainbat sari jaso zituen hari esker Tokioko Pia zinema jaialdian eta Busango nazioarteko jaialdian. Bigarren film luzea du orain Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around?, eta hura aurkezten izango da Donostian. Telebistak gizon bat biluzik zebilela korrika egiten grabatu ostean haren bizitzak izandako aldaketak kontatzen ditu pelikulak. Zehazki, Namahage egunean harrapatu zuten Tasuku, mozkortuta. Egun horretan, ogroz mozorrotuta ibiltzen dira gizonak etxez etxe, haurrak ikaratu eta urte osoan txintxo portatu daitezen agintzeko. Telebistak hartutako irudiek ihes egitera behartuko dute Tasuku, ordea, herria eta tradizioa lotsagarri uzteagatik. Bi urte geroago, herrira itzuliko da emazte ohiarekin eta alabarekin gauzak konpontzen saiatzeko, baina egoera oso gogorra aurkituko du.
Koronabirusaren arrastoak
Koronabirusak nabarmen eragin du aurten kulturgintzan, eta Donostiako jaialdiak ere igarriko du haren eragina. Zinemaldian izango diren sei lanen artean, adibidez, badaude Cannes zinema jaialdian estreinatzekoak ziren hainbat lan. Pandemiaren ondorioz, jaialdia bertan behera utzi zuten antolatzaileek. Hori da, adibidez, In the Dusk; Asa Ga Kuru / True Mothers; Dasatskisi / Beginning; Été 85 / Summer of 85 eta Druk / Another Round filmen kasua.
Datozen asteetan jakinaraziko dituzte Sail Ofizialean parte hartuko duten beste filmak ere.