Ozzy Osbourne musikaria zendu da, 76 zituela. Haren senideek jakinarazi dute berria, eta ohar batean azaldu dute «maitasunez inguratuta» egon dela azkenera arte. Nahiz eta ez duten zehazki adierazi zergatik hil den Osbourne, azken urteetan hainbat osasun arazo izan zituen. Black Sabbath taldeko abeslaria izan zen. Hain zuzen, uztailaren 5ean taldeko kideak elkartu zituen elkarrekin azken kontzertua emateko. «Sei urte daramatzat ohean, eta ez dakizue nola sentitzen naizen orain», esan zien musikariak bertaratutakoei.
Ingalaterrako Birmingham hirian jaio zen, 1948an, eta gurasoak industriako langileak zituen. 14 urterekin erabaki zuen musikari izan nahi zuela, The Beatles taldearen zale sutsua baitzen. 15 urterekin eskola utzi, eta Geezer Butlerrekin batera talde bat sortzea erabaki zuen. Industriarekin izandako harremanak zuzenean eragin zuen Black Sabbath taldearen doinuetan —1968an sortu zuten—: «Garai hartan, azaldu nahi genuen zer ikuspegi genuen gure ingurukoari buruz», adierazi zuen Butler baxu jotzaileak 2017an. Halaber, aipatu zuen ez zituztela abesti alaiak jo nahi, kutsu «industrialagoa» eman nahi zietela kantuei. Heavy metala eta hard rocka uztartzen zituzten. Osbournek eta Butlerrek ez ezik, Tommy Iommik (gitarra) eta Bill Wardek (bateria) ere osatzen zuten taldea.
Lehenengo diskoa bi urteren buruan kaleratu zuten —taldearen izen bera zuen—, eta, nahiz eta kritikariek ez iruzkin onak egin, taldeak lanean jarraitu zuen. Nolanahi ere, lehen disko hartan taldearen nortasun zeinuak definituta zeuden. Soinu pisutsua, gitarra riff ilunak eta beldurrezko filmetako iruditeria. Heavy metalaren hastapanenak ziren. Paranoid (1970) mugarria izan zen haien ibilbidean; Erresuma Batuan gehien entzundako diskoen zerrendan sartzea lortu zuten. Handik urtebetera plazaratutako Master of Reality-k ere sona handia lortu zuen. Osbournek zortzi disko grabatu zituen jatorrizko taldearekin -lehenengo bostak rock gogorraren gailurrak dira, eta eragin handia izan dute hala 1980ko heavy metalean nola aurreragoko stoner eta grunge mugimenduetan-, baina, 1979an, alkoholarekin zuen menpekotasuna zela medio, gainerako kideek kaleratu egin zuten. Ronnie James Diok hartu zuen haren lekua —Rainbow taldeko abeslari ohia zen—.
Taldeak 80ko eta 90eko hamarkadetan hainbat aldaketa izan zituen musikari eta abeslarien artean, baina, 1997an, talde osoa elkartu, eta zuzeneko album bat kaleratu zuten: Reunion. Osbourne bakarka hasi zen Black Sabbath utzitakoan, eta Blizzard of Ozz taldeko kide ere izan zen. 1980ko hamarkadan, heavy metalaren garai loriatsuenean, gailurrean izan zen Osbourne.
Adikzioak eta gaixotasunak
Heavy metaleko izen garrantzitsuenetako bat izan zen Osbourne, eta, horrez gain, Black Sabbathekin eman zituen zuzenekoetako asko musikazaleen memorian iltzatuta geratuko dira. Kontzertuetako batean saguzar bati burua kendu zion haginkada batez; atrezzokoa zela uste zuen. Indarkeria matxistako kasu larri batengatik ere salatu zuten: 1989an, bere emazte Sharon Osbourne hiltzen saiatzeagatik atxilotu zuten. Sharon Osbournek akusazioa erretiratuta amaitu zen auzi hura. Drogekin eta alkoholarekin hainbat tirabira izan zituen. Aurten, berriz, beste berrehun artistarekin batera agiri bat sinatu zuen Erresuma Batuko BBC irrati-telebista publikoaren kontra, Israelen kontra lerratzen dela leporatuta.
Bere irudia asko zaindu zuen Osbournek, eta horrek telebistara ere eraman zuen. Hain zuzen ere, 2000ko hamarkadan bere familia protagonista zuen reality show oso arrakastatsu batean ere parte hartu zuen: The Osbournes.
2022an ebakuntza bat egin behar izan zioten bizkarrezurrean, eroriko batengatik. 2020an jakinarazi zuen parkinsona zuela, eta gaixotasun horrek lehen lerrotik aldendu du azken urteetan. Orain hiru aste egin zuen azken agerpena, berak hala nahita, Black Sabbatheko kideek eta bere jarratzaile izandako musikari ugarik inguratuta,