Pablo Nerudaren senideek frogatutzat jo dute idazlea pozoitu eta hil egin zutela

Nazioarteko peritu talde batek egin du poetaren heriotzaren inguruko txostena. Paco Etxeberriaren ustez, baina, ezin da halakorik baieztatu

Pablo Neruda, 1971n, Parisen. BERRIA.
Edu Lartzanguren - Mikel Lizarralde
2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Pablo Neruda poeta pozoituta hil zuten. Hala adierazi du haren familiak. 2017an, haren gorpuzkiak aztertu zituztenean, botulismoa eragiten duen bakterioa aurkitu zuten haren hezurretan. Auzibide bat abiatu zuten kasuaren inguruan, eta nazioarteko aditu talde bat lanean aritu da geroztik; atzo aurkeztu zizkion ondorioak epaileari. Olerkariaren familiak herenegun aurreratu zuen bezala, ikertzaileen txostenak baieztatu egin du pozoiaren hipotesia.

Clostridium botulinum bakterioa topatu zuten 2017an idazlearen hagin batean, baina zalantza zegoen; izan ere, mikrobio hori lurrean egoten da, eta izan zitekeen Nerudaren gorpuzkiak hobian kutsatu izana. Orain ondorioztatu dutenez, bakterioa poetaren gorputzean zegoen hil aurretik. Hala frogatu dute Kanadako MacMasterreko eta Kopenhageko unibertsitateetako laborategiek.

«Zer esan nahi du horrek? Neruda hil egin zutela; estatuaren agenteek esku hartu zutela 1973. urtean», adierazi du haren iloba Rodolfo Reyesek. Izan ere, Augusto Pinochet jeneralak Salvador Allende presidentearen aurka estatu kolpea eman eta hamabi egunera hil zen poeta. Ofizialki, prostatako minbiziak hil zuela jakinarazi zuten orduan.

Kolpea gertatu eta berehala, Luis Echevarria Alvarez Mexikoko orduko presidenteak bere herrialdean babesteko gonbidapena egin zion Nerudari. Poetak onartu egin zuen, eta, Txile utzi aurretik, Santiagoko Santa Maria klinikara eraman zuten, etxean baino seguruago egongo zelakoan. «Minbizia zeukan Nerudak, baina ez zegoen hilzorian», esan du haren ilobak.

Irailaren 23an, Mexikora joan baino egun bat lehenago, poetak txoferrari dei egin zion, larriturik. «Santiagora berehala itzultzeko eskatu zigun, oso gaizki zegoelako. Esan zuenez, erdi lokarturik zegoela, mediku bat gelara sartu zitzaion, eta injekzio bat jarri zion». Klinikan «gorrituta eta puztuta» topatu zuten. Gau hartan bertan hil zen, 69 urterekin.

«Ezinezkoa da frogatzea»

Paco Etxeberria auzi medikuak Nerudaren gorpuzkiak ikertu zituen taldean parte hartu zuen 2013an, eta, bai orduan eta baita 2017an ere, agertu zuen ez zegoela idazlea pozoitu zutela edota hiltzeko bakterio bat injektatu ziotela adierazten zuen inolako frogarik. Atzo ere bere iritziari eutsi zion, eta BERRIAri azaldu zion auzi medikuntzaren ikuspegitik ezinezkoa dela Neruda nahita hil zutela frogatzea. «Ikusi da ez dagoela pozoirik. Esan dute clostridium botulinum germena hil aurretik zegoela haren gorputzean. Hori egiaztatzea ezinezkoa da; izan ere, oso normala da germen hori, beste asko bezala, lurrean izatea».

Clostridium botulinum germena sabelean injektatu izan baliote ere, Nerudak hiltzeko egun batzuk beharko zituela uste du Etxeberriak, «bi gutxienez». Eta hori ez dator bat idazleak Augusto Pinocheten estatu kolpearen ondorengo egunetan bizi izandakoen kronologiarekin. «Isla Negran zegoela, Nerudak hilabeteak zeramatzan ohetik jaiki gabe, minbiziaren metastasia zuelako bizkarrezurrean. Erizain bat zuen ondoan arratsaldero. Orduan izan zen estatu kolpea [1973ko irailaren 11n], eta jakin zen [Salvador] Allendek bere buruaz beste egin zuela». Bere osasun egoerak txarrera egin zuela eta, Santiagoko klinika batera eraman zuten anbulantzian, gero Mexikora alde egiteko asmoarekin. «Orduan, haren gidaria eta emaztea Isla Negrara itzuli ziren paper batzuen bila. Han zirela, deitu zien esateko ziztada bat sartu ziotela sabelean, eta minez zegoela. Gau hartan hil zen».

Etxeberriak azaldu duenez, sinesgaitza da clostridium botulinum germenaren toxina injektatu izana ere. «2017an ikertu genuen 1973an zein herrialdek zituzten arsenal toxikologikoak. Brasil zen horietako bat. Baina Brasilera joango ziren halako injekzio baten bila?». Egun haietan Nerudaren egoera zein zen ikusita —aldartez eta osasunez—, Etxeberriak uste du litekeena dela arreta falta bera izatea heriotzaren arrazoia. «Bakarrik egon zen, abandonatua, medikuen zaintza egokirik gabe. Ez zuten behar bezala artatu».

Etxeberriaren iritziz, Neruda Pinocheten biktima gisa gogoratzeko nahia du idazlearen ilobak, baina txostenaren aurkezpena hainbat alditan atzeratu izanak erakusten du txostenaren egileak ez datozela bat ondorioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.