Pablo Larrainen Spencer filmak Veneziako Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen irailaren hasieran, eta Donostiako Zinemaldiak gaur adierazi du hura izango dela aurtengo film sorpresa. Larrainek Diana Spencer Lady Di Galesko printzesari buruzko film bat egin du. Haren bizitzako hiru egun kontatuko ditu, 1990eko hamarkadaren hasierakoak, Spencerrek Windsor etxean igaro zuen azken oporraldian kokatuta.
Kristen Stewartek jokatuko du Spencerren rola, eta Jack Farthingek egingo du haren senar Charles printzearena. Timothy Spall, Sean Harris eta Sally Hawkins aktoreek ere parte hartu dute filmean. Gidoia Steven Knightena da.
Larunbatean emango dute, 16:00etan, Viktoria Eugenia antzokian. Hasieran salgai jarri zituzten sarrera guztiak salduta daude; egunean bertan jarriko dituzte gehiago, 08:00etatik aurrera.
Azken hamarkadan, Larrainen filmek ibilbide arrakastatsua egin dute mundu osoko zinema jaialdietan. No (2012), El club (2015) eta Ema (2019) lanek sari ugari irabazi dituzte. Spencer ez da zuzendariak pertsonaia ikoniko baten bizitzan oinarrituta egiten duen lehen lana; izan ere, 2016an Neruda eta Jackie egin zituen. Pablo Neruda idazle txiletarrak bere herrialdetik ihes egin zueneko pasartea kontatu zuen lehenengoan. Bestean, Jacqueline Bouvierren dolua erakutsi zuen haren senar John F. Kennedy AEBetako presidentearen hilketaren ondorengo egunetan.
Larrainen lan asko erakutsi izan dituzte Donostiako Zinemaldian. Tony Manero (2008), Post mortem (2010) eta El club Horizontes Latinos sailean, eta No, Neruda eta Ema Perlak sailean.
Donostiako Zinemaldiak orain dela bi urte berreskuratu zuen emanaldi sorpresa bat programatzeko ohitura. 2019an Todd Phillipsen Joker filma eman zuten, eta iaz, Abel Ferrararen Sportin' Life.