Pablo Nerudaren gorpuzkiak ikerketarako prest daude, hilobitik at

Hiru bat hilabete iraungo dute pozoituta edo minbiziagatik hil zen jakiteko hasi dituzten ikerketek

Juan Luis Zabala
2013ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Pablo Neruda idazlearen gorpuzkiak ordubete eskasean atera zituzten atzo goizaldean haren hilobitik, Txileko Isla Negra herrian, Santiago hiriburutik ehun kilometrora, espero baino erraztasun handiagoz, eguraldia horretarako lagungarri izan zutelarik. Elkarren ondoan lurperatuta zeuden Pablo Nerudaren gorpuzkiak eta haren emazte Matilde Urrutiarenak, baina kutxa banatan gordeta egotea ere mesedegarri gertatu zen.

Hilkutxa ireki eta X izpien bidezko lehen azterketa egin ondoren, Nerudaren gorpuzkiak Txileko SML Zerbitzu Mediku Legalaren Santiagoko egoitzara eraman zituzten, 1971ko Literaturako Nobel saria irabazi zuen poeta minbizi baten ondorioz edo norbaitek pozoituta hil zen ikertzeko. SMLren Santiagoko egoitzako buru Patricio Bustosek ez du zehaztu noiz amaituko diren ikerketak, baina SMLko iturri batzuek adierazi dute hiru bat hilabete beharko direla. Litekeena da bitarte horretan gorpuzkiak atzerrira eramatea. Suitza, Kanada eta Suediatik horretarako eskaintzak jaso dituztela esan du Bustosek. Ikerketarako oztopo nagusia Neruda erietxean egon zen garaiko biopsia eta fitxa klinikorik ez izatea izango da.

Augusto Pinochetek Salvador Allende lehendakariak gidatutako gobernuaren aurka emandako estatu kolpea eman eta hamabi egunera hil zen Pablo Neruda, 1973ko irailaren 23an, Santiagoko Santa Maria erietxean, prostatako minbiziaren ondorioz agiri ofizialen arabera. Baina haren txofer eta laguntzaile ohiManuel Araya Osoriok azaldu zuen, 2011n egindako adierazpenetan, erietxean zegoela txerto hilgarri bat sartu ziotela urdailean Nerudari. Txileko PC alderdi komunistak Nerudaren heriotza argitzeko salaketa ezarri zuen berehala, eta Txileko Justiziak onartu. Mario Carroza epaileak jarri zuen abian auzia, 2011ko ekainean, eta hark eman du gorpuzkiak hilobitik ateratzeko eta ikertzeko agindua.

Carrozak zuzenduta, hamabi adituk osatutako ikerketa taldeak Nerudak benetan minbizia ote zuen ebatzi beharko du lehenik, baina minbizia izan zuela baieztatuz gero ere benetan minbizi haren ondorioz hil zen ikertu beharko du. «Horretarako egingo dute lan toxikologoek, genetistek, biokimikariek eta medikuek», azaldu du epaileak.

Nerudaren gorpuzkiak ikertzen ari den taldeko adituen artean, Francisco Etxeberria Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakaria dago. Salvador Allende Txileko lehendakari zenaren gorpuzkien azterketan ere parte hartu zuenEtxeberriak, orduan ere Mario Carroza epaileak zuzendutako talde baten barruan. Allendek bere burua hil zuela ebatzi zuen epaileak.

Iloba bat, aurka; beste bat, alde

Nerudaren iloba Bernardo Reyesek, aldiz, gorpuzkiak ikertzeko agindua gaitzetsi du. Reyesek adierazi du gisa horretako txerto hilgarriak 1976tik aurrera jarri zituela Txileko Armadak, Andrea egitasmoaren barruan. Nerudaren iloba izateaz gain, haren biografoa ere bada Reyes. Pablo Neruda fundazioak ere ukatu egiten du Nerudaren txofer ohiaren bertsioa, eta Neruda minbiziak hil zuela dio. Roberto Reyesen anaia bat, ordea, Rodolfo Reyes, Isla Negran izan zen atzo, ikerketa lanei babesa eskaintzen. Hark baieztatu zion Carroza epaileari hilkutxako inskripzioa bere osabaren hilkutxan ezarri zuten berbera dela.

PCko kide eta Salvador Allende Txileko lehendakariaren adiskide izan zen Pablo Neruda. Haren txoferraizandakoak adierazi zuenez, Pinocheten estatu kolpearen ondoren Nerudak Mexikora joateko asmoa zuen, Matilde Urrutia emaztearekin batera, «tiranoa agintetik egozteko»lan egitera, atzerrian behar zuen laguntza bilduta, horretarako idazle eta Nobel saridun gisa zuen ospea baliatuz. «Erietxean zegoela baliatu zuten urdailean txerto hilgarria sartzeko», Araya Osorioren arabera. Hura ere Isla Negran izan zen atzo, ikerketa lanei babesa ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.