Haitzulo txikia da Astuigaña, eta, zaldiarekin eta ahuntzarekin batera, horko eremu estu eta deseroso batean beste lerro batzuk ere identifikatu dituzte EHUko Historiaurrearen Ikerketarako Taldearen (IT-622-13) lankidetzarekin eginiko aurretiko ebaluazioan, etorkizuneko lanek balioztatuko dituztenak.
Irudi grabatuak dira, horman zuzenean harri batez grabatuak. Kanpoko lerroa irudikatzen dute, eta haien ezaugarri formal eta estilistikoak Paleolito aurreratuan data daitezke, orain dela 13.000-12.000 urte, gutxi gorabehera.
Astuigañako arte paleolitikoa Madeleine aldian eginikoa da. Garai hori oso emankorra izan zen arte sorkuntzan, eta orduko irudiek errealitatea modu naturalista batean irudikatzeko ahalmena adierazten dute. Garai hartakoak dira, era berean, Ekain, Altxerri eta Aitzbitarte V-eko irudiak.
Astuigaña Paleolitoko artean ohikoena den ereduaren adierazgarri da. Eredu horretan, estiloagatik une berean egindakotzat har daitezkeen irudi gutxi batzuk ageri dira haitzuloetan, hain zuzen. Santimamiñe eta Ekainen ikusgarritasun eta ezohikotasunaren beste aldean, halako multzo txikiagoak dira ugarienak. "Horiek aztertzea ezinbestekoa gertatzen da multzo handiak ulertu ahal izateko, multzo handiak garaitik garaira gehitutako irudiz osaturik baitaude, zientoka edo milaka urtetan. Irudien denboraz kanpoko balio sinbolikoa ezagutzeko ere baliagarriak dira", adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, ohar baten bitartez.
Euskal Herria pasabide naturala izan zen Goi Paleolitoan bizi izan ziren taldeentzat (orain dela 43.000 eta 12.000 urte bitartean). Pasabide horretan, populazio dentsitate handia dokumentatu ahal izan da garai horretan, eta Paleolitoko labar artea duen haitzulo multzo handi bat ere bai.
Deba-Itziar-Zestoa inguruak labar artean duen garrantzia berretsi du aurkikuntzak. Joan den urtean bertan, bi aurkikuntza egin zituzten Zestoan, Danbolinzulo eta Erlaitz kobazuloetan.