Oztopoak oztopo, kurduen errealitatea erakustea xede

Gordin nahiz poetikoki, bere herriaren arazoak maiz erretratatu izan ditu bere filmetan. Erbestean segitzen du lanean, begirada kritikoari eutsiz

Dortokek ere hegan egiten dute (2004) filmaren fotograma bat. BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Behingoagatik, epaimahaia, publikoa eta kritika bat etorri ziren 2004ko Donostiako Zinemaldian. 52. jaialdiaren azkeneko egunean erakutsi zuen Bahman Ghobadik Dortokek ere hegan egiten dute filma, eta azken orduan sartu zen Sail Ofizialeko faboritoen zerrendara. Urrezko Maskorra jasotzean, txalo zaparrada luzea ere bereganatu zuen zuzendariak, festibalaren itxiera ekitaldian; hunkituta, «Kurdistan osoari» eskaini zion garaikurra, baita pelikulan agertzen ziren guztiei ere.

Hain zuzen ere, Iraken menpeko herrixka kurdu batean filmatu zuen lana Ghobadik, Iranen eta Turkiaren arteko mugan, Irakeko gerraren ostean. Herritarren eguneroko gogorra erakutsi zuen filmean, fokua haurrengan jarrita eta irudi errealak fikziora eramanez. Tragedia bat kontatzen badu ere, arazoa «gizatasunez, poesiaz eta umorez» jorratu izana goraipatu zion Zinemaldiko epaimahaiak. Eta bere zinemaren ardatza izan duen jarrera kritikoaren bidetik eta bere estiloari leial izanda jarraitu du lanean ordutik aurrera ere.

Film laburrak eginez hasi zuen bere ibilbidea zuzendari, gidoigile eta aktoreak, 1990eko urteetan. Bizitza behe lainoan (1999) izan zen sona ekarri zion lehena, baita Clermont-Ferrandeko Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Berezia ere.

Haren ondotik ondu zuen bere lehen lan luzea, zeina Iranen kurdueraz ondutako aurrenekoa ere izan zen: Zaldi mozkorren garaia (2000). Gurasoak galdu ostean bizirik irauten saiatzen diren anai-arreba batzuen istorioak Cannesko zinema jaialdiko Urrezko Kamera eta nazioarteko ospea ekarri zizkion. Urte berean, Mij Film izeneko ekoiztetxea sortu zuen, zinema kurdua sustatzeko asmoz.

Iraken abandonatua (2002) lanarekin berriro itzuli zen Cannesko festibalera, Un Certain Regard sailean parte hartzera. Musikari familia kurdu bat zuen lanak protagonista. Eta handik bi urtera estreinatu zuen bere hirugarren lan luzea, Donostia Zinemaldiko sari nagusia lortu zuena: Dortokek ere hegan egiten dute. Ez zuen azken aldia izan Donostian, ez eta saria eskuratu zuena ere, 2006an Ilargi erdia filmari esker ere irabazi baitzuen Urrezko Maskorra —ordukoan, Martial Fourgeronen Mon fils à moi (Seme neure-neurea) filmarekin ex aequo—. Iranen bizi diren artistek, emakumeek bereziki, beren lana egiteko eta zabaltzeko dituzten zailtasun eta debekuen berri eman zuen.

Erbesterako bidea

Ezaguna zuen errealitate hori zinemagileak; ordura arte, bere filmak sortzeko traba ugari gainditu behar izan zituen. Eta egoera ez zen ezberdina izan 2009an Teherango indie musika klandestinoari buruzko Inork ez ditu katu persiarrak ezagutzen ondu zuenean ere —Zinemaldian erakutsi zuten hori ere, Zabaltegi sailean—. Haren ondotik, eta, agintarien jazarpena zela eta, erbestera jo zuen.

Bere estiloa eta begirada kritikoa galdu gabe segitu du lanean ordutik. 2012an, adibidez, 30 urtez kartzelan izaniko poeta kurdu baten istorioa kontatu zuen Errinozero garaia-n. Sorterrian bere lanak ikusi ahal izatea zaila bada ere, nazioarteko jaialdietan parte hartzen jarraitu du. Lau paretak (2021) du lanik berriena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.